Herriko gazteak, gidari lanetan

Imanol Garcia Landa 2018ko mai. 24a, 08:00
Zenbait bisitari eta gidari bat, Ipintza baserriaren ondoan.

Altzoko Handia eta bere historia ezagutzeko bisita gidatuak egiten ari dira Altzon, asteburuetan eta jai egunetan.

Altzoko Kultura Batzordeak bultzatuta, bisita gidatuak egiten hasi dira herrian Altzoko Handiaren eta bere historiaren inguruan. Orain bi hilabete inguru ekin zioten, eta herriko hainbat gazte aritzen dira gidari lanetan. Mari Murua da horietako bat, eta gogoan du hamar bat gaztek erantzun ziotela Kultura Batzordeak egindako deialdiari: «Bi herritarrek Altzoko Handiari buruzko azalpenak eman zizkiguten, bere historia gogoratuz, bisita gidatuan zer erakutsiko genukeen zehazteko».

Bisita gidatua goizeko 10:00etan abiatzen da, eta plazan hasi eta bertan bukatzen da. Lehenbizi dokumentala ikusten dute Batzarremuño eraikinean. Hamabost minutu inguru irauten du, eta hortik abiatzen dira Altzoko Handiari buruzko panelen ibilaldia egitera. Lau puntutan ematen da informazioa, panelak dauden lekuetan, hain justu: Altzomuñoko elizaren ondoan, Ipintza baserrian, Altzoazpiko elizaren ondoan eta azkenik frontoian. Batzarremuñon dagoen interpretazio zentroan bukatzen dute bisita.

Asteburuetan eta jai egunetan egiten dituzte bisita gidatuak. 16 eta 21 urte bitarteko gazteak ari dira gidari lanetan, eta beraien artean antolatzen dira txandak egiteko. «Egun bakoitzeko bi pertsona jartzen ditugu, eta beste bi ordezko moduan, badaezpada, jende asko joaten bada», esan du Muruak.

Hasieran jende dezente joan zela azaldu du Muruak, Aste Santuaren bueltan, baina gero bisitari kopurua pixka bat jaitsi egin da. «Gerora eguraldiak berak ez du lagundu eta horrek ere bere eragina izan du», azaldu du Muruak.

Adin ezberdinetako jendea joan zaie, eta «bakoitzak bere erritmoa duenez», horretara moldatu behar izan direla esan du Muruak. «Batzuk helduak dira eta hasiera batean ez genuen adierazi webgunean arropa eta oinetako egokiak behar direla ibilbidea egiteko. Orduan batzuk horrelako bide bat egiteko egoki jantzi gabe etortzen ziren, eta euria eginez gero, lokaztu daiteke bidea». Eguraldiaren arabera, zenbaitetan autoz egin behar izan dute ibilbidea.

IZENA EMATEA, BEHARREZKO

Orain arte ez da beharrezkoa izan izena ematea, baina hemendik aurrera bisita gidatuak egiteko beharrezkoa izango da baldintza hori. Horretarako telefonoz deitu beharko da Segoretxe ostatura edo udaletxera. «Hasiera batean plazara joaten ginen. Batzuk deitzen zuten aurretik bisita gidatua egin nahi zutela esateko, baina besteek herrira joan eta bertan zegoela bisita gidatuen berri izanez gero, nahi izanez gero parte hartzen zuten».

Bisitariak leku askotatik jaso dituzte Altzon. Eskualdetik eta Gipuzkoa osotik batez ere. Bizkaitik eta Iparraldetik, eta Kataluniako familia batek ere parte hartu du, eta Espainia hegoaldetik ere izan dira bisitariak. Batez ere euskaraz dakitenak izan dira bisitan, eta taldean norbaitek ez badu ulertzen ere, lehenbizi dena euskaraz esplikatzen dute eta, ondoren, adibidez gazteleraz, horretarako eskaria badago. Oraindik ez zaie egokitu azalpenak ingelesez ematea, baina hizkuntza horretan ere moldatuko liratekeela azaldu du Muruak.

Bisitariek esker onak ematen dizkietela dio Muruak: «Oso gustura egon direla esaten digute. Gutxitan gertatzen da zerbait galdetu eta guk erantzuna ez jakitea». Boluntario aritzen dira gidari lanak egiten, eta bisita gidatuak ez du kosturik. «Guk ez dugu ezer eskatzen, eta batzuetan bisitariek bukaeran galdetzen digute zerbait ordaindu behar den, eta guk esaten diegu ez dagoela beharrik. Nahi duenak borondatea ematen du, ahal duena», azaldu du Muruak.

Orokorrean herrian mugimendua nabaritu dutela dio Muruak: «Altzon lehen izaten zen mugimendua ere, eta orain ere egoten da ostatuaren bueltan, berriro ere zabalik dagoenez. Jendea badabil. Eguraldi hobeagoak etortzen direnean, guk uste dugu nabarituko dela bisitarien kopuruan ere».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!