Iñaki Olanok Triku Trail mendi lasterketa irabazi du

Ataria 2019ko uztailaren 2a

Argazkia: @iorellaa

21 kilometroko ibilbidean altzotarra izan da azkarrena 1.47.37ko denborarekin. Bigarrenari bi minutu eta bost segundoko aldea atera dio Olanok.

Etxarri Aranazko Triku Trail mendi lasterketaren seigarren edizioa jokatu zen igandean. 244 parte hartzailek hartu zuten irteera. 204 iritsi ziren helmugara. Beroa izan zen protagonistetako bat, horregatik, irteera ordubetez aurreratu behar izan zuten antolatzaileek. Gizonezkoetan Iñaki Olano izan zen azkarrena, 1.47.37ko denborarekin. Emakumeetan Oihana Kortazarrek irabazi zuen lasterketa, 1.57.04an ibilbideko errekor berria jarriz.

Olanok, bigarren sailkatu zen Xabat Manzisidor azpeitiarrari 2.05eko aldea atera zion. Xabi Vegas Lopez De Uralde izan zen hirugarrena. Elgeakoaren denbora 1.50.46koa izan zen. Eskualdetik korrikalari gehiago izan ziren. Gizonezkoetan, Mikel Senperena abaltzisketarrak 14. amaitu zuen, 1.57ko denborarekin. Berrobin bizi den Jon Altuna ibartarrak 17. egin zuen 1.57.57ko markarekin.

Emakumeetan, eskualdeko bi ordezkari izan ziren Etxarri Aranazen. Maialen Garciarena berastegiarrak 17. amaitu zuen, 2.49.48ko denborarekin. Ainhoa Egiguren irurarraren marka 2.50.02koa izan zen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!