Horrez gain, euskal zinemagintzari lotuta dauden gainerako produkzioak ere babestuko dira: Nur eta herensugearen tenplua, Juanba Berasategirena, Zinemaldiaren azkeneko edizioan EZAEren saria jaso baitzuen; Abracadabra, Pablo Berger zuzendari bilbotarrarena; eta Alberto Iglesias konpositore donostiarrak La Cordillera filmerako egindako soinu banda. Euskal filmak Goya sarietarako jaso dituen 13 izendapenei erreferentzia eginez, Handiak 13? izenburuarekin antolatu da festa, zeina datorren otsailaren 3an izango baita, 21.00etatik aurrera, Zinema Akademiaren sari emanaldia zuzenean jarraitzeko.
Hainbat jarduera antolatu dira gau horretarako: nahi duenak argazkia atera ahal izango du Altzoko Handiaren unibertsoan girotutako photocall batean; festa interaktibo bat egingo da, Handia filmeko ekipoarekin lotura zuzenak egingo dituena; Estrella Vallejo egongo da mikrofonora, sare sozialetan gertatzen denaren berri emanez; eta kiniela bat ere antolatuko da, bertaratutakoen artean. Kinielako irabazleek opari bonu bat jasoko dute, SADEko edozein zinema aretotan erabiltzeko. Gainera, Keler, BENCH eta Zinema Corner bezalakoen laguntzari esker, sarituen aldeko brindisa egingo da, eta sorpresak eta opariak banatuko dira bertaratutakoen artean.
Sarrerak salgai daude jada SADEko webgunean eta Truebako leihatilan, bi euroko prezioan, eta saltzen den sarrera kopurua gorabehera, Truebako bigarren aretoa ere irekitzeko aukera dago, Goya sarien gala zuzenean emateko. Prezio hobariduna jartzea erabaki da, ekitaldira ahalik eta jende gehien etor dadin. Horri dagokionez, SADEko zuzendari nagusi Coro Odriozolak "etxetik irten eta hitzordua apuntatzera" animatu ditu zinemazale guztiak, eta bereziki filmetako ekipoen lagun eta senitartekoak". Odriozolak iragarri du "inoizko Goya emanaldi dibertigarri eta interesgarriena izango dela", euskaraz egin den film honek lortu duen arrakasta eta euskal zinemagintzari eman dion bultzada ospatu nahi baitira.
Denis Itxaso Kultura diputatuak zinemagintzaren industriak eta sektoreko profesionalek erakutsi duten maila eta Gipuzkoan dagoen zinezaletasun izugarria azpimarratu ditu. "Handia filmarena bezalako arrakastak estimulu bat dira sustatzen eta babesten jarraitu behar dugun zinemagintzarentzat. Gipuzkoako enpresek eta profesionalek ekoiztu dute Handia, eta Gipuzkoa markaren eta gure hizkuntzarena adierazgarri garbia da. Bestalde, argi erakusten du nazioarteko mapan geure lekua egin dezakegula, norberarena sustatuz, bai talentuari dagokionez, bai egitura produktiboari dagokionez. Horregatik, arrakasta hau publikoari irekita egongo den festa batekin ospatzea pizgarri bat da zinemaren industriarentzat", azaldu du.
Izan ere, Goya sarietarako 13 izendapenez gain, Handia filmak hamaika sari jaso ditu jada, hala nola Epaimahaiaren Sari Berezia Zinemaldiaren azken edizioan. Jose Luis Rebordinos, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko zuzendaria, ekitaldiaren aurkezpenean egon da baita ere, eta euskal zinemaren festa hau babestu nahi izan du. Bestalde, Zinemaldiak egiten duen lana azpimarratu nahi izan du, "gure zinema nazioartean sustatzeko, sustapeneko plataforma gisa, baina baita industria garapenerako espazio gisa". Euskal zineman "garrantzitsua da inplikatuta dauden guztiek" elkarrekin lan egitea, eta "norabide berean bultza egitea".