Ainhoa Aizpuru diputatuak Altzoko proiektuak ezagutu ditu bertatik bertara

Tolosaldeko Ataria 2018ko urt. 17a, 10:57

Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak tokiko errealitatearen eta proiektuen berri izan du; Aldundiak 70.000 eurorekin lagundu du baserri bideen berritzea.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak, Ainhoa Aizpuruk, lan bilera izan zuen atzo Altzon, bertako alkate Joseba Elduaienekin, tokiko errealitatea eta proiektuen berri izateko asmoz. Landagipuzkoa+ programaren testuinguruan antolatutako lan jardunaldia izan zen. "Plan honen helburua 2.500 biztanle baino gutxiagoko herriak dira, xede nagusi batekin: Gipuzkoako herri txikietan hiriguneen maila bereko zerbitzu eta aukerak garatzea, eta tokian tokiko ekonomia eta lanpostu berriak bultzatzea", zehaztu dute aldunditik.

Ainhoa Aizpuruk, Lurralde Orekako foru zuzendari Iñaki Labakarekin batera, herrian Lurralde Orekako zuzendaritzak diruz lagundutako proiektuen berri zuzena edukitzeko aukera izan du. Izan ere, Landagipuzkoa+ plangintzaren barruan Altzoko baserri bideetako bat bi fasetan berritzeko laguntza eman du aldundiak 2016 eta 2017an (Makaldegi-Bordaberri bidean), guztira 70.000 euroko diru laguntzarekin. "Azpiegiturak elementu garrantzitsua dira herritarren bizi baldintzen ikuspegitik, nahiz lehen sektoreko aktibitatea bultzatzeko", azaldu dute aldunditik. Bestalde, Berakoetxea baserriko Behieko proiektua ezagutzeko aukera izan dute aldundiaren ordezkariek.

Gainera, Lurralde Orekako zuzendaritzak 2016an emandako diru laguntzen bitartez, Altzoko Handiaren bizitzako ibilbideak gogorarazten dituen bideak seinaleztatu eta prestatu dira, 16.657,04 euroko diru laguntza emanez. Landa garapen elkarteen bitartez 2017ko eskualdeetako Garapen Proiektuak babesteko deialdiak, berriz, denda eta informazio zerbitzurako gunea egokitzeko 13.122,67 euroko diru laguntza bideratzea ekarri du.

Ainhoa Aizpuruk adierazi duenez, "Altzo ahalegin garrantzitsua egiten ari da herriko ekonomia eta bizitza indartu dezaketen proiektuen alde. Herri txikiak gure hizkuntza, kultura, natura, eta lurralde arnasleku direlako eta ekonomiaren alorrean, berriz, landa ingurunea eta lehen sektoreari lotuta, paper esanguratsua betetzen dutelako. Errealitate hori bultzatu eta indartzeko lanean ari gara".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!