Altzoko (B)eroa Talde Feminista, martxan

Imanol Garcia Landa 2018ko eka. 26a, 08:46

Altzoko Egun Feminista baliatuz egin du aurkezpena taldeak. Norbera ahalduntzea eta herri parekidea lortzea dute helburu.

Altzoko Egun Feminista antolatuz egin berri du bere aurkezpena herriko (B)eroa Talde Feministak. Taldea duela urtebete inguru sortu zen. Hasieran udalak proposatutako Berdinbidean proiektuaren barruan sortu bazen ere, hemendik aurrera bere bide propioa egingo duela azaldu dute. Bi urte igaro dituzte Josebe Iturrioz eta Kattalin Miner bidelagunekin batera, eta hainbat gaietan prestakuntza jasotzeko aukera izan dute. Azken hilabeteak taldeari forma ematen igaro dituzte.

Hamabost neska gaztek sortutako talde ez mistoa da, denak herrikoak; adin, izaera eta gustuei dagokienez oso talde anitza dela diote. Taldeak jarritako helburuak hasieratik bi multzotan banatu dituzte: barne helburuak eta herrira begirakoak. Barne helburuei dagokionez, «garrantzitsuena giro atsegina, errespetuzkoa eta konfiantzazkoa» lortzea izan da. Hasieratik argi izan dute, «neska euskaldun gazte eta herri txikikoak izanik, antzekoak dira jasaten ditugun zapalkuntza eta erasoak, eta horregatik elkar ulertzeko erraztasuna eta enpatia ditugu». Talde erreferentean haien kezkak elkarbanatzeak, jasaten dituzten erasoak kasu isolatuak ez direla ulertzera eraman ditu. «Hasitako bidean elkarren babesa izatea ezinbestekoa ikusten dugu taldekide bakoitzaren ahalduntze prozesua aurrera joan dadin», azaldu dute.

Herriari begira Altzon kontzientzia feminista garatzea dute helburu, herria parekideagoa izan dadin. Taldea martxan hasi zenean, lehenengo bileretan «taldean eta herrian dauden hutsuneez jabetu eta horien inguruko talde hausnarketa» bideratu zuten, herria ikuspegi feminista batetik aztertuz. Ateratako ondorioen artean, «herriko beste zenbait eragilerekin batera lan egitea herriarentzat eta baita taldearentzat ere aberasgarria» izan daitekeela ikusi zuten. Hortik abiatuta, tarteka, herriko emakume helduagoekin edo udaleko berdintasun sailarekin ere elkartzen dira hainbat ekintza burutzeko. Prestakuntza saioak eta tailerrak ere antolatu izan dituzte, eta publiko ezberdinera iristeko nahiaz, saio gehienak irekiak izan dira, hau da, herritar orok izan du parte hartzeko aukera. Halere, haien ahalduntzerako tailer ez mistoak egitea ere ezinbestekoa dela sinesten dute eta bi ekintza motak modu paralelo batean ematea erabaki dute.

IBILBIDERAKO BULTZADA

Berdinbidean proiektuan bi urtez parte hartu ondoren, esan bezala, taldeak aurrera jarraituko du ibilbide propioa eginez. Trantsizio etapa hori esperientzia baten amaiera eta bide berri baten hasiera bezala ulertu dute, eta datorrenari gogoz heltzeko asmoz, antolatu zuten Altzoko Egun Feminista. Hasteko, mural pintaketa burutu zuten herriko beste hainbat gazteren laguntzaz. Ondoren, taldeko aurkezpena egin zuten, ironiaz jositako elkarrizketarekin. Tartean, ondorengoak esanez: «Egia esan Altzo ja oso herri parekidea da eta zapalkuntzarik ez da nabari, ez. Ez da eraso sexistarik ematen… Beno, suposatzen dugu zuen herri eta inguruan ere ez duzuela erasorik antzemango».

Bertso afari feminista batekin eman zioten bukaera egunari, eta 40 pertsona inguru izan ziren. Maialen Akizu, Eli Pagola eta Maider Arregi bertsolariak izan ziren bertan eta «saio bikaina» egin zuten. Taldekideen hitzetan «oso gustura» daude Egun Feministak izandako erantzunarekin. Ibilbidean «ilusioz eta gogoz» jarraitzeko motibazio bultzada bat izan da haientzat eta orain «inoiz baino indartsuago» sentitzen dira. «Altzo eta altzotarrak astintzeko gogoz gaude, norberaren eta jendartearen eraldaketaren bidean», gaineratu dute. «Borroka feminista besteak bezain zilegi dela aldarrikatzen jarraituko dugu eta ez da egongo geldituko gaituenik!».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!