Sei etxebizitza tasaturen sustapena hasi du Altzoko Udalak

Imanol Garcia Landa 2018ko mai. 18a, 09:30

Makaldegi eremuan aurretik sei etxebizitza tasatu dituen eraikina egin da. Horren jarraian egingo litzateke eraikin berria.

Altzo Muñoko Makaldegi aldean kokatuko da eraikina. Interesa dutenek izena emateko epea uztailaren 27ra arte izango dute zabalik.

Altzoko Udalak sei etxebizitza tasaturen sustapena jarri du martxan. Altzo Muñoko Makaldegi aldean kokatuko da eraikina eta hiru solairu izango ditu. Behekoan, garajeak izango dira, eta lehen eta bigarren solairuan etxebizitzak, hiru solairu bakoitzean. Etxebizitzen ezaugarriak ondorengoak dira: hiru logela, sukaldea, bi bainugela, egongela eta balkoia. 85 eta 90 m2 arteko azalera izango dute etxebizitzek, eta horrez gain trastelekua eta garaje itxia izango dute. Gehienez 190.000 euro gehi BEZa kostatuko direla aurreikusten dute udaletik. Plazatik gertu dago Makaldegi eremua, toki eguzkitsua eta babesa da, eta hego-mendebaldeko orientazioa du.

Joseba Elduaien alkateak nabarmendu duenez, hainbat zerbitzu dituen herria da Altzo: «Haur eskola dugu, eta eskola 12 urte arte, hau da, Lehen Hezkuntza osoa. Kultur eta kirol azpiegiturak ditugu, eta hainbat jarduera antolatzen dira horietan: gimnastika, dantza, helduentzat soinketa... Bestalde, udal liburutegia eta KZgunea ditu herriak». Horrez gain, herri ostatua duela eta herri euskalduna dela ere azpimarratu du Elduaienek. «Horrez gain, landa eremuan dago Altzo, naturaz inguratuta, eta ondo komunikatuta dago errepidez».

Proiektuari bukaera ematea

Aurreko legealditik datorren proiektua da etxebizitza tasatuak egitearena. «Makaldegi eremuko lur zati bat bideratu zen etxebizitza tasatuen bi eraikin eta etxebizitza libreen bi bizitzako bi etxe egiteko», zehaztu du Elduaienek. «Eskariarengatik aukeren erdia gauzatu zen». Beraz, egun sei etxebizitza tasatuko eraikin bat eta bi bizitzako etxe bat dago eraikita. «Gure asmoa da aurreikusitako proiektua guztiz gauzatzen joatea, eta horregatik egin dugu etxebizitza tasatuen deialdia herrian eta eskualdean», gaineratu du alkateak.

Bestalde, Altzo «herri bizia» dela dio Elduaienek. «Herri bizitza hori mantendu eta berritzen joateko beharrezkoa da tarteka mota honetako proiektu sustengarriak egiten jarraitzea». Etxebizitzen alorrean azterketa bat egitekotan dira udaletik, herrian datorren urteetan izan daitezkeen beharrei begira, «baina horretarako lehendik finkatuta dagoen proiektu hau bukatu nahi dugu». Azterketa egitearekin batera, udaletik hausnartu nahi dute zer motatako proiektuak bultzatuko diren alor horretan.

Orain sustatzen ari diren etxebizitza tasatuen egitasmoa, bertako edo inguruko gazte jendearentzako egokia dela ikusten dute udaletik. «Familia proiektu bat osatzeko jendearentzako izan daiteke erakargarria», gaineratu du Elduaienek.

Etxebizitza tasatu horietan interesa dutenentzat izena emateko epea zabalik dago uztailaren 27ra arte. Izena emateko baldintza aurretik etxerik ez izatea da. Altzotarrek lehentasuna izango dutela azaldu du udalak. Informazio gehiago nahi duena udal bulegoetara joan daiteke edota 943 65 24 13 telefono zenbakira deitu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!