Transmisioa, argazkiak baliatuz

Imanol Garcia Landa 2018ko aza. 9a, 08:00
Ana Mari Olazar eta Joxepa Jauregi, erakusketan jarriko diren zenbait argazkiri begira.

Altzoko adineko hainbat emakumek beraien bizipenak azalduko dituzte, garai bateko argazkiak oinarri hartuta.

Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, gaur arratsaldean, emakumeak protagonista izango diren argazki erakusketa baten inaugurazioa egingo dute Altzon. Erakusketarekin batera, herriko hainbat adineko emakumek argazkien inguruko azalpenak eman eta bere bizipenak kontatuko dituzte.

Altzoko Udalak Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartzeko gonbita jaso zuen Gipuzkoako Foru Aldunditik. «Urtero antolatzen dituzte jardunaldi horiek, aldiro esanahi ezberdinarekin», esan du Lurdes Murua Kultura zinegotziak. «Aurten pentsatu dute Emakumea, ondarearen emaria leloarekin egitea. Beti parte hartzen dutela herri handiagoek, baina txikiek ez genuela parte hartzen eta animatzeko esan ziguten». Baiezkoa esatea erabaki zuten, Muruak arrazoitu duenez: «Konturatu ginen hemen badugula altxor bat, adineko amonekin, eta beti antolatu nahi izan genuen beraiekin solasaldi bat. Eta horrekin batera pentsatu genuen argazki erakusketa bat egitea. Lehendik ere bagenituen argazki batzuk, eta beraiei lan pixka bat jarri diegu, eta eskertzekoa da nola laguntzen duten emakume hauek».

Argazki erakusketaren funtsa batez ere emakumeak izango dira. «Batzuetan gizonezko batzuk ateratzen dira, baina benetako garrantzia emakumeek hartzen dute. Izan ere, jardunaldien leloak hori erakusten du», zehaztu du Muruak. Batzarremuñon jarriko da argazki erakusketa eta horiek ikusiz, komentarioak egingo dituzte. «Nolakoa zen lehengoko bizimodua, zenbat aldatu den, zenbat erakutsi diguten, zer transmisio mota egin dizkiguten....», esan du Muruak, eta gaineratu: «Baserrian eta baserritik kanpo ere lan asko egiten dute, herrian bertan ere, eta asko erakusten digute egunero. Beraientzat ere omenaldi moduko bat izatea nahi dugu».

19:00etan hasiko da ekitaldia. «Bakoitzak ditu bere argazki kuttunak eta horien azalpenetan parte garrantzitsua hartuko du», esan du Muruak. Mokadutxo bat ere jarriko du udalak. Argazki erakusketa gutxienez asteburuan utziko da ikusgai, eta Olentzerotan Jakinminez kultur egitasmoaren barruan ere, abenduaren 17tik 22ra bitartean, bisitatu ahalko da. Bestalde, liburutegiaren ordutegian ere ikusteko aukera izango da.

Asko dago kontatzeko

Solasaldian parte hartuko dutenetako bi dira Joxepa Jauregi Portu (Altzo, 1933) eta Ana Mari Olazar Aizpurua (Altzo, 1947). Erakutsiko diren argazki guztiak modu batera edo bestera ezagutzen dituztela, eta ikusi ahala azalpenak ematen joango direla esan du Olazarrek: «Bakarrik etortzen dira komentarioak argazkiak ikusterakoan, halako politak dira».

Jauregik, esaterako, erakusketarako eraman duen argazkietako batean «Altzoko neska gazteak astoaren gainean Gabon Egunean kantari ikusten dira». Argazki horretan «kuadrilla handia» ikusten dela dio Jauregik, eta horri «herri honetan» garrantzi handia ematen diola: «Beti esaten aritzen naiz hori dela hemengo gauzarik onena, denak batzea. Banaka, bat hara, bestea hona, horrela ez da ezer egiten. Elkartu behar da».

Beraiek gazteak zirenetik bizimodua eta herria «asko» aldatu direla diote. «Argazki zaharrak ikusi besterik ez daude horretaz konturatzeko», esan du Olazarrek. Gogoan dute, esaterako, errepiderik gabeko Altzo Muino, eta nola lokatzez izaten zen bidea.

Garai batean emakumeek ez zutela herri bizitza handirik egiten diote. «Jaietan elizara joan eta handik aurrera ez zen ezer gehiago egiten. Eta harreman handirik ez zegoen; zerbait plaza inguruan bizi zirenen artean, baina oso gutxi aparteko baserrietan bizi zirenen artean», esan du Olazarrek. «Ez da gaur egun bezala, kuadrillak-eta daudela. Elizaren aurrean zerbait hitz egiten zenuen, eta etxerako bidean, eta kito».

Gazteak zireneko garaiak eta ondoren bizimodua nola joan den aldatzen izango dute hizpide, beraz, gaur arratsaldean Batzarremuñon egingo duten solasaldian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!