Koldo Izagirrek ipuinetako protagonista bihurtu du Altzoko Handia

Imanol Garcia Landa 2018ko aza. 8a, 09:46

Koldo Izagirrek egindako testuei irudiak jarri dizkiote Karmele Gorroñok eta Irene Iruretak; bi liburu atera dituzte, euskaraz zein gazteleraz, Erein argitaletxearekin

Koldo Izagirre idazleak bi ipuin liburu argitaratu ditu, Altzoko Handia protagonista dela, Erein argitaletxearekin. Altzoko Handia eta Kutixiren gezurrak, eta Altzoko Handia eta Kutixiren pianoa dira argitalpenen izenburuak, eta euskaraz zein gazteleraz atera dituzte. Irrimarra marka osatzen duten Karmele Gorroño eta Irene Iruretarenak dira liburuetako irudiak.

Koldo Izagirrek aurretik izan du Altzoko Handiarekin lotura. Duela zazpi urte, David Azurza musikari altzotarrak antzerki-opera bat egiteko ideia izan zuen, Altzoko Handiaren bizipenak gaitzat hartuta, eta Izagirrek egin zuen libretoa. Bestalde, Altzoko Udalak Handiaren inguruko ibilbide bat osatu du herrian, panel batzuen bidez, eta bertako testuak ere Izagirrek egin zituen. Oraingoan, baina, Altzoko Handia ipuinen protagonista da, bilduma bati hasiera eman dioten bi alerekin.

Ipuinak ez daude oinarrituta datu historikoetan, Izagirrek azaldu duenez: «Handia ez da antzina bizi izan zen norbait, gaur egun batetik bestera dabilen pertsona apal eta sentikorra baizik». Haserretzen ere badakiela gehitu du Izagirrek, eta horretarako gaia ipuinetako beste protagonistak emango dio: Kutixi izeneko neskato txiki bat. «Kutixi, egia esan, manipulatzaile samarra dugu, eta bere kapritxoak lortzeko lagun ezin hobea du Altzoko Handia, batzuetan negar egiten badu ere beste batzuetan mundua jateko gosea sortzen baitzaio».

Istorio fantastikoen barruan sailka litezkeen arren, ipuinon mamia ez dagoela anekdotan, anekdotaren inguruko jarreretan baizik, esan du Izagirrek: «Gizartearen eta gizartearen normaltasunean sartzen ez direnen artekoa da gatazka. Kutixi ez baita diziplina erraz onartzen duenetarikoa, eta Handiak, handia izateagatik, besterik gabe, ikara sortzen baitu».

Idazleak gaineratu duenez, bi kontabide dauzkate Altzoko Handiaren eta Kutixiren ipuinek: «Irudiena da bata eta pertsonaien solasena da bestea. Irudiek, izan ere, ezin hobekiago aurkezten dute egoera orriz orri, istorioaren interpretazio libre eta osagarrian». Bestalde, solasak zorrotzak direla, errimatuak zenbaitetan, eta tarteka kopla txikia dituztela kantagarri esan du Izagirrek. Azkenik, haurrei zein helduei begira egindako argitalpenak direla gaineratu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!