Hiru proiektu nagusi, Altzoko Udalaren agendan

Imanol Garcia Landa 2018ko aza. 30a, 08:00
Altzoko eskolako jolastokia estaltzeko asmoa du udalak.

Kaolin Eder meategiaren ingurunearen berreskuratzea, Segoretxe eraikinaren bigarren fasea eta eskolako jolastokia estaltzeko proiektuaren berri eman zuen Altzoko Udalak azken herri batzarrean.

Hiru gai nagusi jorratu dituzte Altzon egin duten azken herri batzarrean: Kaolin Eder meategiak hartu zuen eremuaren berreskuratzea, Segoretxe eraikinaren bigarren fasea eta eskolako jolastokiaren estalpea.

Kaolin Eder meategia 1965ean itxi zen, eta handik urte batzuetara bi baserri hondoratu ziren, eta orduz gero hainbat hondoratze gertatu dira eta hainbat betetze lan egin dira. Eusko Jaurlaritzak egindako azterketa baten ondoren, Joseba Elduaien alkateak azaldu du Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena egin zuela udalak, «inguru kaltetuena berreskuratzen joateko». Berreskuratze proiektu horrek hektarea inguru hartzen du, eta 354.000 euroko aurrekontua du. Betetze lanak egiten ari dira eta egonkor geratzeko gero kapa irazgaitz bat jarriko da eta gainean lur begetala. Inguru hori aurrera begira larreetarako geratuko da. Bestalde, lur azpiko ura bideratuko da eremu horretara ahal den gutxien joateko.

Obrak hasi dira, eta berez hiru hilabeteko epea dute bukatzeko, baina asko baldintzatuko du eguraldiaren egoerak. Obrak bukatzen direnean, Altzoko Handiaren ibilbidearen zati bat, itxita dagoena, berriro erabilgarri izango da.

Segoretxe eraikinaren bigarren fasea izan zen jorratu zen beste puntuetako bat. Lehenengo fasea aurtengo urtearen hasieran bukatu zen, eta besteak beste, udal ostatua eta turismoko informazio puntua jarri zen martxan. «Lehenengo beharrak asetzeko obra bat izan zen hura, baina bagenekien hainbat gabezi daudela», esan du Elduaienek, eta, besteak beste, biltegia, komunak, irisgarritasun baldintza batzuk eta teilatuaren egoera aipatu ditu.

Bigarren fasearen aurrekontua 585.000 eurokoa da, eta Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza 331.000 eurokoa da. Fase honetan jangela zaharra bota egingo da, eta egungo sukaldea handitu. Eraikina atzealdetik zabalduz bertan jangela jarriko da. Lurzoruaren maila mantendu egingo da eta bertan irisgarritasuna betetzen duten komunak jarriko dira. Igogailua jarriko da, goiko bi solairuetarako, eta behean egingo den biltegira joateko. Azpiko solairu horretan komuna eta langileentzako aldagelak jarriko dira. Goiko bi solairuak momentuz hutsak geratuko dira, eta udaletik aztertzen ari dira zertarako erabiliko diren. Obrak egunotan hasiko dira eta sei hilabete inguru iraungo dute.

Hirugarren proiektu nagusia eskolako jolastokian estalpea jartzearena da. «Frontoiaz aparte, Altzok ez du beste leku estalirik», esan du Elduaienek. «Neguan eguraldi txarra egiten duenean, nahiko toki hotz eta haizetsua da eskolako jolastokia, eta hainbatetan eskatu digute ea posible den jolastokia estaltzea».

2019rako aurreikusten den proiektua da, eta udako oporrak aprobetxatuz egin nahi dena, eskola itxita dagoenean. 245.000 euroko aurrekontua du. «Proiektua egina dago, eta bidalita dago aldundira. Aldundiak diru laguntza bat ematen du, %38koa dena, baina oraindik ate gehiago jotzea tokatzen zaigu finantziazio handiagoa lortzeko, eta proiektua bideragarria izateko». Estalpea egitean, eskola kanpoko orduetan herritar guztientzako erabilgarria izango litzateke.

Beste gai batzuen informazioa

Hiru proiektu nagusi horiez gain, beste zenbait egitasmo eta gairen inguruan informazioa eman zien udalak herritarrei. Horietako bat Altzo Azpiko zerrategiaren inguruan izan zen. «Bere unean EAJren udal gobernuak saltatutako tramite batzuen ondorioz, ingurumen inpaktu azterketa esaterako, gaur egungo udalak hainbat gauza modu egokian jarri behar izan ditu», esan du Elduaienek. Abokatuetan, epaitegietan eta teknikarietan gastua suposatu duela gaineratuz.

Beste gaietako bat, karmeldarren komentuarekin bertako frontoiaren inguruan udalak hamar urterako egindako hitzarmena da. Frontoiaren erabilera eta mantenua udalaren esku geratzen da eta horren truke hainbat obra egin dira eta egingo dira. Herritarrek eta udalak dute frontoia kudeatzeko lehentasuna, eta, adibidez, pilota eskolakoak erabiltzen ari dira.

Turismoa ere hizketagai dute. Altzoko Handia dela eta, sortu den eta sortuko den mugimenduaren inguruan prozesu parte hartzaile bat egin dute. Ondorioak jaso berri dituzte, eta udalaren asmoa da udaberrira aldera ikusi diren egitekoak bideratzea.

Euskararen alorrean, hizkuntza ikasteko oinarrizko talde bat sortu da herrian, sei pertsonek osatuta. Horrez gain, mintzalaguneko hiru talde sortu dira. «Hiru herritarrek hartu dute konpromisoa mintzalagun taldeak dinamizatzeko eta eskertzen da egiten dute lan hori», argitu du Elduaienek.

Bestalde, urte bukaeran edo urte hasieran Amabineko bidearen Altzoko zatia egiteko asmoa dute. Bide horrek Alegia eta Altzo lotuko ditu oinez eta bizikletaz egiteko. Alegiako Udalarekin hitzarmena egina du udalak bakoitzak bere zatia egiteko.

Horrez gain, Ur Kontsortzioarekin batera hainbat baserri ingurutan suaren aurkako hidranteak jarri dira, hau da, ur sarera lotura izateko puntuak. Zuntz optikoari dagokionez, herrigunean jarri da, baina oraindik aldundiak herriko hainbat lekutara zabaldu behar du. Beste gaietako bat Amategi industriagunean bizikletentzako eta oinezkoentzako bide bat egokitu dela izan da. «Txaramatik Lizartzara bidegorria egiteko proiektua dugu, Leaburu-Txarama, Altzo eta Lizartzaren artean. Lanketa egiten ari gara aldundiari hainbat alternatiba aurkezteko, eta bitartean Amategiko eremuan hasi gara hainbat gauza egiten», esan du Elduaienek.

Bukatzeko, hilerrirako bidean egindako obrak: autoarekin bertara joateko bide bat jarri da, eta bertatik ateratzeko beste bide bat egokitu da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!