EAEn azken hamarkadetan aplikatu den hizkuntza politika aztertu duzu liburuan. Nondik sortu zen lan horri ekiteko ideia?
Erabilerak planteatzen duen arazotik. Euskara D ereduan ikasten da, baina gero badakigu zein den erabilera, oso errena eta eskasa. Badirudi orain arte sortu den euskalduntasunaren izaerak ez duela bermatzen euskararen erabilera, behintzat modu txukunean, eta gainera kantitatez ere huts egiten du. Oro har azken hamarkadetan euskalduntasunaren iturri nagusia D eredua da, eta horrek sortzen duen euskalduntasunak nire ustez ez du funtzionatzen.
Euskalduntasuna da liburuaren gai nagusia. Nola definituko zenuke?
Euskaraz sortzen den identitate soziala da. Beraz, identitatearen sinonimoa da, edo euskaldun izateko modu bat da. Noski, euskalduntasun asko daude. Euskararekin egiten dugun erabileraren araberakoa izango da gure euskalduntasuna. Euskara ahozko jardunean bakarrik erabiltzen badugu, euskalduntasun horrek marka bat dauka, eta nik deituko nioke euskalduntasun etnokulturala. Euskara erabiltzen badugu, aldiz, ahozkotasunean eta funtzio informalez gain, kultura informazio gisa ere bai, alegia, funtzio kulturaletan edo funtzio nazional hegemoniko batzuetan, euskalduntasun horri nazionala deituko nioke, funtzio horiek hain zuzen ere komunitate nazional bat artikulatzeko ahalmena badutelako. Lan honetan bi euskalduntasun mota horiek bereizi ditut. Horretarako nazionalismoaren historian dauden korronte batzuk baliatu ditut eta korronte horien arabera alde batetik dago identitate edo kontzientzia nazional bat, eta bestetik dago identitate edo kontzientzia etniko edo etnokultural bat, alegia, komunitate prenazionalen izaera bat. Horiek esaten dute nazio bat bere buruaz programa politiko bat, kontzientzia politiko bat daukan komunitatea dela; eta komunitate etnikoa aurretikakoa da, alegia, bere jardun edo bere praktika soziolinguistikoak ez luke kontzientzia politikoa izango. Arnasguneetan funtzionatzen du nolabaiteko euskalduntasunak, baina Bilbon edo Gasteizen edo dagoeneko erdaldundu diren eskualdeetan ez du funtzionatzen.
Zertan huts egin du D ereduak?
Deustuko Unibertsitatean badago ikerketa talde bat eta horiek lan sakona egin dute. D ereduko ehunka ikasle inkestatu dituzte eta ondorio batera iritsi dira: ikasle horiek ez dira euskaldun sentitzen. Esaten dute erdaldun sentitzen direla, alegia, beraien kultura hizkuntza, pentsamendu hizkuntza eta nortasun hizkuntza erdara dutela. Kontua da D ereduak funtzionatu dezakeela arnasguneetan, Amezketa batean adibidez, jadanik etxetik ere euskaldunak direlako. Beraz, Txepetxen hizkera erabiliz, esan dezakegu transmisio naturala badutela jadanik, gero transmisio kulturala eskolaren bidez jaso dute, eta esan dezagun hiztun osoak izan daitezkeela. Baina arnasguneetatik kanpora D ereduak sortu dituen euskaldunak oso errenak dira, bai gaitasun komunikatiboz, baita atxikimenduz ere. Ez zaie euskaldun izateko modu aktiborik, militantziarik eta senik atzematen. Ikasle horiek gehienbat euskalduntasuna eta euskal izaera lotzen dute iraganeko Euskal Herri tradizional batekin. Gaur egun beraiek bizi diren kultura, esan dezagun moderno eta garaikidea, ez dute inondik inora euskararekin lotzen, erdararekin lotzen dute, eta neurri batean ingelesarekin ere bai.
Identitateari eta atxikimenduari, beraz, garrantzia ematen diozu euskalduntasuna garatzean.
Euskalduntasunak niretzat bi dimentsio ditu, ez da bakarrik linguistikoa. Euskalduntasunak badu dimentsio politiko bat, nazional bat. Hizkuntzak erabat politizatuta daude. Estatu nazio modernoak sortu zirenetik, XVIII. mendetik, hizkuntzek berez betetzen dute funtzio politikoa. Kontua da nazio batean berezko hizkuntza baldin badago, hizkuntza hori funtsezko elementua izaten dela identitatearen eta naziogintzaren sorreran. Horrek esan nahi du nazio modernoaren oinarrizko elementu bat hizkuntza dela eta hortik dator politizazioa.
