'Handia' filma

Hamar Goya sari eskuratu ditu 'Handia' filmak

Tolosaldeko Ataria 2018ko ots. 4a, 01:27

Altzoko Migel Joakin Eleizegiren bizitzan onarritutako filmak 13 izendapen zituen eta 10 sari jaso ditu.

Sari emate ekitaldia hasi eta berehala jaso du 'Handia'k lehen errekonozimendua. Aktore berri onenaren saria eman diote Eneko Sagardoiri eta hark gogoan izan du pelikulan handiaren anaiarena egiten duen Joseba Usabiaga aktorea. "Hau biona da", esan dio Sagardoik tolosarrari.

Handia egin du gaur euskal zinemagintzak Madrilen. Hamahiru izendapenetatik ia gehienak eskuratu ditu Jon Garaño eta Aitor Arregiren filmak. Ander Sistiagak produkzio zuzendaritza onenaren saria jaso du, Javier Agirrek argazki zuzendaritza onenarena, Saioa Larak jantzi diseinu onenarena, Pascal Gaignek jatorrizko musika onenarena, Mikel Serranok zuzendaritza artistiko onenarena, Laurent Dufreche eta Raul Lopezek muntaketa onenarena, Jon Serrano eta David Heras efektu berezi onenena eta Ainhoa Eskisabel, Olga Cruz eta Gorka Agirrek makillaje onenarena.

Bi zuzendariekin batera jatorrizko gidoia idatzi zuten Jose Mari Goenaga eta Andoni de Carlos ere saritu dituzte Goya batekin. Sari nagusiak, zuzendari eta film onenarenak, ez ditu 'Handia'k irabazi, Isabel Coixeren 'La libreria'k baizik.

 

Goya sarietan sari gehien eskuratutako filmen zerrendan dago jada euskarazko produkzioa: Mar adentro -Alejandro Amenabarrek zuzenduta 14 Goya eskuratu zituen 2005ean), Ay Carmela -Carlos Saurak zuzenduta, 1991n 13 Goya jasota-, La isla mínima -Alberto Rodriguezek zuzenduta eta 10 Goya jasota 2015ean-, Blancanieves -Pablo Bergerek zuzenduta eta 10 Goya lortuta 2013ko edizioan- eta Handia (10).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!