Estalpe berriarekin, negurako prest dago Altzoko eskola

Ataria 2019ko irailaren 5a

Altzoko eskola txikiak aurrerantzean jolastoki estalia izango du; udako oporretan egin dituzte obrak, eta haurrek ikasturte berria hasterako udalak prest jarri du guztia.

 

Altzoko Udalaren proiektu nagusien artean zegoen eskolako jolastokia estaltzearena. Altzok, herriko pilotalekuaz aparte, orain artean ez du beste toki estalirik izan, eta askotan egindako eskaerari erantzuna eman diote uda honetan.

Aurreko udal gobernuak 2019ko proiektuen artean sartu zuen eskolako jolastokia estaltzearena, eta proiektua egina zuen uda honetan gauzatu ahal izateko.

240.000 euroko aurrekontua izan du proiektuak, eta eskolako irakasle eta ikasleen opor egunak baliatu dituzte lanak egiteko. Ekainaren amaieran hasi ziren, eta aste honetan bertan azken ukituak eman dizkiote amaitzeko. Txomin Rezola alkateak azpimarratu du %100ean diru laguntzen bidez finantzatu dutela obra. Altzoko Udalak Gipuzkoako Foru Aldunditik eta Eusko Jaurlaritzatik lortu ditu diru laguntzak.

Neguan eguraldi txarra egiten duenean, nahiko toki hotz eta haizetsua izan da eskolako jolastokia, eta horri irtenbidea ematera dator estalpea.

Txomin Rezola alkateak adierazi duenez: «Hegoaldetik teila jarri da itzala egin eta tenperatura mantendu ahal izateko, eta iparraldetik, berriz, polikarbonatoa jarri da, argitasuna sartu ahal izateko».

Gainerakoan, egurrezko egitura du estalpeak.

ERABILERA IREKIA

600 metro karratu dituen jolastokia da udalak egokitu duena, eta erabilera ezberdinetarako balioko du. «Futbolean edo saskibaloian ibiltzeko prestatuta dago, esaterako», azaldu du Rezolak, baina «urteko edozein ekitaldi egiteko ere erabilgarria izango da».

Gainerakoan, erabilera irekia izango du eskolaz kanpoko orduetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!