Urtekaria 2017

[URTEKARIA] Gero eta handiago bihurtzen doa

Imanol Garcia Landa 2017ko abe. 30a, 08:55

Tolosaldean aspaldidanik da ezaguna Altzoko Handia eta bisita asko jaso ditu bere jaioterriak. Aurten estreinatu den Handia filmak ikusmina areagotuko du, eta horri begira zein bere herritarra gehiago ezagutzeko hainbat egitasmo burutzen ari dira Altzon.

Migel Joakin Eleizegi (1818-1861) altzotarra eta bere historia ezagunak ziren aurretik ere, baina 2017. urtea mugarria izango da zabaltze horretan. Altzoko Handiaren edo erraldoiaren herrira eta jaiotetxera makina bat bisita egin izan dira, XIX. mendean izan zen Europako eta ziurrenik munduko pertsona garaienaren gorabeherak ezagutzeko. Orain Eleizegiren fama zabalduko da eta bisita horiek ere areagotuko direla espero da.

Horretan zerikusi nabarmenena Handia filmak du, azken urteotako euskarazko filmik ikusienak. Aurreko urteetan beste kultur ekoizpen batzuek ere eman diote hauspoa Altzoko Handiari. Batetik, Altzon bizi den David Azurzak konposatutako haurrentzako opera, eta ondoren, disko horretan oinarrituta egindako txotxongilo emanaldia. Azken hau Donostia 2016 egitasmoaren babespean sortua, eta nazioarte mailan bere ibilbidea egin duena. Horri guztiari begira Altzoko Udaletik hainbat pauso eman dira, bisitariak artatu eta Altzoko Handiaren bizitza ezagutarazteko.

Oso gustura daude Handia filmaren egileak ikusita zer-nolako bidea egiten ari den pelikula. Bi milioiko aurrekontuarekin, orain arteko euskarazko pelikula garestiena da. Eta ikusiena ere bai. Azken datuen arabera, 91.000 ikusle ingurura iritsi da, eta oraindik igoko da kopuru hori. Aitor Arregi zuzendarietako batek azaldu duenez, «Aupa Etxebeste! filma 2005ean estreinatu zen eta 72.000 ikusle inguru izan zituen. Beraz, langa hori pasatzea esanguratsua da, eta uste dut ona dela euskal zinemarentzat. Eta espero dugu aurrera begira ere Handia-ren ikusle kopurua gainditzea beste film batek».

Hain justu, ikusleen artean egiten duen ibilbidea da gehien bete ohi dituenak egileak. Publikoak pelikulari buruz duen iritziaren inguruan «oso sentsazio ona» dutela esan du Arregik: «Guregana etorri direnak pelikulari buruz hitz egitera iritzi positiboarekin izan dira. Sentitzen dugu pelikula jendearena iritsi dela, eta gustura gaude horregatik».

Sari berezia Zinemaldian
Handia aretoetan egiten ari den bidea esanguratsua da, eta estreinaldia ere horrelakoa izan zuen. Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartu zuen eta orokorrean kritikaren iritzi ona jasotzeaz gain, bi sari poltsikoratu zituen. Batetik, Epaimahaiaren Sari Berezia. Saria jasotzerakoan, Jon Garaño zuzendariak gogora ekarri zuen Zinemaldian «zinema ikusten bertan ikasi» zutela. Zinemaldian pausoz pauso joan dira Jon Garaño eta Aitor Arregi eta Handia-rekin saria irabazi aurretik pausorik handiena duela hiru urte Loreak filmarekin eman zutela aitortu zuten: «Sail ofizialean lehiatzea guretzat amets bat izan zen». Oraingoan saria jasotzeak «munduko txapeldun» sentiarazi zien, «guretzat dena da». Aitor Arregik bere partetik «etxekoak, lagunak eta aktoreak» izan zituen gogoan: «Sari hau gurea bezain eurena da». Aktoreen lana azpimarratu nahi izan zuen Arregik sari banaketa ekitaldian: «Haragia utzi dute aktoreek». Bereziki Eneko Sagardoiren eta Joseba Usabiaga tolosarraren lana izan zituen gogoan: «Beraiek haragitu dute Handia». Euskal zinemaren Irizar saria ere jaso zuten Zinemaldian.

Beste hainbat jaialditan ere izan da filma eta horietako batean, Italiako Milan eta Como hirietan egindako Noir In Festival jaialdiaren XXVII. Edizioan, film onenaren saria jaso zuen. Londresko, Kalkutako eta Habanako jaialdietan ere erakutsi dute filma.

Hori gutxi balitz, oraindik sari gehiago iritsi daitezke. Izan ere, Goya sarietarako 13 izendapen jaso ditu filmak, eta Forque sarientzako ere hautagaia da. Goya sarietarako, besteak beste, film, zuzendari, aktore berri, jatorrizko gidoi eta jatorrizko musika onenaren sarientzako hautagaia da. Otsailaren 3an jakingo da sarien kopurua noraino iristen den.

