Inaxio, gure patroi handia... kantatu ohi dute bertan uztaileko azken egunean. Abuztuko festen maratoi luzearen aurretik, Altzokoak dira lehenak. Horiek antolatzen, festa batzorde bat aritzen da, horietatik ia denak, gainera, gazteak izaten dira. Egiten duten lana «ikaragarria» dela aitortu du Eider Epelde (Ibarra, 1979) zinegotziak. Duela hamabi urte jarri zen bertan bizitzen, baina haurra zela joan zen lehen aldiz jaietara. Hortaz, bertako edonork bezain ondo ezagutzen ditu.
Hain bereziak al dira San Inazio festak altzotarrentzat?
Bertakoentzat urteko egunik garrantzitsuenak dira. Intentsitate handiko lau egun izaten dira, eta herri guztiak parte hartzen du. Urte guztian zehar hainbeste inguratzen ez diren baserritarrek ere gerturatzeko tarte bat hartzen dute. Hala ere, giro ederrean igarotzen ditugu jaiak, eta saiatzen gara herritarrentzat ordu guztiak beteta izaten. Beraz, bai hemengoak, baita kanpokoak ere animatzen ditugu bertako festetan ondo pasatzera.
Beti gainera festen izen bera daraman egunaren inguruan antolatzen dira, ezta?
Hala da, bai. Iaz, bost egunetara luzatu genuen egitaraua, baina aurten, ordea, ez dugu begi onez ikusi hori, eta argi genuen lau egunetako egitaraua itzuli behar genuela, gure aldetik lan handiagorik ere ezin dugulako egin. Pena handiz, baina ostiralean hasi ordez, larunbatean hasiko dira festak. Gainera, obrak zirela eta, taberna ere itxita egon zen iaz, eta herri txikia garenez, antolakuntzari dagokionez, eragin handia izan zuen horrek.
Igandea berezia izango da, eta omenaldiren bat egingo duzue.
Jada bi urte daramatzagu erraldoiaren kontuarekin. Lehenik, txotxongilo emanaldiaren ideia plazaratu zen, eta gerora heldu zen filmarena. Aurten, 200 urte bete dira jaio zela eta festetan zerbait berezia egin nahi izan da. Hortaz, erraldoien topaketa bat antolatzen hasi ginen, omenaldi modura. Iñaki Moyuak lagundu digu guzti horretan, eta berari esker lotu ditugu Txantreako eta Bergarako konpartsak.
Baina kalejira soil batean geratuko da dena?
Eskolatik abiatuko da desfilea, eta amaieran, zerbait egitea pentsatuta dago. Moyuak berak ere, erreplika bat egin zuen, eta agian horrekin zerbait egitea erabakitzen dugu, baina oraingoz ezin dut ezer gehiago esan.
San Inazio eguna, berezia Gipuzkoan, baina baita Altzon ere.
Herriko patroiaren eguna da, eta familiak eta lagunak biltzeko aitzakiarik onena. Etxe guztietan bazkariak egiten dira. Gainera, egitarau aldetik ere garrantzitsua da guretzat, eta horregatik egoten da hain betea urtero.
Villabonan, adibidez, festak ospatzen dituzte egun horietan. Nabaritzen duzue hori?
Nik umetatik bizi izan ditut Altzoko festak, aitona-amonak bertakoak zirelako. Duela hogeita bost urte, gainera, oso famatuak ziren San Inazio jaiak. Herri txikia izanik, ordea, izan ditu zenbait urte bisitarien aldetik beherakada nabarmena jasan dituenak. Hala ere, azken hiruzpalau urteetan kanpotik jende gehiago etortzen dela nabaritzen dugu. Baina, guk horri ez diogu begiratu nahi. Lehenengo, herritarrentzat antolatu behar dira festak, beraiek gustuko dituzten ekintzekin. Gero, guk ondo pasaz gero, orduan etorriko da jendea kanpotik, eguraldiak lagunduta, noski!
Eta erraldoiaren eragina bisitetan nabaritzea espero duzue?
Orain arte bezala izan bada, areagotzea espero da bai. Aste Santuan, lehenengo, eta asteburuetan gero jende ugari etorri da hona, ibilaldia egitera eta erraldoiaren interpretazio zentroa ikustera. Oraingoz, ez dugu udako bisiten daturik, baina aurreikusita genuen bisita ugari jasotzea.