Hitzez Hitz

Altzo Azpiko bi euskaltzale

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Manuel Odriozola 2019ko aza. 30a, 05:57

Migel Altzo kaputxinoa eta Marian Galarraga. ATARIA

Altzo Azpik, bere txikian, bi euskaltzale handi eman ditu. 

Lehenengoa, gerra aurreko euskalgintzaren aitzindari eskolan elebitasuna sartzeko ahaleginean: Aita Migel Altzo. Bigarrena, frankismoaren hondarrean sortu zen mugimendu euskaltzalearen barruko ekintzaile eredugarria haurrentzat zinema euskalduntzeko borrokan: Marian Galarraga.

Anizeto Olano Galarraga, Migel Altzo kaputxinoa, Altzo Azpiko Olazabal-zaharra baserrian jaio zen 1896an. Edorta Kortadik dioenez, «hizkuntza da, Altzorentzat, herri baten arima, arnasa. Maisu-maistrak, berriz, arima horren arkitekto eta eskultore dira. Anizeto Olanoren iritziz, lehen hezkuntza ama-hizkuntzan eskaini behar da. Etxeko hizkuntza hori ongi sendotutakoan hasi behar da bigarren hizkuntza irakasten, asignatura gisa».

Etxeko hizkuntza euskara zenean, eskolakoak ere hala izan behar zuen. Hizkuntza minorizatuen aldeko pedagogo eta ekintzaileen argudio nagusia izan zen jokabide hori orduan, Estatu arrotzen hizkuntza politika are arrotzagoari aurre egiteko. Orain, berriz, gauzak alderantziz dira gehienbat: etxeko hizkuntza erdara dute haur gehienek, baina, hala ere, ez dago inolako kontraesanik planteamendu pedagogikoan. Orduko etxeko hizkuntza minorizatua (euskara) zen, eta oraingoa hegemonikoa (erdara), eta hizkuntza hegemonikoak ez dauka eskolaren jardun formalaren beharrik bere erabilera normalizatzeko, mintza minorizatuak ez bezala. Eskolarik gabe euskarak ez dauka zer eginik gaur, nahiz eta eskolarekin ere ezin dugun bere (ahozko eta idatzizko) erabilera normalizatu.

Marian Galarraga, Tinko euskara elkarteko lehendakaria da. Bikoizketa lana izan du, beste gauza askoren artean, bere jardun euskaltzalearen ardatza. Gau Eskoletako irakasle lanetan hasi zen euskaldunak beren hizkuntzan analfabetoak zirenean, eta erdaldun batzuk erdaraz ikasteari ekin ziotenean. Iñaxio Agirre du gogoan Galarragak urte haietako euskalgintzaren giroan, bereziki Lizardi elkartearen ingurumarian. Gero, aitzindari izan zen ia inork sinesten ez zuen proiektu batean: filmak euskarara bikoiztu eta ikastetxe eta areto komertzialetan haur euskaldunen gozagarri paratzeko lanean. Haurrentzat erabat naturala zen gauza, helduentzat ez omen zen hala: zinea euskaraz ikustea, alegia. Gure belaunaldiaren euskalduntasun diglosikoaren beste sintoma bat.

Onintza Odriozalak dioenez, «Migel Altzoren ekarpena zerbaitetan azpimarratzekoa bada, hori euskal pedagogiaren barruan egin zuen lana da». Era honetan aletu zuen euskaltzale kaputxinoak eskolan ele bitan jarduteko beharra: «Haur horiei bere jaio-hizkuntzan ez hazitzeak zer atzerapen eta eragozpenak dakarzkien horrela ikasiko dugu apur-apurka. Hori jakinez gero eragozpen horiek kentzen saiatu eta lehiatuko gara. Orduan bai aurrerapenak egingo dituela gure herriak haur eta gazte hazieran. Euskaldunak hori gabe ez dira motelak: baina bide hortatik bere azkartasuna agudo erakutsiko dute». (Bidegileak, 2002).

Oker ez bagaude, ama-hizkuntza (euskara) eskolan sartzearen beharra ez zegoen euskarazko murgiltze-eredua antolatzeko xedez pentsatua, baizik eta hizkuntza hegemonikorako (erdararako) zubi gisa pentsatua bide zegoen. Beraz, haurraren ama-hizkuntzan hasi behar zen eskolan bat-bateko eten gogorrik gerta ez zedin, horrek «atzerapen eta eragozpenak» zekartzalako euskal haur elebakarren kasuan. Euskaraz ikasten hasi ama-hizkuntza garatuz, erdarazko ikaskuntzan bete-betean sartu aurretik.

Marian Galarragaren hitzetan halako sentimendu gazi-gozo bat nabaritzen dugu bere proiektuak eman duen uzta baloratzerakoan. «Gaur egun 85.000 haur joaten dira urtero zinema euskaraz ikustera», baina badirudi horrek ez duela asebete berak hasieran zuen ametsa. Zer lortu da 25 urteko lan handiaren ondoren? «Ezer ez, ikusten duzu; areto komertzialetara joan, eta zenbat pelikula ikusten dituzu euskaraz? Oso gutxi lortu da, dena da sinbolikoa; noizean behin pelikula bat edo bi euskaraz umeentzat, noizean behin hemen egin den euskarazko pelikula bat…». Zerk egin du huts? «Diruak». Daukagun botere autonomikoak ez dauka nonbait dirurik euskarazko zinemagintza sustatzeko. Galdera berez dator: euskaldunon euskalduntasuna noiz normalizatuko da, besteak beste, euskal zinemarik gabe?

Erantzuna aspaldi bota zuen Rikardo Arregik (1966): «Alferrikakoa da euskaldunei eskatzea bere semeei euskaraz erakustea, borondate onez ez da salbatuko euskara, euskara salbatuko da Euskal Herriko zineak, Euskal Herriko legea, Euskal Herriko gizartea [euskaraz] egongo den orduan, gainontzekoak gezurrezkoak dira».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!