Bi anaiaren arteko istorioa
Filmak Altzoko Handiaren bizitza azaltzen du, egileek horren interpretazio bat eginez, eta pantailara eramateko bi anaiaren arteko istorioa kontatzea aukeratu dute. Migel Joakinen rola Eneko Sagardoik egiten du eta Martin anaiarena Joseba Usabiaga tolosarrak. Azken honentzat esperientzia berezia izan da pelikulan parte hartzea, eta modu berezian ere bizitu zuen Tolosan egindako aurrestreinaldia. Ikustera joan ziren herritarrengandik «esperotakoa baino erantzun hobea» jaso zuela azaldu zuen Usabiagak.

Tolosako aurrestreinaldian gertukoen berotasuna jaso zuten egileek eta aktoreek. Besteak beste, 150 altzotar izan ziren bertan. Publikoak txalo zaparradarekin hartu zituen taula gainera igo ziren pelikularen taldeko kideak, eta txaloek ere jarraipena izan zuten filma bukatzean.

Altzotar askorentzat berezia izaten ari da Handia filmaren inguruan gertatzen ari dena. Horietako bat da Mari Karmen Unsain Eleizegi. Altzoko Handiaren oinordekoa da eta berak amarengandik jasotako hainbat pasarte eta istorio filmean azaltzen direla esan du. Bi ahaideak Ipintza Haundi baserrian jaio ziren, eta Unsainek bere amarengandik jaso ditu Altzoko Handiaren bizitzaren pasarteak. Zinemaldian ikusi zuen filma lehenengo aldiz eta «ederra» iruditu zitzaion. «Gustura ikusi nuen, eta tristura pixka batekin ere bai. Baina ikustekoa da, pelikula ederra da, asko gustatu zitzaidan, eta niri bezala, gehiagori ere bai. Nik gomendatuko nuke pelikula ikustera joatea».


Altzoko herrian eragina
Ikusgai dago noraino eragingo duen Altzoko Handiaren inguruko mugimendu guztiak bere jaioterrian. Prestaketa lanak behintzat hasi dira herrian, eta turismo plan bat ere garatu da. Joseba Elduaien alkateak azaldu duenez, azken urteotan izan diren egitasmoak kontuan hartuz, eta bereziki filmaren estreinaldia, «ikusi genuen gai honek nolabaiteko proiekzioa hartuko zuela inguruan, bai guretzako, gure ondare kultural eta historikoa lozorrotik nolabait esnarazten zuela, baina baita Altzotik harago ere, Tolosaldean zein Gipuzkoan».

Altzoko Handiaren inguruko ikusmin horren aurrean bi aukera zituztela gaineratu du Elduaienek, «pasatzen uztea kontu hau, gurekin loturarik izango ez balu bezala, edo erronka bezala hartu eta bere tamainan aukerak baliatzea». Bigarren aukera hartu zuten eta hortik etorri zen turismo plana osatzearena, hainbat erakunderekin harremanetan jarriz. Lehenengo ekimena Altzoko Handiari buruz informazioa ematen duten eta leku esanguratsuetan jarrita dauden panelekin ibilbide bat osatzea izan da.

Hortik aurrera jarraitzeko Elduaienek gogora ekarri du Altzo herri txikia dela eta baliabide mugatuak dituela. «Ikusten genuen Handia filmak bere garrantzia eta oihartzuna izango zituela, eta aldundiarekin jarri ginen martxan turismo bulegoa, interpretazio zentroa eta ikus-entzunezko bat prestatzeko». Aurki, 2018 urtearen hasieran, horiek guztiak martxan jartzeko asmoa dutela esan du Elduaienek, eta gaineratu du datorren urtean beteko direla 200 urte Altzoko Handia jaio zela. Bestetik, alkateak herritarrei eskertu die gai honen inguruan burutzen ari diren lana: «Udala tresna bat da hau dena garatzeko, baina beraien inplikaziorik gabe ekimenak egitea ezinezkoa da».

Bere aldetik, Denis Itxaso Kultura diputatuak azaldu du Altzon «lan bikaina» egin dutela. «Altzoko Handiaren pelikulak sortu zezakeen ikusmina Altzoren mesedetan nola baliatu daitekeen lantzen ari dira. Ikusi genuen ideia boteretsua zegoela. Herri txikietan komunitateak garrantzi handia du eta komunitatea egiteko azpiegitura xumeak behar dira. Altzok une honetan ez du taberna bat ere». Bestalde, Itxasok gaineratu du gaur egun pelikulek zein telebista sailek turismoan izaten ari diren eragina, eta Zumaia aipatu du adibide gisa.