Liburuan diozunez, bi erdarak dira benetako nazio hizkuntzak gurean, eta euskara komunitate erregional etniko baten mintzabidea da.
Euskal Herrian, alde batetik, gizarte nazional hegemoniko batzuk dauzkagu, eta horiek espainola eta frantsesa dira. Eta gero euskal komunitatea daukagu, hemen eta Iparraldean. Gehienbat ahozko mailan, eta batez ere funtzio informaletan eta arnasguneetan funtzionatzen duen euskalduntasun bat daukagu. Gero baditugu hedabide batzuk, gehienbat tokikoak eta gutxi batzuk nazionalak. Eta gero badaukagu D eredua, eta administrazioan nolabaiteko sarbidea. Baina kuriosoa da funtzio formal batzuk ere bereganatuak baldin baditu ere, gure hizkuntzak ez duela funtzionatzen hizkuntza nazional hegemoniko gisa.
Kontua da euskalduntasunak ez duela klabe nazionaletan funtzionatzen. Txepetxek funtzioetan seigarrena aipatzen zuen nazio hizkuntzarena. Eta esaten zuen funtzio hori betetzera ez bada iristen hizkuntza bat, kontuz, gainerako guztiak horrek blokeatu ditzake. Arnasguneetan euskararen beherakada nola esplikatu behar da? Hori marko zabalago batera eraman behar da, eta funtzioen arteko dialektika horretan funtzio hegemonikoek izugarrizko ahalmena dute bere azpitik dituzten funtzio familiar eta lokal horietan modu negatiboan eragiteko.
Zer eredu proposatzen duzu euskara nazio hizkuntza hegemonikoa izateko?
Euskaldunontzat euskara nazio hizkuntza da, beraz, badaukagu nazio hizkuntza, baina funtzio nazionalak betetzen ez dituenak. Espainolek eta frantsesek duten boterea nazionala da, estatua dute gainera, eta horrek funtzionatzen du klabe nazional batean. Guk daukagun botere autonomikoak, Eusko Jaurlaritzaren hizkuntz politikak, ez du gaitasunik erakusten, besteak beste, berak ere barruan espainolez funtzionatzen duelako. Bere aparatu administratiboak gehienbat erdaraz funtzionatzen du, beraz oso zaila da. Quebec-en oso argi ikusi zuten, baldin eta frantsesa normalizatuko baldin bazen aparatu administratiboak ere, beraiek ere, frantsesez jardun behar zutela. X botereak normalizatu nahi badu hizkuntza minorizatu bat, X botere horrek hasi behar du hizkuntza horretan funtzionatzen. Hizkuntza kontua botere kontua da. Euskal hiztunak hiztun ahulak gara, botererik gabekoak gara. Hiztuna boteretsua bada, hizkuntza ere boteretsua izango da, eta hizkuntzaren normalizazioa bideragarria izango da.
Azken batean botere soziolinguistikoan daukagun desoreka hain da handia, hori islatu egiten dela botere autonomikoan. Eta Eusko Jaurlaritzak ez du ez gaitasunik, ez borondaterik, ez ahalmenik, eta orduan, boluntarismoan oinarritutako euskalgintza egiten ari da. Hizkuntzaren normalizazioak inplikazio handiak ditu, eta inpresioa daukat Jaurlaritzak ez duela sekula izan horren kontzientziarik. Euskara normalizatu eta berreskuratu nahi bada neurri estrukturalak hartu behar dira, eta klabe nazionaletan funtzionatu behar da. Euskararen etsaiak ondo identifikatu behar dira, eta ez dut uste horretarako gaitasun ideologikorik eta borondaterik daukanik.
Estatu propio bat izateak lagunduko luke?
Imajinatu dezagun EAEk estatu propio bat izateko aukera duela. Ez litzateke gauza handirik gertatuko, Irlandakoa gertatuko litzateke. Abiapuntu soziolinguistikoa oso eskasa baldin bada, orduan estatuak eta independentziak gauza handirik ez dizu balio, Irlandan balio izan ez zuen moduan. Jadanik ordezkapena burutua zegoen eta abiapuntuan ingelesa zen hizkuntza, ez bakarrik botere hizkuntza, baita herri xehearen hizkuntza hala zen, eta ez zuen funtzionatu. Finlandian funtzionatu zuen, 1917an independentzia lortu ondoren. Nahiz eta klase dirigentea suedieraz mintzatu, herri xehearen %90a finlandieraz edo suomieraz mintzatzen zen. Beraz, hizkuntza dominatua zen, baina hala eta guztiz ere herriak galdu gabe zeukan eta baldintza soziolinguistikoak egokiak ziren. Beraz, boterea behar duzu, baina kontuz, botere horrek funtzionatu behar du zuk normalizatu nahi duzun hizkuntzaren klabeetan. Hizkuntzak gure bizitzaren antolamenduaren nondik norakoak markatzen digu eta betiko adibidea jarriko dizut: Irungo espainolaren bizitza erreferentziala espainolak markatuko dio, alegia, Espainia duelako bere erreferentzia; eta Hendaiako frantsesari gauza berdina gertatzen zaio Frantziarekin. Hizkuntza hegemoniko nazional estandar batek erabat markatzen dizu bizitza. Beraz, euskaraz funtzionatzen duen botere bat behar dugu eta zentzu nazionalean, ez bakarrik modu etnokulturalean.
