«Gero eta gusturago aritzen naiz agertokiaren gainean»

Imanol Garcia Landa 2018ko mai. 15a, 08:04
Testu barruko argazkiak: Ignazio Urrutia

Azken urteotan eszenatoki gainean dabil David Azurza (Tolosa, 1968), baina ez koru zuzendari edo koru abeslari moduan, ikuskizun batean interprete moduan, eta abesteko duen abilezia erakutsiz. Egun Kukai dantza taldearen azken ikuskizunean dago murgilduta, Erritu izenekoa. Aurreko astean Altsasun egin zuten obraren estreinaldia. Altzon bizi den abeslari eta konpositoreak leku nabarmena du proiektu horretan.

Zer moduz joan zen 'Erritu' ikuskizunaren estreinaldia?

Azkenean oso ondo. Azkenean esaten dut, hasierako ideia Aralarko San Migelen egitea baitzen estreinaldia, aire librean eta beste modu batera. Leku oso magikoa eta berezia delako, baina eguraldia txarra zela eta, b plan bat zegoen, industri pabilioi batean egitea. Baina azken unean arazoak izan ziren baimenekin, eta azkenean Altsasuko kultur etxean egin genuen. Emanaldia oso ondo atera zen, baina bidea korapilatsua suertatu zen.

Pena hartu zenuten San Migelen ez egiteagatik?

Guretzat pena handia izan da. Espero dugu noizbait egingo dugula, behin ikuskizunarekin biran hasten garenean. Ilusio handia egiten zigun denei.

Deskribatu dezakezu ikuskizuna, gehiegi kontatu gabe?

Kukai dantza taldearen funtzionatzeko modua kanpotik koreografo bat ekartzea izaten da, kasu honetan Sharon Fridman, Madrilen bizi den israeldarra. Gai bat planteatzen diote, beti euskal folklorean eta euskal dantzetan oinarrituta, eta bere gustuko gauza eta imajinazioarekin ea zer egin dezakeen. Prozesu luze bat izan da. Hilabete batzuk egon gara lanean berarekin, bai dantzariak eta baita ni ere, gauzak bilatzen, jakin gabe zehazki nondik nora joango zen kontua. Mugimenduak bilatzen, soinuak bilatzen, doinuak bilatzen, giroak bilatzen... berak adierazi nahi zuena lortu ahal izateko.

Erritual batean sartzen dira bizitza, heriotza, ezkontza, festa... bizitzan ditugun elementuak dira. Azkenean hori azaltzen da ikuskizunean, modu abstraktu batean, nolabait. Nik uste dut ikusi dutenak identifikatzen direla, eta baita hunkitu ere. Xumea da, eta oso poetikoa.

Zein da zure egitekoa ikuskizunean?

Kukai dantza taldeko sei dantzarik eta nik kantari bezala parte hartzen dugu. Gero ahots talde bat dago, eta estreinaldian Landarbaso Errenteriako abesbatzako emakumeak izan ziren. Nire interpretazioari dagokionez, aita bat bezala naiz, rol bat daukat. Ez dut dantza egiten baina agertokian momentu guztietan rol bat interpretatzen nago, partiturarik gabe, eta dantzariekin erlazio bat mantentzen, joko bat egiten haiekin.

Beraz, obra sortzen parte hartu duzu eta gainera interpretazio lanetan ere ari zara.

Azken lau urteetan antzeko pare bat proiektutan sartuta egon naiz, eta dagoeneko ohituta nago. Hasiera batean oso arraroa egin zitzaidan lan egiteko modu hau. Ohituta nago partitura bat jaso, ikasi eta abestera. Azken lau urteetan bi dantza konpainiarekin aritu naiz lanean, eta funtzionatzeko modua antzekoa izan da. Hau da, bilatzea, jolastea: hau polita da, hau interesgarria da, hau ez zait gustatzen, hau bai... Gustatzen zaizkigun elementuak inprobisazio puntu batekin ateratzen dira, prozesu horretan jolasten duzu, eta azkenean hortik ateratzen diren gauza interesgarrienak hartzen dituzu, eta horrekin osatzen duzu zure rola, zure doinuak eta zure interpretazio osoa.

Eta abesten duzuna zuk konposatu duzu?

