Ikastaroak martxan jarri ahal izateko izena eman behar da

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko irailaren 11

Ikasturte berria hastear da, eta Altzoko Udalak kultur eta kirol eskaintza ezagutzera eman du.

Ikastaroak aurrera ateratzeko gutxienez zortzi pertsonako taldeak osatu beharko dira, eta izena ematen dutenek urte osorako konpromisoa hartzen dute. Hau da, urte osoko kuota ordaindu beharko dute izena ematerakoan.

Helduen soinketa astelehen eta asteazkenetan 16:30etik 17:30era, eta ostiraletan 10:30etik 11:30era izango da, Batzarremuñoko gelan. Interesatuek udaletxean izena eman eta 72 euroko kuota ordaindu beharko dute. Ikastaroa hilaren 16an hasiko da.

Yoga ikastaroa astelehen eta asteazkenetan 20:15etik 21:45era izango da Batzarremuñoko eraikinean, eta urriaren 2an hasiko dira saioekin.Izena emateko azken eguna hilaren 25a izango da, udaletxean. Ikasturte osoko kuota 170 eurokoa da.

Dantza ikastaroa antolatu dute aurreko ikasturteetan bezala, eta hilaren 20a baino lehen eman beharko dute izena interesatuek. Haur baten urteko kostua 55 eurokoa izango da. Bi haurrena 98 euro ordaindu beharko da, eta hiru haurren kasuan, 130 euro. Kasu honetan ere izena ematean ordaindu beharko da.

Behin-behineko ordutegiak udaletxe azpiko iragarki taulan daudela jakinarazi dute, nahiz eta matrikulazioaren arabera aldaketak egon daitezkeen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!