Altzoko jaiak 2019

Auzolanean herriarentzat antolatuak

Irati Urdalleta 2019ko uzt. 24a, 09:00

Altzoko San Inazioekin hasiko da abuztuan eskualdean festaz festa egin daitekeen ibilaldia. Festa batzordetik diotenez, «berrikuntzaren bat sartuz, baina urterokoa mantenduz datoz aurtengoak». Horretarako, lan ugari egin behar izan dute bertako herritarrek. Festa batzorde bat daukate eta otsaila edo martxo aldera hasten dira bilerak egiten. «Auzolanean egiten dugu, bakoitzak ardura batzuk hartuta», azaldu dute.

Uztailaren 27an murgilduko dira festan. «Jende desberdinarentzako gauzak jartzen saiatzen gara: gazteentzat, umeentzat, helduentzat...», diote. Lehen egunean, txupinazoa eta marrazki lehiaketako sari banaketa izango dituzte, baita Artea dantza taldeko haurren emanaldia ere. Gosetzerako, paella jateko moduan izango dira, 12:00etan hasiko baita prestaketa. Arratsaldean, helduak elektrotxufla taldearekin kalejiran dabiltzan bitartean, txikienak entzierroan korrika ariko dira. Ondoren, poteoan jarraituko dute, Eli Pagola eta Mikel Artola bertsolarien laguntzarekin eta norbait egarriak geratzen bada, sagardo dastaketan asetzeko aukera izango du. Festa batzordekoek adierazi dutenez, jende dezente inguratzen da eta giro ona sortzen da. Ondoren, Gabezin taldearekin erromerian dantzan ere ariko da zenbait.

Hurrengo egunean, erretiratuak izango dira goiztiarrenak, hamaiketakoa eginez. Jarraian, ikuskizunik ez da faltako. Aizkoran ariko dira Alkizalete eta Urteaga, Aristegi eta Astondoaren aurka eta harri-jasotzen Mikel Lopetegi Urra. Bazkalondoren, punteriarik onena nork duen ikusiko da plater hausketarekin. 17:00etan emakumezkoen nahiz gizonezkoen arteko pilota partidak jokatuko dituzte, eta bezperan bezala, entzierro txikia egingo dute 19:00etan. Ordu laurden beranduago hasiko da aurtengo berrikuntza nagusia: Xabi Solanoren kontzertua. Afaltzeko zahagi ardoa egongo da eta ondoren ere erromeriarik ez da faltako Fan&GO taldearen kontzertuarekin.

Astea lasai hasiko dute eta ekitaldi bakarra antolatu dute astelehenerako: Artea eta Alurr dantza taldeko ikasleen emanaldia.

Asteartean ekingo diote festen bigarren txanpari. Haurrek esnatuko dute eguna jolasekin eta hamaiketakoarekin. Arratsaldean, berriz, ume nahiz helduentzako aukera egongo da mus txapelketarekin eta antzerkiarekin. 18:00etan, frontoi zaharreko pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte. Aurreko egunetan bezala, entzierro txikia egingo dute eta aldarrikatzeko tartea ere hartuko dute 20:30ean presoen eskubideen aldeko kontzentrazioa eginez. Ondoren, lehengo urtean berreskuratu zuten tradizioari jarraituko diote, herri afarian zikiroa janez eta 00:00etan eresia egingo dute. Ondoren, Sustrajah, Ziztada+Erlantz eta Bassagain taldeen kontzertuak entzuteko aukera egongo da.

Eta festetako azken eguna izango da San Inazio eguna. 09:00etan hasiko da goiz eresiarekin eta ordubete beranduago meza edukiko dute. 11:00etan gurpilen gainean jarri eta aspaldian galduta egon den proba berreskuratuko dute, haurrentzako txirrindulari lasterketa eginez. «Urte asko da egiten ez zela, baina aurten berriro antolatu dugu», diote. Jarraian, toka txapelketa ere egingo da, txakolin probaketarekin batera. Arratsaldean izango da aurtengo azken nobedadea. Hain zuzen ere, Alurr dantza taldeak Irradak ikuskizuna eskainiko du, Batzarremuñoko plazan. «Iaz edo aurten estreinatutako emanaldia da», azaldu dute. Aurreko egunetan bezala, asteazkenean ere entzierro txikia egingo dute 19:00etan.

Jarraian, Drindots taldeak saio bikoitza eskainiko du entzierro txikiaren ondoren eta 00:00etan. Tartean, 22:30ean, bertso jaialdiaz gozatzeko aukera egongo da. Nerea Ibarzabal, Miren Artetxe, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Unai Mendizabal ariko dira kantari.

Kantuan, datzan edo parrandan, ondo ospatuta utziko dituzte altzotarrek San Inazioak.

EGITARAUA

UZTAILAK 27, LARUNBATA

11:30. Txupinazoa eta marrazki lehiaketako sari banaketa.

Ondoren. Artea dantza taldeko haurren emanaldia.

12:30. Paella prestaketa.

Ondoren. Bazkaria.

Arratsaldean. Elektro txufla taldearekin kalejira.

19:00. Entzierro txikia, eskolatik abiatuta.

Ondoren. Bertso triki poteoa, Eli Pagola eta Mikel Artola bertsolariekin.

21:00. Sagardo dastaketa.

Ondoren. Gabezin taldearekin erromeria.

UZTAILAK 28, IGANDEA

11:00. Erretiratuen hamaiketakoa.

12:30. Herri kirolak. Aizkolariak: Alkizalete-Urteaga/Aristegi-Astondoa. Harri-jasotzailea: Mikel Lopetegi Urra.

15:30. Plater hausketa.

17:00. Pilota partidak: Uxue Olano-Nagore Murua / Maddi Iturrioz-Uxue Aranburu; Iker Zubeldia-Amets Uzkudun/ Unai Altuna-Pello Olano; eta Iraitz Zubizarreta-Enaitz Aizpitarte/ Julen Alberdi-Aratz Irazustabarrena.

19:00. Entzierro txikia.

19:15. Xabi Solanoren kontzertua.

21:00. Zahagi ardoa.

Gauean. Fan&GO taldearekin erromeria.

UZTAILAK 29, ASTELEHENA

22:00. Artea eta Alurr dantza taldeko ikasleen emanaldia.

UZTAILAK 30, ASTEARTEA

11:00. Haur jolasak.

Ondoren. Haurren hamaiketakoa.

15:30. Mus txapelketa. Izen-ematea 15:00etan hasiko da.

16:30. Haurrentzako antzerkia.

18:00. Frontoi Zaharreko Pilota Txapelketako Finalak.

Ondoren. Entzierro txikia.

20:30. Presoen eskubideen aldeko kontzentrazioa.

21:00. Herri afaria, zikiro jatea.

00:00. Eresia.

Ondoren. Kontzertuak: Sustrajah, Ziztada+Erlantz eta Bassagain.

UZTAILAK 31, ASTEAZKENA
SAN INAZIO EGUNA

09:00. Goiz eresia.

10.00. Meza nagusia.

11:00. Haurren txirrindulari proba.

12:30. Txakolin probaketa.

Tartean. Toka txapelketa.

18:00. Alurr dantza taldean Irradak ikuskizuna, Batzarremuñoko plazan.

19:00. Entzierro txikia.

Iluntzean. Drindots.

22:30. Bertso jaialdia: Nerea Ibarzabal, Miren Artetxe, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Amets Arzallus, eta Unai Mendizabal.

00:00. Drindots taldearekin erromeria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!