Ikasleak, bereziki protagonista

Imanol Garcia Landa 2018ko eka. 8a, 08:00

Ganbara kontzertuan parte hartuko duten ikasleetako batzuk.

Loatzo Musika Eskolako hainbat ikaslek ganbara kontzertua eskainiko dute, gaur, Altzon.

Aurtengo ganbara kontzertuari garrantzi berezia eman dio Loatzo Musika Eskolak. Emanaldia gaur izango da, Altzoko Santa Barbara ermitan, 19:30ean. Musika eskola guztiko 35 ikasle inguruk parte hartuko dute, gehienak 12 urtetik gorakoak, eta lau instrumentu entzungo dira: pianoa, biolina, klarinetea eta flauta. Hurrenez hurren, Miren Mujika, Arantzazu Mujika, Idoia Balza eta Naiara Dominguez dira instrumentu horietako irakasleak, eta aurtengo emanaldia gehiago landu dutela azaldu dute: «Formatu berezia da, talde txikitan edo bikote moduan aritzen dira. Ikasleek bere maila erakusteko aukera izaten da».

Instrumentuei eta, bide batez, ikasleei, beste protagonismo bat ematen zaie ganbarako formatuan, eta hori zaindu nahi izan dute. «Pianoari dagokionez, adibidez, zailtasunak daude ikusgarritasuna emateko, edo zerbait klasikoa lantzeko, bestelako emanaldiak antolatzen ditugunean», azaldu dute irakasleek.

Loatzoko txarangaren edota bandaren emanaldiak prestatzerakoan, ez dute aukerarik estilo klasikoa lantzeko, eta ganbara kontzertuak horretarako bide ematen die. «Batzuetan kosta egiten da estilo klasikoa eta formatu hau ikasleengana iristen, horregatik bultzatu eta zaindu nahi izan dugu», azaldu dute irakasleek. «Guretzako formatu eta estilo honetan musikalki asko lantzen dute ikasleek». Obra klasikoez gain, bestelako obra batzuk ere joko dituzte.

Ganbara kontzertuak «maila handiko» eskakizuna duela diote irakasleek. «Piano bat eta klarinete bat bakarrik daudenean, bakoitza protagonista da, eta ondo enpastatuta egon behar dira. Beraz musikariarentzat beste ardura bat da». Maila jakin bat duten ikasleek parte hartuko dute emanaldian. Prestaketa bera ere beste urte batzuetan baino bereziagoa izan da. «Egun pasa bat egin genuen Orioko musika eskolan, abestien entseguak egiteko, elkar hobeto ezagutzeko, eta kontzertu honi begira lanketa bat egiteko ikasleekin», azaldu dute irakasleek. «Beste urteekin alderatuz, aurten aurretik landu dugu, errepertorioa begiratu, eta ikasleei ere transmititu diegu gehiago landuko genuela. Protagonismo hori ere landu egin behar da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!