«Ondo pasatzeko eta ondo pasarazteko sortu da proiektu hau»

Imanol Garcia Landa 2018ko urt. 31a, 09:00
Idoia Torregarai eta Mirari Martiarena. ION MARKEL ARGAZKIAK

«Umore bikiak» direla diote Idoia Torregaraik eta Mirari Martiarenak. Emanaldia sortu dute bien artean, emakumea, euskara eta umorea ardatz dituena.

Bakean dagoena bakean utzi emanaldiaren aurrestreinaldia egingo dute Idoia Torregaraik (Usurbil, 1974) eta Mirari Martiarenak (Oiartzun, 1986) Altzon. Otsailaren 2an, ostirala, izango da emanaldia, 19:30ean, Batzarremuñon.

Nola doaz prestaketak?

Mirari Martiarena. Badoaz. Dena idatzita daukagu, eta gutxi gorabehera badakigu zer esan behar dugun. Oholtza gainean erakustea falta da.

Idoia Torregarai. Oso ondo pasatzen ari gara prestaketetan. Izan ere, aukera ematen digu gauza berriak sortzeko, bide horretan barre egiteko, eta azken finean horregatik sortu da proiektu hau, ondo pasatzeko, eta ondo pasarazteko.

Nola sortu zen emanaldia egitearena?

M.M. Idoia eta ni aspaldidanik ezagutzen gara eta beti umore klabe berdinetan ibili gara. Umore bikiak gara. Orain lau urte elkarrizketa egin genion Idoiari Oiartzun Irratian eta galdera bat utzi zioten berari, hau da, zer gelditzen zaion egiteko. Eta berak erantzun zuen Mirarekin bakarrizketa bat. Hortik hasi ginen tiraka eta hementxe gaude.

Beraz, lau urte ondoren suertatu da emanaldia gauzatzearena.

I.T. Batzuetan nahi izatea ez da nahikoa. Batzuetan ez du laguntzen denborak, edo lanak, edo egoera pertsonalek... Bat-batean, gutxien uste duzunean, nahiz eta beti nahia hor zegoen, pasa den abenduan Euskararen Egunerako izan genuen aukeratxo bat, aprobetxatu genuen biok oholtzara igotzeko eta esan genuen oraintxe zela unea. Aukerari heldu egin diogu, eta benetan pozik gaude.

Zer gai jorratuko dituzue?

M.M. Umorez landuko ditugu gehien ezagutzen ditugun gauzak: generoa, emakume izatea, eta euskara. Euskararen Egunerako erabilitako gauza batzuk berreskuratu ditugu, beste batzuk gure hizketaldi umoretsu horietan komentatu ditugu.

I.T. Mirarik esan duen moduan euskarak eta emakumetasunak biltzen gaitu, baina hirugarrengo elementu bat umorea da. Hiru angelu horietan antolatu dugu elkarrizketa hau, eta gai ezberdinak lantzeko aukera izango da: onomatopeiak, amatasuna, ligatzeko kontuak, erdarakadak...

Umorea egiten duten emakume gutxi daude? Nola deskribatuko zenukete egoera?

M.M. Gutxiengoak direla. Erreferentziak topatzen hasiz gero, ez dakit bost jarraian esateko gai izango nintzatekeen. Umorearekin lotuta ez da ohikoena emakumeak ikustea.

I.T. Egia da antzerkigintzan badaudela aktoreak umorea landu dutenak, baina umoregile zentzuan, egia esan erreferentziak gutxiago dira. Emakumea umorean gehiago objektu bezala hartu da, subjektu baino. Aspaldiko hausnarketa egiten dugu horren inguruan, eta nahi dugu erreferentzia batzuk sortu, edo saiatu umorea emakumezkoen ahoetatik, gorputzetatik ere, jendeak ikus dezan.

Pauso bat ematea.

M.M. Ez dakit inoren erreferentzia izango garen, baina hor gaudela ikus dezala jendeak. Ez gara diskurtso potoloetan eroriko, ez da gure asmoa. Azkenean gure eguneroko gauza txikiak kontatuko ditugu, batzuk egiak direnak eta besteak gezurrak direnak. Horiek umorez hartuta bizitza ere errazagoa da.

I.T. Argi dago bakean dagoenari ez diogula bakean utziko.

Beraz, lehenengo gezurra emanaldiaren izenburua da.

M.M.-I.T. Bai, hori da (barreak).

Umorea egiten duzuenok beti zaudete umore onez?

M.M. Egia da momentu honetan gozatzen ari garela. Lau urte hauetan saiakerak egin izan ditugu, eta momentua ez zenez, ez zen horrelako gozamenik sortzen. Oraingoan gozatzen ari gara, ongi pasatzen, konpromiso serioa hartu dugu elkarrekiko gauzak ondo egiteko, elkarri testuak garaiz pasatzeko, hitzorduak jarri eta geratu egiten gara. Dena errazagoa da eta oso ongi ari gara pasatzen.

I.T. Batez ere konplizitate handiagoa dugu, barre asko egiten dugu. Noski ez gaudela beti umore onez, baina proiektu honekin oso ondo pasatzen ari gara. Orain oraingoak biziko ditugu eta saiatuko gara hori transmititzen guregana hurbiltzen den jendeari.

Errealitateari beste alde bat topatzea da umorea?

M.M. Azkenean gauzak umorez hartuta hobeto eramaten dira.

I.T. Umorea helduleku bat da, bizitzeko modu bat ere. Horrek ez du esan nahi beti txisteak kontatzen egongo zarenik, baina bada tresna bat, bizitzeko begirada bat zeinek laguntzen dizun gauzak erlatibizatzen, bere zukua ateratzen, baita kritika egiteko. Badauzka hainbat funtzio eta horiei ere bere balioa ematea guretzat garrantzitsu da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!