Altzoko Handiaren inguruko antzezlanarekin, «oso gustura»

Tolosaldeko Ataria 2018ko aza. 19a, 12:51

Hitz onak besterik ez ditu zuzendari lanetan aritu den Agustin Amianok: «Oso ondo joan zen dena. Jendetza etorri zen ikustera eta aktoreak sekula baino hobeto aritu ziren».

Gure Haundiaren ibilerak antzezlan ibiltaria egin zuten atzo Altzon; herritarren artean sortu eta egindako emanaldia izan zen. Lehenbizi Altzo Muinon elkartu eta txistulariekin batera Altzo Azpira jaitsi ziren, ekitaldiari hasiera emateko. «Sekulako jende pila jaitsi ginen», esan du Amianok. Altzo Azpin ere jendea zegoen zain.

Antzezlanak bost esketx zituen, eta herriko leku ezberdinetan egin ziren. Tartean, beste zenbait jarduera ere egin ziren: errota martxan jarri, aizkoran aritu, lixiba egin errekan, amuarrainak arrantzatu, herriko koruaren saioa, dantzarien saioa... Azkenean hiru ordu inguru iraun zituen emanaldiak, eta Amianok herritarrek egindako lana nabarmendu du. Hamaiketakoa ere banatu zen Ipintza Haundi baserri inguruan.

Antzezlana Altzo Muino plazan bukatu zen, eta Altzoko Handiaren garaikidea izan zen Imaz bertsolariaz jantzitako gazte batek bi bertso bota zituen. «Oso gustura gaude nola joan den ikusita», esan du Amianok. «Aktoreek inprobisatu ere egin zuten. Ikusleek zoriondu eta eskertu egin zuten emanaldia. Gainera giro aparta egin zuen eta horrek ere lagundu zuen».

Ekitaldia bukatzerakoan, antzezlanean parte hartu dutenek Agustin Amianori eta bere laguntzaile moduan aritu den Haritz Olanori lore sorta eman zioten, eta Altzoko Handiaren rola egin duen Xabier Muruari katilu handi bat. Aurrerago, jasotako irudiak ikusi eta parte hartzaileen artean balantzea egiteko aukera izango dute. Bestalde, Amianok nabarmendu du herritarren artean sortu den giroa eta harremana, antzezlana eta horren inguruan egindako beste jarduerak prestatu eta egiterakoan.

Argazkiak: Mertxe Allue eta Mikel Iraola

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!