Aro berri bati hasiera eman diote Segoretxen

Imanol Garcia Landa 2018ko martxoaren 20a

Iñaki Agirre eta Mari Carmen Menor senar-emazteek hartu dute Segoretxe taberna-jatetxearen ardura. «Bizitza guztia» daramate ostalaritzan.

Altzoko turismo planaren zutabeetako bat Segoretxe taberna-jatetxea martxan egotea da, herritarrek elkartzeko leku bat izateko, eta bisitariek, barrena asetzeaz gain, herriari buruzko informazioa izateko. Udalak eraikina erosi eta eraberritze lan batzuk egin ondoren, berriro zabalik da.

Iñaki Agirrek batez ere sukaldeko lanak egiten ditu eta Mari Carmen Menorrek bezeroekin hartu-emanak. Asteburuetan seme-alabek laguntzen diete. Aurretik Alegian jatetxe bat izan dute, eta beste hainbat lekutan ere aritu dira: Larraitz, Zaldibia, Bergara...

Ostalaritzako ohiko zerbitzuez gain, beste zeregin batzuk ere izango dituzte Segoretxen. Batetik, herriko produktuekin osatutako denda izango dute, eta, bestetik, Altzori buruzko informazio puntua. «Ari gara herriari buruz eta Altzoko Handiari buruz informazioa emateko prestatzen», esan du Arregik. Ireki berritan, lehenengo egunak ondo doazela diote: «Lanez ondo gabiltza; hori bai, neurria hartzen, egokitzen, eta hasierako urduritasunekin». Dagoeneko ikusi ahal izan dute giro onarekin jende gehiago joaten dela Altzora, eta, beraz, Segoretxera.

Herritarrek gustura hartu dute taberna-jatetxea berriro irekita egotea, eta horri garrantzia ematen diote: «Espero dugu bertakoek guri ondo hartzea, eta aurrera begira ere bertan jarraitzea». Oraingo hitzarmena udalarekin hiru urtetarako dute, eta gero luzatzeko aukera izango da bi aldeek horrela adosten badute.

Ostalaritza zerbitzuei dagokionez, astean zehar bazkaritarako eguneko menua ematen dute. Asteburutan ere menua izaten dute, «bereziagoa, baina prezio onean». Horrez gain, errazioak eta plater konbinatuak dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!