«Aurtengo denboraldiak lagunduko dit neure buruarengan sinesten»

Imanol Garcia Landa 2018ko uzt. 12a, 10:46

Altzotarrak hirugarren urtea du mendi lasterketetan, eta aurten bikain aritu da inguruko probetan. Bere aldean «onak asko» daudela dio, eta zail ikusten du datorren urtean halako denboraldia errepikatzea.

Sekulako denboraldia egin du, aurten, Iñaki Olano (Altzo, 1988) mendi lasterkariak. Hamabi probatan parte hartu du eta, horietatik hamaikatan, ez da podiotik jaitsi. Bestea, Zegama-Aizkorri maratoia, 51. amaitu zuen. Hamaika podio horietatik hirutan lehen postua lortu du: Tolosako T2Tn, Berriozarreko Elimina Trailean eta Gabirian. Bigarren postuak Larraul-Hernio proban eta taldekako Ordiziako maratoian eskuratu ditu. Gainerakoetan hirugarren izan da: Berastegiko Negu Trailen, Urretxu-Zumarragako UZ proban, Orion, Amasako Loatzo Igoeran, Seguran eta Oiartzunen.

Zure urterik onena izaten ari da. Ez zara podiotik jaitsi.

Ez daramatzat urte asko mendi lasterketetan. Esan daiteke hirugarren urtea dudala, serio antzera. Asmo handirik gabe hasi nuen denboraldia, neure burua denboraz justu ikusten nuelako, baina gero, emaitzek lagunduta, motibazioa piztu zait, eta horrela lortu ditut orain arteko emaitza onenak.

Ez zara beteranoa mendi lasterketetan.

Mendizalea beti izan naiz, Pirinioetan-eta ibilitakoa. Tolosan aurreneko aldiz T3T antolatu zutenean, probatu egingo nuela pentsatu nuen. Gero pentsatu nuen hurrengo urterako saiatuko nintzela hobetzen, ikusi nuelako nahiko ondo ibiltzen nintzela, eta hurrengo urtean egin nituen, bigarren T3T eta lehenengo Zegama-Aizkorri. Hori 2016an izan zen, eta orduan hasi nintzen serioago. Asko zor diet T3T probako antolatzaileei, beraiengatik ez balitz, orain ez bainintzateke lasterketetan ibiliko. Gero beste proba batzuetan parte hartu dut, baina hasiera eta aurreneko gogo hori T3Trekin izan zen.

Zein proba nabarmenduko zenuke?

Berastegiko Negu Trailekoa lehenengoa izan zen, otsailean, eta eskualdeko proba izanik berezia izan zen. Elurra zegoen, baldintza gogorrak, eta hirugarren postua lortu nuen. T2T proba irabaztea ere, Tolosan izanik, sari handi bat izan zen, baina Orioko lasterketa bereziki gogoan dut: maila handia zegoen, eta han hirugarren egitea neure buruarekin sinesten hasteko modua izan zen, denboraldiaren hasieran eta espero ez nuela.

Zegama-Aizkorrin ere parte hartu duzu aurten.

Hor denok dakigu beste maila bat dagoela. Lau ordu eta berrogei minutuko denbora egin nuen, eta 51. postuan sartu nintzen. Oso gustura nago lortutakoarekin, jakinda maila izugarria dagoela. Denboraldia hasi nuenean helburuetako bat zen Zegama-Aizkorrin denbora txukun bat egitea, eta beste bi urtetarako dortsala lortzea; oso zaila da, eta orain dela bi urte egin nuen maratoia, eta bost orduko mugatik jaitsi nintzen. Esaten dute muga horretatik jaisten denak, nolabait, ziurtatuta izaten duela dortsala, beste bi urterako. Kontua da, aurreko urtean, Aratzetik behera min hartu nuela orkatilan, eta ezin izan nuela bukatu. Orduan, aurten berriro denbora ona egin behar izan dut, beste bi urterako dortsala izateko. Otsailean hori nuen buruan: ea, behintzat, Zegaman denbora txukuna egiterik nuen. Eta, esan bezala, gustura nago, aurten egindako markarekin.

Beste probetara irabazteko asmoz joan zara?

