'Handia' filmak bi Feroz sari irabazi ditu

Tolosaldeko Ataria 2018ko urt. 23a, 00:00
Argazkia: @Handiafilm (Twitter)

Espainiako Zinemaren Informatzaile Elkarteak ematen dituen Feroz Sarietarako lau izendapen jaso zituen Migel Joakin Eleizegi altzotarraren istorioa kontatzen duen filmak; horietatik bi sari eskuratu zituen bart gaueko ekitaldian.

Altzoko Erraldoiak hazten jarraitzen du. Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendutako Handia filmak Feroz sarietarako lau izendapen jaso zituen abenduan. Dramako film onenaren atalean, eta musika, trailer eta kartel onenaren ataletan lehiatu da, hain zuzen.

Bada, bart gauean izan da sari banaketa ekitaldia, eta musika onenaren eta kartel onenaren sariak eskualdean grabatutako filmarentzat izan dira. Pascal Gaigne konpositorearen soinu bandak jaso du ekitaldiko lehen saria. Kartel onenaren saria, berriz, Iñaki Villuendasen lanak jaso du. 

Irailean Donostiako 65. Zinemaldian estreinatu zutenetik lorpenak pilatzen ari da Arregi eta Garañoren filma. Historiako euskarazko film arrakastatsuena izan da zinema aretoetan. Orain, bi sari irabazi ditu, eta otsailaren 3an ospatuko diren Goya sarietarako ere 13 hautagaitza pilatu ditu, izendatu guztien artean hautagaitzan gehien dituen filma izanik. 

Honako izendapen hauek lortu dituzte Goya sarietarako: pelikula onena (Irusoin, Moriarti, Kowalski Films eta Aundiya Film AIE), zuzendari onena (Arregi eta Garaño), jatorrizko gidoi onena (Arregi, Andoni de Carlos, Garaño eta Jose Mari Goenaga), jatorrizko musika onena (Pascal Gaigne), aktore berri onena (Eneko Sagardoi), produkzio zuzendaritza onena (Ander Sistiaga), argazki zuzendaritza onena (Javier Agirre Erauso), muntaketa onena (Laurent Dufreche eta Raul Lopez), zuzendaritza artistiko onena (Mikel Serrano), jantzi diseinu onena (Saioa Lara), makilaje eta ile apaintze onena (Ainhoa Eskisabel, Olga Cruz eta Gorka Agirre), soinu onena (Iñaki Diez eta Xanti Salvador) eta efektu berezirik onenak (Jon Serrano eta David Heras).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!