Euskaldunberri gehienek ez daukate euskalkiaren heldulekurik, bizi diren eskualdeko euskalkia euskararekin batera galdu zelako. Lagunarteko ahozko jardunerako erreferentziazko hizkera eredurik gabe sozializatzen ditugu, D ereduko ikasle gehienak. Ez da harritzekoa, beraz, gaztetxo eta gazteen mintzabide eroso bakarra erdara izatea.
Zenbait euskaltzalek esan izan du, euskal eskolak ez duela aintzat hartu ahozko euskararen arazoa, eta auzo estatuetako eskola eredua kopiatu dugula, dagoen-dagoenean. Alegia, hizkuntza idatzian oinarritzen den hezkuntza eredua mamitu dugula eskoletan. Eta, hortaz, euskararen egoera soziolinguistikoa ikusita, egoera bereziak eskola berezia eskatzen duela; ahozko jardun informalak ez daukala zor zaion lekurik gure eskoletan; ahozko komunikazioan oinarritutako jardun didaktikoa lehenetsi behar genukeela, eta abar.
Kritika horien arrazoia gutxietsi gabe, eta eskolaren egitekoen artean ahozkotasuna lantzea egonda ere, ez dirudi neurri hori nahikoa litzatekeenik mintzamena behar bezala zaintzeko. Gauza jakina baita, hizkuntzaren transmisioa testuinguru komunikatibo errealetan baizik ezin dela gauzatu. Gazteen ahozko hizkerak, hizkera horri dagozkion testuinguru komunikatiboak ditu ezinbesteko baldintza. Eskolako komunikazio egoerak informalak direnean ere, eta horretan bereziki ahaleginduta ere, oso mugatuak dira ahozko erregistroen luze-zabalaz jabetzeko aukerak. Bizitzaren esperientzia komunikatibo mugagabeetan barneratzen dugu mintzaira, eta eskolarena, jakina denez, ez da horren guztiaren esparrutxo bat besterik.
Gazteen lagunarteko erregistro informal hori mamitzen joateko denborarik ez al dugu izan, bada? Zenbat hamarkada eta zenbat belaunaldi igaro dira, D eredua indarrean dagoenetik, Euskal Herriaren gure alde honetan? Ez ote dugu, gazteen artean, ahozko euskara informalaren baliabide eta eredu komunikatibo batzuk sortzeko eta sozializatzeko aukerarik izan? Hainbeste hamarkada igaro ditugu euskara “normalizatzen—, eta oraindik ez daukagu gazteen hizkera informalaren tresna baliagarririk, belaunaldi berrien ahotan.
Zer salatzen du errealitate soziolinguistiko horrek? Errealitate hori ez al dago erabat lotuta, botere autonomikoak egin duen hizkuntza politika jakin batekin? Hau da, funtzio komunikatibo hegemonikoetatik kanpo dagoen hizkuntza minorizatu baten egoerarekin? Gauza hauek ez dira halabeharrez gertatzen; halabeharrak ekarri gaitu egoera soziolinguistiko honetara. Izan ere, funtzio komunikatibo nazionalak taxuz betetzen dituzten neurrian soilik normalizatzen baitira hizkuntzak, mintzamoldeak eta hiztunak. Funtzio hegemonikorik gabe, gainerako funtzio komunikatiboak herren egiten dute, alde batetik, ez bada bestetik, eta gazteen arteko hizkera informalaren eredurik eza, hizkuntza politika nazionalik ezaren ondorioa da.
Gazteen hizkuntza kontuak harrotu ditugunez, bada gazteen kontu honetan atentzioa ematen duen beste gai bat. Diotenez, eta iritzi hau oso zabaldua dago, D ereduan euskaldundu diren gazteen euskal kontzientziak dituen arrakalak, ez dira nolanahikoak. Dirudienez, eskolaren bidez euskaldundu diren gaurko gazte gehienentzat, euskaldun izatea gauza «normala» da, eta euskal identitatearen auzia ez da beren kezka-iturrien artean sartzen. Beraz, D ereduak sortu duen euskalduntasunak ez ditu hezi nazio euskaldunaren ideologia kritikoan, eta, ondorioz, euskararen eta nazioaren arteko harremanak ez dituzte landu. Azken batean, euskal identitate etnokultural alienatuan hezi eta formatu ditugu. Euskal Herriaren kinka nazionala eta linguistikoa ikuspegi kritikoren talaiatik pentsatzeko gai ez direnez, ez bide dute bi errealitate horien artean dagoen ezinbesteko lotura hautematen.