Bi langile hartuko ditu Altzoko Udalak

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko irailaren 11

Batzarremuño eraikina garbitzeko, eta liburutegian eta haur gelan aritzeko dira bi postuak; izena emateko azken eguna, hilak 25.

Altzoko Udalak bi lan eskaintza egin ditu. Alde batetik, liburutegian eta haur gelan lan egiteko pertsona bat behar du, eta bestetik, Batzarremuño eraikina garbitzeko. Interesatuek bi lanpostuetan eman dezakete izena edota batean bakarrik.

Liburutegian eta haur gelan aritzeko kontratua urriaren 1etik ikasturte amaiera bitartekoa izango da 2020ko ekainak 19. Astelehenetik ostiralera 16:30etik 18:30erako ordutegia izango du.

Izena emateko baldintzen artean, oinarrizko batxilergoa, FPI edota baliokidea izatea eskatzen da. Informatika mailako ezagutza ere izan beharko da, liburutegian lana informatikoki egiten delako; euskara maila altua eduki beharko da, hau da, idazten eta hitz egiten jakin beharko da; eta langabezian egotea, gutxienez %60an. Hautapena egiterako orduan altzotarra izatea 10 punturekin baloratuko da; langabezian, gutxienez %60an egotea bost punturekin; langabeziako prestaziorik ez jasotzea, beste bost puntu, eta EGA edo baliokidea edukitzea, bost puntu.

GARBIKETARAKO

Astelehenetik ostiralera egunean bi orduko lana izango da, eta ekimenak burutzen ari ez direnean garbitu beharko da eraikina. Kontratua urriaren 1ean hasi eta uztailaren 31 aldera bitarte luzatuko da.

Izena emateko bi baldintza zehaztu dituzte: lana euskaraz egitea eta langabezian, gutxienez %60an egotea. Hautapena egiterakoan altzotarra izatea 10 punturekin baloratuko dute. %60ko langabeziarena betetzea bost punturekin, eta langabeziako prestaziorik ez jasotzea, beste bost punturekin.

Bi kasuetan izena emateko azken eguna hilaren 25a, asteazkena, izango da udaletxean, 13:00ak bitarte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!