Altzoko Udalak begiraleak behar ditu udaleku irekietarako

Tolosaldeko Ataria 2019ko mai. 2a, 19:58

Altzoko Udalak ekainaren 24tik uztailaren 24ra udaleku irekiak antolatuko ditu,  2007 eta 2016 urte artean jaiotako haurrentzat. Udaleku hauetan begirale gisa aritzeko jendea behar du, eta deialdia luzatu du.

Begiraleen kontratazioa ekainaren19tik uztailaren 24ra bitartekoa izango litzatekeela adierazi dute udaletik.

Begiraleak hautatzerako garaian, hautagaiek bete behar dituzten ezinbesteko baldintzak honako hauek izango dira: 18 urtetik gorakoak izatea edo 2019 urtean betetzea, eta EGA edo HABE-ren 3. maila izatea. Eduki ezean, euskara ezagutza eta erabilera maila altua izatea baloratuko da.

Aukeraketa egiterakoan honela banatuko dituzte puntuak: begirale titulua izatea (6 puntu gehienez); Eusko Jaurlaritzak homologatutako eskolak, 6 puntu; beste eskolak, 4 puntu; zuzendari titulua izatea, 2 puntu; Hezkuntzarekin zerikusia duten ikasketak izatea, 3 puntu; Hezkuntzarekin zerikusia duten ikasketak burutzen aritzea (goian aipatuak), 2 puntu; EGA edo HABEren 3. maila izatea, 5 puntu; lan esperientzia, 5 puntu gehienez; udaleku itxi eta irekietan hamabostaldi bakoitza, 0,5 puntu; eta altzotarra izatea, 5 puntu.

Aukeratuen artean berdinketarik egongo balitz, zozketa bidez erabakiko da. Bestalde, aukeratuak izan diren hautagaiek, adingabekoekin lan egiteko aurrekari penalen ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

Interesa dutenek curriculumak eta informazioa egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dituzte Altzoko udaletxean, eta horretarako azken eguna maiatzaren15a izango da. Aldez aurretik jakinarazi dute, ez dela onartuko epez kanpoko izen ematerik.

Informazio gehiagorako 943 65 24 13 telefono zenbakira deitu daiteke, edo udala@altzo.eus helbide elektronikora idatzi.

Horrez gain, begirale gisa praktikak egin ahal izateko aukera izango da Altzon, baina eskaera egin beharko da maiatzak 17a baino lehen. Bakarra hartuko dute, eta altzotarrek lehentasuna izango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!