Alaitz Imaz eta Jexux Mari Goenaga, irabazle Altzon zein ligako sailkapenean

Imanol Garcia Landa 2019ko uzt. 1a, 19:59
Altzoko saioan parte hartu zuten segalariak. ANTTON IZTUETA

Almitza sega elkartearen ligako azken saioa egin dute, eta Europara zein joango diren erabaki da.

Almitza elkarteak antolatutako sega ligaren hirugarren eta azken saioa egin zen Altzon larunbatean. Alaitz Imaz hernialdearra izan zen saioko irabazlea eta baita ligakoa ere emakumezkoetan. Europako txapelketara berarekin batera joango dira Ainara Otamendi ibartarra, Maide Garmendia zaldibiarra, Luixa Uzkudun leaburuarra eta Graxi Elosegi zaldibiarra.

Gizonezkoetan Jexux Mari Goenaga errezildarra izan zen Altzoko irabazlea, eta baita ligakoa ere. Goenagarekin batera, Europara ondorengoak joango dira oraingoz: Bixente Mitxelena oiartzuarra, Migel Mari Jauregi zaldibiarra, Julen Gabirondo urnietarra, Jon Otegi oiartzuarra eta Amaiur Arrospide leaburuarra. 30 urte azpiko beste lau segalari falta dira, eta taldea osatzeko sukaldeko lana egin beharko dute antolakuntzakoek.

Gazteei dagokionez, Maide Garmendia izan da nesketan irabazle Altzon. Europako txapelketara, 15 urte azpikoetan, Izadi Arrospide leaburuarra sailkatu da. Mutiletan, Arkaitz Gabirondo gazteluarra izan da irabazle Altzon, eta 15 urte azpikoen artean Europako Txapelketara joango direnak Josu Mendizabal zaldibiarra eta Jokin Mikeo beruetearra izango dira.

Antolakuntzatik balantze ona egin dute Altzoko saioaz, Garikoitz Llobregat kideak azaldu duenez: «Saioa oso polita izan zen, eta ikusleen aldetik ere erantzun txukuna. Belardia nahiko txukuna zegoen, belarra nahiko ona, paraje polita, eta eguraldiarekin beldur pixka bat bagenuen, baina azkenean nahiko fresko egin zuen. Segarako oso ona».

Europako txapelketa Austrian egingo da, abuztuaren 15ean. Norbanako sailkapenaz gain, taldekakoa ere izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!