Egia esan partitura bakarra dago. Beste guztiak euskal doinuetan oinarritutako inprobisazio moduko kantuak dira. Kantu bat dago definituta, eta hori bai nik idatzi dut, koruak eta nik interpretatzen duguna. Ikuskizunean, azpitik une batzuetan perkusioa dago, aurregrabatua dagoena. Perkusio aberatsa da, oso landua, Luis Miguel Cobo konpositoreak egin duena. Azken finean, dena koordinatuta izan da Coborekin, bera izan da ikuskizunaren arduraduna konposizioaren aldetik, eta berarekin adosten nituen doinuak, inprobisazioak, jokoak... Bera izan da arduraduna lan horretan.

Prestaketa lan mardula, beraz.

Bai, hilabete batzuk pasa ditugu, ordu asko. Prozesua oso mantso doa, jolasten zoazelako, probatzen, gauzak onartzen eta atzera botatzen. Gero finkatu egin behar duzu atera duzuna, pausoak, soinuak, giroak... Modu esperimental batean lan egitea da. Egia da luzatzen dela, baina gero oso gauza berezia ateratzen da.

Zuretzat ere sormenaren aldetik bizipen berezia izango da.

Dudarik gabe. Sormenaren aldetik oso prozesu zurea da, zuk parte hartzen duzu, ekarpenak egiten dituzu, eta nolabait benetan egiten duzu zuk ahal duzuna eta zuk nahi duzuna. Ez da norbait etortzen zaizula partitura batekin eta hau kantatu behar duzu esanez. Kasu honetan zu pieza garrantzitsu bat zara proiektuan.

Estreinaldian Landarbaso koruak parte hartu du. Aurrera begira nola txertatuko da koruaren partea?

Kasu honetan, Kukai Errenteriako konpainia izanik, errazagoa zen bertako koruarekin lan egitea, eta gainera oso ona da. Beste leku batzuei begira, ez dugu baztertzen bertako koru batekin lan egitea. Maiatzean Valladolidera joan behar dugu, eta ez dugu baztertzen hango talde batekin aritzea. Kasu horretan, ni nago koruaren koordinatzaile moduan, eta leku bakoitzean talde korala prestatzeko ardura hori ere badut.

Parte hartze handia dute?

Hiru une puntualetan parte hartzen dute, baina garrantzitsuak dira. Oso aberatsa eta polita gelditzen da. Ez da oso konplikatua, baina ohituta egon behar da agertoki batean parte hartzen, mugitzen, arnasa hartzen...

Aurrera begira zer agenda duzue 'Erritu' ikuskizunarekin?

Maiatza bukaeran Valladolidera joango gara. Gero udaran Arantzazun izango gara, adibidez. Urrian, Arriaga antzokian, Bilbon, eta azaroaren hasieran Donostiako Victoria Eugenian. Urrian Manresara ere joango gara.

Antzokiez aparte, leku berezien bila zabiltzate, Aralar eta Arantzazu modukoak, ikuskizunaren gaia ikusita?

Bi aukera ezberdin ditu ikuskizunak. Bat antzokiko proposamena da, azkenean estreinaldian egin genuena. Baina berez bestea pentsatzen genuen egitea, hau da, leku berezitan edo irekitan, eta ez ohikoetan edo magikoetan egiteko dugun proposamena. Horregatik egin nahi genuen Aralarren. Arantzazun egingo dugu, eta badaude beste leku batzuetan egiteko ideiak. Errituala izanik ikuskizunaren gaia, esanahi konkretu bateko lekuak bilatzen ari ginen. Aralarrek eta Arantzazuk, adibidez, biek dute puntu oso sinbolikoa, oso garrantzitsua zentzu guztietan.

Aipatu duzu beste dantza konpainia batzuekin aritu zarela. Operak eta musikalak eginez ere aritu zara. Beraz, interpretazioarena oso barneratuta izango duzu.

Gaur egun nahiko barneratuta, bai. Ni koru batean hasi nintzen kantatzen, eta koru batean beti zaude modu batez, partitura batekin, talde batean, pajarita eta trajearekin. Pauso hori ematea, antzoki batean parte hartzea, opera batean, zarzuela batean, edo musikal batean... Pauso garrantzitsua da pertsonalki, beste modu batean abesten ari zarelako, rol batean, argi batzuekin, beste giro bat... Urte dezente daramatzat ibilbide honekin eta oso aukera ezberdinak izan ditut mila gauza egiteko. Benetan gustu handia hartzen diozu agertokiari, eta azkeneko lau urteetan esango nuke ia denbora gehiago egon naizela agertoki baten gainean kanpoan baino. Gero eta gusturago aritzen naiz. Oso esperientzia berezia da, oso betea, eta oso ezberdina da rol bat eginez kantatzea, edo pajarita eta trajearekin.