Gaur egun EAEko haur gehienak euskaraz hitz egiteko gai dira. Etorkizunean, helduak direnean eta boterean daudenean, posible da horiek euskaraz egitea?
Kontua da belaunaldi horrentzat duingarria den euskalduna izatea, euskaldun nortasunaren harrotasunik zentzu positiboan baduten ala ez, eta ez duten amore ematen erdararen aurrean. Ez dugu sinesten euskaraz funtzionatu dezakeen gizarte moderno bat izan daitekeenik, ez gara iritsi mentalitate horretara. Mentalitate erdi kolonizatua daukagu eta kolonizatuak ez du gehiegi sinesten bere etorkizunean. Hain urruti ikusten du amesten duen gizarte hori, amore ematen duela eta konformatu egiten dela bere euskalduntasun lokal eta etnokultural horrekin. Gure euskalduntasunaren beharrak asetzen ditugu noizean behin bertso saio batera joanez, euskaraz liburu bat irakurriaz, euskal pelikularen bat ikusiaz... Baina falta zaigu kultura soziologiko bat. Horrek gizarte bat artikulatzen du, eta hizkuntza horretan bizitzeko aukerak ematen dizkizu. Badauzkagu oso duinak diren produktu artistikoak, baina ez da aski, horrek ez du gizarte bat artikulatzen, horrek artikulatzen du euskalgintzaren inguruan dabilen komunitate bat, baina hortik aparte ez du oihartzunik eta hor geratzen gara gure txikitasunean.
Gaur egungo haurrek etorkizunean lehenetsiko ote dute, adibidez, prentsa nazional euskaldun bat, edo ez diote garrantzia handirik emango eta pentsatuko dute hizkuntza batean edo bestean informatuta egotea berdin dela. Hizkuntzari buruzko kontzeptua instrumental hutsa baldin badaukazu, hizkuntza gutxiesteko joera handia duzu.
Euskara ez bada hizkuntza hegemoniko izaten bizirauteko aukerarik badu?
Nik uste dut EAEn behintzat euskara ez dela galduko. Gauza bat da Bretainian edo Okzitanian hizkuntza erabat desagertzea. Hizkuntza minorizatuen egoera oso ezberdina da munduan, eta batzuk daude ia desagertzear, beste batzuk daude erdibidean, eta gero dago Kataluniako adibidea. Funtzio nazionaletara hurbiltzen den hizkuntza bat dute bertan. Orain prozesuan ikusi dugu behintzat maila instituzionalean katalanak funtzio nazionala bete duela. Beste kontu bat da katalanak zer-nolako funtzioa betetzen duen beste botere mailatan. Nik erdibidean jarriko nuke EAEko egoera.
Hizkuntza bat mantendu dezakezu, transmisio bide batzuk bermatuz. Arnasguneetan neurri batean sustatu dezakezu famili transmisioa, gero D eredu bat martxan jartzen duzu eta horrek suposa dezake mende batzuetan euskalduntasun etnokultural hori mantendu dezakezula, eta orduan euskara ez dela desagertuko. Euskal Herrian euskara desagertuko da eskualde batzuetan eguneroko bizitzari dagokionez, nahiz eta D ereduaren belaunaldi horiek hor geratuko diren.
EAEn eutsiko dio, baina zer-nolako euskalduntasunari eutsiko dio? Erdalduntasunaren eskale gisa bizitzeko modu bat izango litzateke. Euskainola da erdararen eskale izatea maila linguistikoan eta euskalduntasun etnokulturala da erdalduntasun nazionalaren eskale izatea. Ni ez naiz konformatzen horrekin, besteak beste ez delako modu duina. Nik ez diot iraute horri balio handirik ikusten. Uste dut diskriminazio hori eta zapalkuntza hori ezin dugula onartu. Hizkuntzak duina izan behar du subjektuak bere bizitza duina izateko, zoriontsu izateko.