Jakin-mina azokarekin asetzen hasiko dira

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko abe. 6a, 19:58

XXIII. Olentzerotan Jakin-Minez prest dute Altzon, eta lehen ekitaldia igandean izango da. VI. Azoka 10:00etatik 14:00etara egingo dute, 35 posturekin.

Altzoko Azoka Eguna izango da igandean, hilaren 8an, eta laugarren urtez jarraian antolatu duten azokarekin emango diete hasiera XXIII. Olentzerotan Jakin-Minezeko ekitaldiei.

Postuz bete-betea izango da azoka. Herrikoek sei bat postu jarriko dituzte, eta gainerakoak kanpotik etorritakoak izango dira. Arrakasta duen azoka da, eta postu batzuei uko egin behar izan diete. Janarien eta edarien postuak ez dira faltako, eta artisau postu ugari izango. Berrikuntzen artean, patearen eta kontserben postu bana izango dira. Bi upategi ezberdinetako ardoak ere izango dira. Goiza postuz postu pasa eta gero, goseari aurre egiteko aukera izango da. Taloen postu bat egongo da, eta herriko gazteek ere barra jarriko dute, pintxoekin eta edariekin.

Musika, tailerrak eta solasaldiak

Loatzoko ikasleek jarriko dute musika lehen astean, eta astebete beranduago, Petti bakarlariaren txanda izango da. Sarrerak bost euroko kostua du eta udaletxean eta Ostatuan daude salgai jarrita.

Garbigailu eta ontzi-garbigailuetarako xaboia egiten ere ikasiko dute altzotarrek, eta astelehenean eskainiko du Amaia Garmendiak tailerra. Hurrengo egunean Pape Niang. Hasiera berri bat liburua aurkeztuko dute Pape Niang eta Mikel Garcia kazetariak. Asteazkenak, zergatik bertako elikagaiak? Zergatik garaikoak? galderei erantzun nahiko die. Horretarako bi esperientzia ezagutuko dituzte. Eta Asisko Urmeneta ere hitz eta marrazki ariko da, ostegunean.

Talo jatea, Elordi elkartean

Bukaera gozoa emateko talo jatea egingo dute. Taloa hirugiharra, txorizoa, gazta edota txokolatearekin eskainiko dute, eta horrez gain, gaztaina erreak izango dira. Ume eta gaztetxoek sei euro ordaindu beharko dute, ikasle gazteak 12 eta helduek 18 euro.

EGITARAUA

ABENDUAK 8, IGANDEA

10:00-14:00. IV. Azoka. Bertako produktuak eta gonbidatuek ekarritakoak ikusi eta erosteko aukera.

ABENDUAK 13, OSTIRALA

18:30. Loatzo musika eskolako Altzoko eta inguruetako herrietako musikari gaztetxo eta gazteek eskainitako kantu eta musika emanaldiaz gozatzeko aukera izango da, Batzarremuño kulturgunean.

ABENDUAK 16, ASTELEHENA

19:00. Xaboia egiten ikasteko tailerra, Elordi elkartean. Amaia Garmendiak garbigailurako xaboia egiten erakutsiko du, baita ontzi-garbigailurakoa ere. Ikasle bakoitzak etxetik kristalezko bote txiki bat eraman beharko du etxera eraman ahal izateko xaboia.

ABENDUAK 17, ASTEARTEA

19:00. Pape Niang. Hasiera berri bat liburuaren aurkezpena, Batzarremuño kulturgunean. «Duela hamaika urte Senegaldik atera nintzenean, ez nuen uste beltza izate hutsa kondena izango zenik...». Senegaldik Bilborako bidean, migrazio prozesuan Pape Niang-ek bizitako barne-bidaia ekarri du liburura Mikel Garcia Idiakez Argiako kazetariak. Pape eta Mikelek aurkeztuko dute liburua eta, ondoren, haiekin solasaldia egiteko aukera izango da.

ABENDUAK 18, ASTEAZKENA

19:00. Diametro 200 eta Larrabetzuko eskola: garaiko eta bertako produktuekin hornitutako bi esperientzia. Garaiko eta bertako produktuen aldeko apustua egiten dute eta, egun, arrakasta handiz funtzionatzen ari diren bi proiektu ezagutuko dira. Larrabetzuko eskolako jangela eta Orona kooperatibako jatetxeko esperientziak barru-barrutik ezagutzen dituzten bi hizlari izango dira udaletxean. Aner Gorostiola, Larrabetzuko eskolako kidea, eta Fede Pacha, Oronako jatetxeko arduraduna. Solasaldiaren ondoren gazta ezberdinak ezagutu eta probatzeko aukera izango da.

ABENDUAK 19, OSTEGUNA

19:00. Asisko Urmeneta: Euskalharia. Komikia, ilustrazioa, marrazki bizidunak, prentsako karikatura landu ditu. 2019ko ilustrazio modalitateko Euskadi Literatura Saria eman diote AztiHitza: Xahoren Biografia lanarengandik. Hitz eta marrazki ariko da, Batzarremuñon.

ABENDUAK 20, OSTIRALA

22:00. Petti bakarlari nafarraren kantaldiaz gozatzeko aukera, Batzarremuñon. Sarrera: 5 euro.

ABENDUAK 21, LARUNBATA

16:30. Zirku tailerra. Zirika Zirkus taldeko artistek eskainiko dute tailerra, plazan (eguraldi txarra bada, eskolako jolastokian). Ume guztiek artista bat daramate barruan. Artista hori ateratzen ateratzen lagunduko diete tailer honetan. Ondoren. Aurpegiak margotzera! (Udaletxe azpiko lokalean).

20:00. Talo jatea Elordi elkartean, umeak eta gaztetxoak.

21:00. Talo jatea gazte eta helduentzat, Elordin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!