Kontratenor izateak ateak ireki dizkizu?

Nik uste dut baietz, giltza bat izan dela ate batzuk irekitzeko. Kontratenorrak izan gara eta jarraitzen dugu 'arraroak' izaten. Gutxi gara, behintzat horretara dedikatzen garenak. Gutxi izanda, errazagoa izan da nik ezer bilatu gabe leku ezberdinetatik eta leku kuriosoetatik deitzea. Hemen nago, dudarik ez, kontratenor bezala beste ate batzuk ireki direlako, eta ate bat irekitzen denean, norbaitek ikusten zaitu eta hurrengorako deitzen dizu. Inoiz ez dut ezer bilatu operan eta dantza ikuskizunetan, ez dut deitu edo curriculumik bidali, eta ibilbide bat egiten ari naiz.

Zer nolako leku kurioso edo bitxietatik deitu dizute?

Adibidez Teatro Realetik opera bat egiteko deitu zidaten, edo orain urte batzuk, niretzako bereziki, opera bat idatzi zidan konpositore batek. Duela gutxi, munduko onenetakoa den Israel Galvan flamenko dantzariaren konpainiatik deitu zidaten ikuskizun batean parte hartzeko. Horrekin lotuta, Akram Khan Company Londresko dantza konpainiatik munduko garrantzitsuenetako bat dena dantza garaikidean, deitu zidaten beste ikuskizun batean parte hartzeko. Inoiz pentsatuko ez nukeen gauzak ateratzen dira, ate bat irekitzen delako, eta erakusleihoan zaudelako.

Azaldu duzunez, urte hauetan dezente mugitu zara. Ez dakit etxean asko egoten zaren.

Bolada honetan dezente mugitu naiz. Maila horretako konpainiak dituzten ibilbideak oso zabalak dira, eta azken finean mundu osoan mugitzen dira. Bi konpainia horiekin, bakoitzarekin, ehun bat emanaldi egin ditut, bost kontinenteetan. Azken finean bidaia asko dira, joan-etorri asko, aireportu asko, eta esperientzia oso aberatsa da.

Esperientzia horiek ekarri dizute orain Kukairekin martxan jarritako proiektua?

Kasualitatez, Kukai konpainiako proiektua etorri zen, bertako zuzendaria den Jon Maya Parisen izan zelako Israel Galvanen ikuskizuna ikusten. Nik ez nuen ezagutzen eta ezta berak ni ere. Mayak ezagutzen du Israel Galvan eta kasu egitera joan zen, eta ni bertan nengoen, eta bera Errenteriakoa zela, eta ni Tolosakoa, eta hor bota zidan ea hurrengorako aukera sortzen zen zerbait elkarrekin egiteko. Orain dela hiru urte baino gehiago izan zen hori, eta gero harremanetan egon gara, baina agenda kontuengatik ez da aukera sortu orain arte.

Baduzu denbora proiektu gehiagotan murgiltzeko? Agian ohikoa da mundu horretan hainbat egitasmotan batera aritzea.

Proiektu bakoitzak du bere neurria eta dimentsioa. Halako proiektu handitan sartuta, badakizu buru-belarri egon behar zarela horretara, eta hainbeste joan-etorrirekin ez dizu denbora uzten zenbait gauzetan aritzeko. Azken lau urteetan ez dut ia korurik zuzendu, eta aurreko hogeita bost urteetan gehienbat hori egin dut. Hori bai, bidaiak aprobetxatuz denbora izan dut konposatzeko. Konposizio aldetik proiektu polit batzuk egin ditut urte hauetan, eta baditut beste hainbat ideia. Azkenekoa Madrilgo Auditorio Nacionaletik jasotako enkargua izan zen, organo eta haur korurako pieza berezi bat estreinatu ahal izateko. Hori duela hilabete eta erdi izan zen, eta oso gauza polita izan zen. Madrilgo haur koru batek eta munduko organista onenetakoa den Iparraldeko Thomas Ospital gazteak parte hartu zuten. Hemendik aurrera, Kukaikoekin jarraitzen dudan bitartean, berriz planteatzen ari naiz ea zer proiektu egingo ditudan, eta ziur aski jarraituko dut zuzentzen. Oraingoz ikuspegi irekia dut, ideia asko, eta proiektuak egiteko gogo asko.

