Bihar Amelia Tiganus ekintzale feministaren hitzaldia, Altzon

Ataria 2019ko aza. 14a, 10:13

'Neoliberalismoa eta sexu bortizkeria; aurre egiteko estrategia feministak' hitzaldia eskainiko du, 19:00etan, Batzarremuñon.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna, hilak 25, gero eta gertuago dago, eta Altzoko Udaleko berdintasun sailak dagoeneko prest du egitaraua. Hilaren 15ean, Amelia Tiganusek Neoliberalismoa eta sexu bortizkeria; aurre egiteko estrategia feministak hitzaldia emango du. Bihar, 19:00etatik aurrera, Baztarremuñon izango da hitzaldia.

Amelia Tiganusek feminismoaren teoriaz eta marko legalaz hitz egingo du, bere baitan bizi izandako esperientzia latzetan oinarritutako ikuspuntu kritiko batetik. 1984an Rumanian jaiotako ekintzaile feminista da Tiganus. Emakume salerosketako sare batean harrapatua izan ondoren, bost urte luzez sexu esplotazioa jasandakoa Espainiako prostituzio-etxeetan. Egun, formatzailea da sentsibilizazio tailerretan eta prostituzio eta sexu bortizkeria gaietan. Hitzaldi ugari eman ditu, eta egun, EHMA, Euskal Herriko Mugimendu Abolizionista taldeko partaidea da.

Feminismoaren egungo bide-orria sexu bortizkeria izanik, tartean prostituzioa, pornografia eta sabel alokatuak jorratuko ditu. Horrez gain, Espainiari begira, emakumeen salerosketa legalizatzearen aldeko interes geopolitikoaz ariko da, prostituzio sistema osatzen duten eragileak aipatuz. Hezkidetzaren garrantziaz eta baloreez ere hitz egingo du; familietan, ikastetxeetan eta maila sozial, kultural eta politikoan transmititzen diren baloreez, alegia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!