Herri antzerki ibiltaria egingo dute altzotarrek larunbatean

Imanol Garcia Landa 2018ko urr. 24a, 07:57

Migel Joakin Eleizegi Altzoko Handiaren bizitzan oinarritu dute 'Gure Haundiaren ibilerak' antzezlana; 30 herritar inguruk parte hartuko dute

Gure Haundiaren ibilerak herri antzerkia egingo dute altzotarrek larunbat honetan. Migel Joakin Eleizegi Altzoko Handiaren bizitzaren zenbait pasarte antzeztuko dituzte herriko hainbat tokitan.

Agustin Amiano da antzezlanaren zuzendaria eta gidoilaria. «Hasiera batean Kultura Batzordetik jaso nuen gazte batzuek halako ideia bat bazutela antzerki bat egiteko euskararen inguruan», esan du Amianok. «Banerabilkien buruan Handiaren inguruan zerbait egitea. Izan ere, Ataunen egiten diren antzerkiak oso politak iruditzen zaizkit, eta nik pentsatzen nuen hemen ere gai ginela horrelako zerbait egiteko». Hori horrela, Amianok proposatu zuen euskararen inguruan, eta geldirik leku batean egin beharrean, zergatik ez zuten egiten, euskaraz eta ibiltaria Altzoko Handiaren inguruan, «orain hainbesteko izena duenez aitzakia hori aprobetxatuz. Eta hori izan zen abiapuntua».

Parte hartzea irekia izatea izan zen asmoa, eta deialdi zabal bat egin zen udaletik, eta baita jendeak izena eman ere. 30 herritar inguru, adin guztietakoak, ariko dira antzezlanean. Horrez gain, antzezlanarekin batera zenbait lan edo erakustaldi egitea pentsatu zuten, ibilaldia borobilduko zutenak. Horiek egiten 20 bat herritar gehiagok parte hartuko dute.

HERRIA EGITEN

Loli Arandia Altzoko Handiaren ama izango da antzezlanean. «Nik uste dut herria egin behar dela. Eta herrian zerbait antolatzen bada, parte hartu behar dela, eta ez dela ezer asko kostatzen gainera», esan du antzerkian parte hartzeko arrazoia azaltzerakoan. «Gainera oso ondo pasatzen ari gara. Eta honek herritarren artean gehiago hurbiltzea egiten du, eta beste modu batera ezagutzea. Nire oso interesgarria iruditzen zait».

Xabier Muruak egingo du Altzoko Handiaren rola, eta Arandiak esandakoari beste arrazoi bat erantsi dio antzerkian parte hartzeko: «Nire adineko jende asko ez zegoela ikusita, izena ematea pentsatu nuen, beharko zirelakoan».

Antzezlana Altzo Azpiko elizaren ataritik abiatuko da, 16:00etan. Baina hasierako hitzordua Altzo Muinon izango da, 15:30ean. Plazan elkartuko dira, eta denak batera joango dira Altzo Azpira oinez. Horrela antolatzeko bi arrazoi daudela diote: batetik, Altzo Azpin ez dagoela autoa aparkatuta uzteko lekurik, eta, bestetik, ekitaldia Altzo Muinon bukatuko denez, autoz joango direnei bertan uztea komeni zaiela.

BOST PASARTE

Antzezlanaren pasarteak edo esketxak sortzerakoan, Amianok azaldu du Eleizegiren bizitzari buruz jasotakoak direla: «Lotuta daude egiarekin edo guk uste dugunarekin behintzat». Lehenengo esketxa Altzo Azpin izango da, eta Handiaren neurketarena egingo dute. «Hargin oso ona omen zen eta horrekin lotuta dago bigarrena, borda baten inguruan egingo dena», esan du Amianok. Hurrengo biak Handiaren jaiotetxea izan zen Ipintza Haundi baserriaren inguruan egingo dira. «Bidaiak egiten zituenez, horietako batetik datorrela azaltzen da hirugarren esketxean. Gero, jendea ere joaten zen bera ikustera edo ezagutzera, eta horrekin dago lotuta laugarrena. Azken esketxa Altzo Muinoko plazan egingo da, lagunarteko solasaldi bat izango da», zehaztu du Amianok.

Antzezlanarekin batera egingo diren erakustaldiei dagokionez, Altzo Azpiko errota martxan jarri nahi dute, egurrarekin eta belarrarekin zenbait lan egin nahi dituzte, Altzoko abesbatzak ere abestuko du, frontoi zaharrean pilotan ariko dira, eta dantzariek ere saio bat egingo dute. «Horrekin lortu nahi dugu herriko hainbat herritar eta talderi parte hartzeko aukera ematea», esan du Amianok.

Zuzendariak garbi zuen jendeak izena ematen bazuen, antzerkia aurrera aterako zela: «Askok kezka azaltzen zuten, baina inoiz egin ez dutelako. Nik urteak daramatzat irakasle bezala ikasleekin antzezlanak egiten, eta beti ateratzen dira».

Bere aldetik, Arandiak dio Amianok «oso energia positiboa» duela eta horrek laguntzen diela antzezlana aurrera eramaten. Muruak gaineratu du entseguetan «giro ona» sortzen dela: «Norbait nahasten denean ez da oso deserosoa izaten. Barre egiten dugu, eta aurrera». Giroa «hobetzen» joan dela dio Amianok. «Hasieran zenbait zalantza zeuden, gaizki egin ote dut, lotsa ere hor dago, baina testua ikasi ahala beste giro bat sortzen joaten da. Gainera, nahastea ondo etortzen da, hobeto pasatzen dugu eta. Oso giro ona dago eta oso aktore onak daude».

Herri girokoa izango da larunbateko ekitaldia, parte hartzen ari ez diren herritar ugari ikusten ariko direlako. Hain justu, ikustera joango direnei garai bateko arropekin jantzita joateko deialdia egin diete antzerkikoek. Eta altzotarrek gonbita egin diete nahi duten guztiei herrira joan eta antzezlana ikus dezaten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!