Ez da erraza izango mundu honetan lana izatea...

Ez da erraza ez dela, oso zaila baizik. Zorte ona izan da horrelako proiektu handitan sartzea, ibilbide luzekoak direlako eta garantia bat ematen dizulako lanaren aldetik. Orain bukatzen ari da nazioartean egiten ari nintzen proiektu bat, Akram Khan konpainiarena, eta martxan jarri berri dugu Kukai konpainiarekin ikuskizun berri hau. Ez da batere erraza horretatik bakarrik bizitzea, ez badituzu mila hanka, eta mila leku ezberdinetan jarrita gainera.

Konpositorea ere bazara. Horrek sormenaren aldetik ere beste mundu bat irekiko dizu. Dantza egitea bakarrik falta zaizu.

Hortxe, hortxe [barreak]. Sharon Fridmanek, lehenengo entsegua egin genuenean, esan zidan ea dantzaria nintzen. Nik esan nion ez nintzela, baina esaten bazidan, agian... Kanpotik begiratuta jendeak pentsatu dezake zenbat gauza ezberdin egiten ditudan, baina niretzat dena berdina da. Azken finean, agertoki batean sartzea, edo kantatzea, edo konposatzea, edo zuzentzea, niretzat dena gauza bakarra da. Sormena da, eta nik barruan dudan gogoa adierazteko modua da. Orain jarraitzen dut obrak konposatzen, obrak egiten. Proiektu batzuk potoloagoak dira, edo oihartzun handiagoa dute, beste batzuk ez hainbeste, baina niretzako denak berdinak dira. Batzuk ilusio berezia egiten dizute, leku berezi batean edo enkargu berezi bat delako. Adibidez, Altzoko Haundia opera txotxongiloekin egitea proiektu handia izan da, eta ez da hain erraza horrelakoak ateratzea.

Altzoko Handiaren inguruan sortu den mugimendu guztiaren parte ere bazara, aipatu duzun 'Altzoko Haundia' opera sortu zenuelako. Nola jazo duzu gertatzen ari den guztia Altzoko Handiaren inguruan?

Oso proiektu polita izan zen operarena. Esaten dut izan zela, baina nahi dugu oraindik izatea. Nahiko konplexua da hori aurrera eramatea, baina momentuz stand by-en dago kontua. Aurrena izan zen gure opera, gero etorri da pelikula, eta hori beste dimentsio batekoa da, beste aurrekontu eta marketin batekin. Jende askok ikusi du eta sari pila bat jaso ditu. Nik bizi dut denon onerako dela, ez da konpetentzia bat, ez dio kalterik egingo operaren proiektuari, baizik eta aberatsagoa izango da, eta jende gehiagok ezagutzen du Altzo eta Altzoko Handia. Pelikula zoragarria da.

Une honetan gure opera gaztelerara itzuli dugu, ingelesera ere itzuli dugu, eta gure asmoa beste bide batzuk hartzea da eta horretan gaude. Ez da erraza, proiektu potoloa delako.

Epe motzera begira, beraz, esku artean batez ere Kukairen 'Erritu' emanaldia duzu.

Epe laburrera dudan emanaldi garrantzitsuena Valladoliden egingo dugun emanaldia da. Bertako jaialdia, esan didatenez, nik ez baitut ezagutzen, Europako bigarren antzerki eta dantza jaialdi handiena da. Bitartean, atzeratuta ditudan hainbat lan aurrera eraman nahi ditut, azken egun hauetan beste guztia baztertu egin dudalako Erritu ikuskizunera begira.

Bestalde, prestatzen ari garen hurrengo proiektua sanjoanetan Tolosan aurkeztuko dena da. Joseba Sarrionandiak idatzitako ipuin batean oinarritutako narrazio musikatua izango da, Hodeiertz abesbatza, Aitor Furundarena akordeoi jotzailea eta Garikoitz Mendizabal txistulariarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!