Ezta pentsatu ere. Denboraldi hasieran ez nuen pentsatzen proba bakar batean hirugarren egingo nuenik ere. Orain bi urte lortu nuen lasterketa batean edo bestean, baina aurtengoa salto garrantzitsua izan da nire ibilbidean. Gorputza iaz baino gutxiago zailduta harrapatu nau denboraldiak, baina lasterketa bukaeretan indarrarekin antzematen nuen neure burua. Aurreko urteetatik nabaritu dudan ezberdintasun handiena izan da, kilometroak pasa ahala ez nuela behera egiten, gora ere egiten nuela, eta horrek zeure buruarekiko segurtasuna ematen dizu. Bestetan, pixka bat erreserbatuz atera behar izan dut, ez dakizulako justu iritsiko zaren karrera bukaerara. Aurten banekien lasterketa bukaeretara ondo iritsiko nintzela, eta horrek postuetan zeresana izan duela uste dut.

Ez da bakarrik gorputza nola duzun, aurreko postuetan egoteko ere buruak bere lan egiten du.

Lasterketan sartzen naizenean dena ematen dut, eta gero gorputzak erantzuten badizu, zeure buruarekin aldiro sinesten zoaz. Egia da denboraldi hasieran egin nituen podio horiek asko lagundu zidatela. Bestela, ez dakit horrelako emaitzak lortuko nituen, denboraldian zehar. Jaitsieretan ere dezente hobetu dut eta, beti esan izan da, nahiz eta gora ondo joan, behera ez badakizu jaisten, hor galtzen direla lasterketak. Lehengo urtetik asko hobetu dut horretan, eta baita abiadurako tokietan ere.

Zerbait aldatu duzu aurtengo denboraldiko prestaketan?

2017ko Zegama-Aizkorrin orkatila bihurritu nuen, eta joan den udazkenean minez-eta ibili naiz. Horregatik, aurredenboraldi gehiago egin dut errepidean, mendian baino. Askok esaten didate horrek lagundu egin didala, mendirako abiadura hartzen. Une hartan min ematen zidan errepidean entrenatu beharrak eta mendira ezin joanak, mendia askoz ere gehiago gustatzen baitzait, baina azkenean onerako izan da.

Hemendik aurrera zer asmo duzu?

Uste dut aurtengo denboraldia amaitu dudala. Nire kasa ibiliko naiz, baina ez dut uste beste lasterketarik egingo dudanik. Udan pixka bat burua argitu, eta lagunekin eta familiarekin pixka bat gozatu nahi dug. Gorputzak atsedena ere behar du.

Eta hurrengo denboraldiari begira? Aurtengoa errepikatu edo hobetzeko asmorik?

Denboraldia errepikatzea zaila izango da. Aurten zortea izan dut lesioekin, eta gorputza ere ondo izan dut aldiro, beti sentsazio oso onekin, eta gorabeherarik gabe. Hurrengo urtean asmo berarekin jarraituko dut: presiorik gabe, eta ondo datorkidanean lasterketak eginez. Eta entrenatzen ere berdin, orain arte bezala, nire kasa. Gero, denboraldia ondo hasten baldin badugu, motibazioa piztuko zaigu, eta aurten bezala jarraituko dugu gerran, baina gehiegi larritu gabe. Azkenean afizio bat da, eta beti horrela ikusi izan dut.

Agian, aurrera begira, beste korrikalariek gehiago hartuko zaituzte kontuan?

Gure aldean, onak asko daude. Batzuek ezagutzen zaituzte, baina ez dut uste mendi lasterketetan kontrol lana hain garrantzitsua denik. Mendiak bakoitza bere lekuan jartzen du, eta ni baino hobea denak, nahiz eta nik asko kontrolatu, alde egingo dit. Aurtengo denboraldiak lagunduko dit neure buruarengan sinesten, eta ikusi dut entrenamendu mota batek, errepidean ibiltzeak, asko lagundu didala. Hurrengo urtera begira gauza gehiago ikasi ditut. Zeure burua gehiago ezagutzen duzun heinean, uste dut hobetzea ere errazagoa dela. Bestalde, lasterketetan jendearekin hitz egiten duzu eta ikasten zoaz. Gero, neure buruari ez diot presiorik sartzen, eta asko balio du lasterketetara lasai joateak. Badakit zein mailatan nagoen, eta maila horretan moldatzen naiz, baina beste maila batzuetara salto handia dago, eta hori jakinda gozatzera atera naiz aurten, eta hurrengo urtean asmo berarekin jarraituko dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!