'Handia' filma

'Handia' filma, Oscar sarietatik urrats bakarrera

Ataria 2018ko abuztuaren 14a

Zine Akademiak gaur eman du jakitera Oscar Sarietan Estatu Espainiarra ordezkatuko duten filmen lehen aukeraketa. Tartean da Altzoko Migel Joakin Eleizegiren bizitzan oinarritutako 'Handia' filma.

Altzoko Handiaren istorioa Hollywooden izan daiteke. Mariano Barroso, Espainiako Zine Akademiako presidenteak gaur eman ditu ezagutzera Oscar Sarietara joateko lehian arituko diren hiru pelikula finalistak, eta horien artean da 'Handia'.

43 filmen artean egin dute aukeraketa, eta horien artetik 'Handia', Javier Freseren ‘Campeones’ eta Asghar Farhadiren ‘Todos lo saben’ filmak aukeratu dituzte, Espainiako Estatua ordezkatzeko. Hiru horien artean aukeratu beharko dute orain, eta irabazleak ingelesa ez den beste hizkuntza batean egindako filmen sailean lehiatuko du Oscar Sarien 91. edizioan. Irailaren 6an emango dute erabakiaren berri. Ondoren, hiruren artean aukeratzen dutenak, azken hautagaien artean sartzeko beste aukeraketa prozesu bat pasa beharko du.

Euskaraz eginiko film bat azken lehian sartzen den bigarren aldia da. Hain zuzen, 2015. urtean, 2016ko Oscar Sarietarako hautagaien artean izan zen 'Loreak' filma, baina azkenean ez zuten hautatu. Bi pelikulen zuzendariak Jon Garaño eta Aitor Arregi izan dira.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!