Udal Hauteskundeak 2019. Alkateei elkarrizketak

"Garraio publiko hobea behar dugu"

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko urr. 11a, 08:59

Talde lanean ari dira udaletxean, eta osasuntsu dagoen herrian, auto partikularraren erabilerarekin kezkatuta agertu da alkatea.

Txomin Rezola da Altzoko EH Bilduko alkatea, eta «gustura» ari da «gauza berriak» ikasten.

Nolakoa da Altzoko alkate izatea?

Udalean gauden guztiok gure ogibideak ditugu, eta herritarrek badakite gure egoera nolakoa den. Badakite ez dugula denbora asko, eta lan orduetatik kanpo egoten garela udaletxean eta hori ulertzen dute.

Ardurak banatuta dituzue?

Lanak banatuta ditugu, baina taldeko lana da. Erabakiak denon artean hartzen ditugu. Zazpi gara taldean, eta lau gara berriak. Orain kokatzen ari gara, eta hiruk eskarmentu handia dute eta hori antzematen da. Guretzat abantaila da.

Zer duzue esku artean?

Segoretxe ostatuan bigarren faseko obrekin ari gara, eta 2-3 astean bukatzea aurreikusten dugu. Jangela egin da, eta teilatua berritu dugu bigarren pisua egokituz. Hirugarren fase batean ondo pentsatu beharko da erabilera. Altzo Azpin trafikoaren abiadura mantsotzeko obra txiki bat egingo da, eta aspaldian izan ziren minetan lanak egiten ari gara, bertako lurrak egonkortzeko. Zuloak eta galeriak daude, eta gainazala ere nahiko biguna da. Lehenik lurrak erosi dira eta orain betelanak egin dira. Urak bideratu eta tela bat jarri da, eta lur begetala bota da gainean. Orain belardi bat bihurtu da, larrea, bertako baserritarrentzat. Eta bigarren zati batean ere gauza bera egingo dugu.

Eta hurrengo lau urteei begira, zer?

Altzo Azpirekin jarraituz, Alegia eta Tolosako bidegorriarekin lotu nahiko genuke. Auzoa nahiko ilun ikusten dugu eta pixka bat txukundu egingo dugu: eliza, erretoretxea, parkea... baina hau epe luzera izango da. Txarama eta Lizartza alderako bidean, Amategin, bidegorria egingo da. Proiektua egina daukagu. Eta etxebizitzen proiektuari ere helduko diogu.

Etxebizitzak gazteei begira?

Gazte kopuru nahikoak eman du izena, eta aurrera aterako da proiektua. Sei etxebizitza tasatu izango dira. Laster gazte hauekin bilera egingo dugu.

Aurreko agintaldiaren jarraipena izango da?

Bai, bide hau ez da inoiz bukatzen. Bestetik, natura aldetik, Altzok herri lurrik ia ez du eta asmoa lurrak erostea da; eta bertako landareak berreskuratzea.

Zein da udalaren egoera ekonomikoa?

Ona, nahiko ona. Ez dago zorpetuta.

Herria osasuntsu dago?

Bizi dago. Haur eskola martxan dago eta umeak badaude. Eskolan 42 ume daude. Gazte kopuru handia dago, eta bertan bizitzen geratzeko aukera ere eman behar zaie.

Nolakoak direla esango zenuke altzotarrak?

Jende ona. Oso ona. Parte hartzaileak dira. Elkarte ezberdinak daude, eta ekitaldi pila bat antolatzen dituzte eta herriak erantzuten du. Duela urtebete esaterako herri antzerki ibiltaria egin zen, herritarrek antolatu eta antzeztuta. Jendea pozik ibili zen, eta horrek girotu egiten du herria.

Zerbait eskatuko zenieke herritarrei?

Horrela jarraitzeko, orain arte bezala parte hartzen.

Zerbait falta du Altzok?

Bai, garraio publikoa. Garraio publikoa oso garrantzitsua da, eta ez daukagu. Orain daukaguna ez da ezer. Herritarrak asko ibiltzen gara gora eta behera kotxe partikularrekin. Ezinezkoa da, eta gaur egun, kotxearena arazoa da. Gutxienez, Tolosa eta Alegiarako lotura hobea behar dugu.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!