Altzoko Saninazio Jaiak 2018

Ikuskizuna nagusi Altzoko Frontoi Zaharreko txapelketan

Mikel Iraola 2018ko uztailaren 30a

Frontoi Zaharreko Txapelketako finalak jokatu dira arratsaldean. XXII. edizioa izan da aurtengoa eta hiru mailatan orotara 38 bikotek hartu dute parte.

Txikienak izan dira jokatzen lehenak. Estua izan da lehia, gainera. Gailur Elduaienek eta Unax Artetxek irabaziko zutela zirudienean, tanto bolada ona egin eta atzekoz aurrera etorrita garaipena lortu dute Alex Artetxek eta Lander Isasik.

Gaztetxoen mailan, Eñaut Elduaien eta Harkaitz Murua izan dira txapeldun. 18-13 irabazi diete Mauro Bach eta Jokin Olanori. Neurketako anekdotako protagonista izan da Elduaien, azken tantoan zapatila atera eta gabe jokatu baitu, neurketa amaitu arte.

Nagusien mailan, berriz, nagusitasun osoz gailendu dira Intxurre Pilota Eskolako Amets Uzkudun eta Iker Zubeldia. Andoni Iturriotz eta Mikel Goitia seian utzi dituzte.

Final guztiak amaitu ostean, sariak banatu dituzte. Parte hartu duten gaztetxo guztiek esku pilota bana jaso dute, eta amaitzeko talde argazkia atera dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!