Aldundiko Turismo departamentuan duten egitasmo nagusietako bat turistak Donostian ez daitezela gelditu da, eta horren barruan kokatzen dute aldunditik Altzoko turismo planari emandako 200.000 euroko diru laguntza. «Donostian turista guztiak kontzentratzea ez da ona ez donostiarrentzat ezta inorentzat ere», esan du Itxasok. «Horretarako argudioak behar ditugu, Donostiara iristen diren milaka turista horiei esan behar diegu badagoela barnealde bat kondairaz beteta dagoena, istorio ederrak daudela, eta herri txikiak bazter miresgarriak dituztenak. Azken batean, turismoan oso garrantzitsua da bizipen bat izatea, eta Altzok kasu honetan badu gaitasun hori. Badago pertsonaia bat, istorio bat, Gipuzkoan ezaguna dena, eta pelikula berriaren bitartez gehiago zabalduko dena».

Bukatzera doan urteari dagokionez, Altzoko Udalak turistei eta bisitariei behar bezalako harrera egiteko eta arreta eskaintzeko espazio bat sortzeko asmoa du, aurten eskuratu duen Segoretxe eraikinean. Hain justu, bertan hainbat obra egingo dira taberna egokitu eta bisitarientzako harrera zentro bat osatzeko. Aldundiaren laguntzaren zati bat horretara bideratuko da. Diruz lagunduko dituen beste egitasmoak Batzarremuño eraikinean Altzoko Handiari buruzko interpretazio zentroa egokitzea izango da eta pertsonaia horri buruzko ikus-entzunezko dokumental bat egitea.


Panelekin ibilbidea
Sortzen ari den ikusmin horrengatik, eta herritarrek bere herrikideari buruz gehiago jakiteko aukera izan dezaten, Altzoko Udalak eta Kultura Batzordeak Handiari buruzko ibilbide bat osatu dute, eta lau informazio panel jarri zituzten maiatzean, urtebeteko lanaren ondoren. Ibilbidea plazan hasten da, bigarren puntua Eleizegiren jaiotetxea izan zen Ipintza baserria da, hirugarrena Altzo Azpiko eliza, eta frontoiaren parean bukatzen da.

David Azurzak konposatutako operaren testuak idatzi zituen Koldo Izagirrek, eta berak egin ditu panelen testuak. «Koldo asko inplikatu da», esan du Kultura Batzordeko kidea den Antton Iztuetak. «Idazle honek dakien modu poetikoan eginda daude testuak. Guri asko gustatu zaigu eta espero jendeari ere gustatzea». Testuak bakarrik euskaraz daude; QR kode bat dute panelek eta horien bitartez testuak beste lau hizkuntzetan jaso daitezke: gazteleraz, frantsesez, ingelesez eta katalanez.

Koldo Izagirrek proposatuta, Juanba Berasategik egin zituen panelen diseinuak. «Guk ez genuen aurretik ezagutzen Juanba Berasategi», esan du Lurdes Murua Kultura zinegotziak. «Oso gertukoa zen, benetan iristen zitzaizuna, oso erraza berarekin lana egiteko. Pena handia eman zigun bere heriotzaren berri jakiteak, egun gutxi batzuengatik ez baitzituen ikusi panelak jarrita eta berari sekulako ilusioa egiten zion». Inaugurazio ekitaldian «omenaldi xumea» egin zioten Berasategiri.

Ezizen asko izan ditu Migel Joakin Eleizegik. «Azken aldian erraldoia deitzen zitzaion. Altzon, garai batean jigantea deitzen zitzaion, eta baita Haundie ere», esan du Iztuetak. «Horrekin bueltaka ibili gara eta azkenean Koldo berak proposatu zigun gure herriko ikuspegitik begiratuta deitzea, Gure Haundie deitzea. Ondo iruditu zitzaigun eta horrela jartzen du paneletan». Beste kontu bat izan da webgunean edo kanpotik begiratuta nola deitu behar zitzaion. «Pentsatu dugu euskara batuan izan behar duela, eta horregatik azaltzen da ere Altzoko Handia paneletan».

Ibilbidea osatuta dago eta aurrera begira ere beste zenbait egitasmo dituzte buruan. Batetik, triptiko batzuk prestatu nahi dituzte eta espero dute datorren urte hasierarako prest izatea. Horrez gain webgune bat osatu nahi dute Altzoko Handiari buruz. Bertan, besteak beste, David Azurzak egin duen musikaren edo Koldo Izagirrek bildutako bibliografiaren berri ematea aurreikusten dute.

Altzoko Handiaren ingurukoa «dimentsio bat» hartzen ari dela dio Iztuetak. «Gainera, material berria topatzen ari dira. Luis Angel Sanchez Gomez antropologo madrildarrak liburu bat egin nahi du Handiari buruz. Altzon izan da, eta azaldu zigunez, datu eta informazio asko topatzen ari da Londresen». Iztuetak gaineratu duenez, «alde batetik harrituta gaude nolako bilakaera izaten ari den hau guztia. Bestalde, pozik ere bai; ea orain falta diren egitasmo guztiak osatzen joaten garen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!