«Irakaskuntza herri baten funtsezko zutarria zen Migel Altzorentzat»

Imanol Garcia Landa 2017ko abe. 14a, 10:30
Onintza Odriozola Irizar. BATISTE EZEIZA/ARGIA

Olentzerotan Jakin Minez kultur egitasmoaren barruan, gaur hitzaldia emango du Onintza Odriozola Irizarrek (Donostia, 1980). EHUko irakaslea eta ikerlaria da Odriozola, Soziologian doktorea eta Historian lizentziatua, eta Anizeto Olano 'Migel Altzo': euskal eskola, gerrak zapuztutako ametsa hitzaldia emango du, 19:00etan, udaletxeko aretoan. Bere aita Joxe Manuelek, hau altzotarra, hitzaldian ere parte hartuko du arlo soziolinguistikoak azalduz.

Zein izan zen Anizeto Olano 'Migel Altzo'?

Anizeto Olano Galarraga, Aita Migel Altzo kaputxinoa, Altzo Azpiko Olazabal Zahar baserrian jaio zen 1896an. Ikasteko grina ikaragarria izan zuen, baita hori egiteko aukera ere: Filosofiako eta Teologiako ikasketak egin zituen lehendabizi, Zuzenbide Zibilean eta Filosofia eta Letretan lizentziatu zen gero eta, jarraian, Psikologian diplomatu zen. Zuzenbide Kanonikoan lizentziatu zen Erroman. Lekarozko eskolan aritu zen irakasle 1936ko altxamendu militarrera arte, eta urte haietan idatzi zituen filosofia, pedagogia eta euskal etnografiari buruzko bere lan asko. Euskal kulturgintzako elkarteetan eta aldizkarietan ere lan egin zuen, eta Eusko Ikaskuntzako kidea ere izan zen. Frankistengandik Baionan eta Bordeleko Begles herrian babestu ondoren, Argentinara joan zen 1940an, eta 1965ean hil zen Buenos Airesen.

Lan bat egin zenuen Migel Altzoren inguruan. Horri buruz ariko zara hitzaldian edo beste gai batzuk ere jorratuko dituzu?

Lan horretan oinarrituko naiz Migel Altzok pedagogiaren eta hizkuntzaren arteko harremanean egin zituen ekarpenez hitz egiteko. Gero oinarri horretatik abiatuta, aitak hainbat xehetasun hartuko ditu hizpide. Eta entzuleen galdera, zalantza eta hausnarketetatik abiatuta ere, hainbat gaitaz hitz egiteko aukera sortuko dela espero dut.

Ze ekarpen egin zituen Migel Altzok euskara eskola sisteman txertatzeko?

Hainbat jakintza arlori buruz idatzi zuen, hala nola, pedagogia, filosofia eta zuzenbideari buruz, baina bere obran euskal pedagogiaren barruan egin zuen lana nabarmentzen da. Zehatzago esateko, elebitasuna Euskal Herriko eskoletan txertatzearen inguruan egindako azterketa eta hausnarketa. Buruhauste eta kezka zientifikorik nagusiena hori izan baitzuen: Euskal Herrian eta Europan gertatzen ari ziren hizkuntzen arteko borrokak aztertu eta horiei irtenbidea ematea, etxeko eskoletan euskararen irakaskuntza sartzeko helburuz. Ekarpen teoriko horrez gain, euskal eskolen antolamenduan buru-belarri ibili ziren erakundeetan parte hartu zuen.

Zein ziren bere kezkak euskararekiko?

Esango nuke bere kezken erdigunean euskal kulturaren eta hizkuntzaren garapena, funtsean biziraupena, jarri zuela. Hezkuntza elebiduna oso modan ez zegoen garaian ama-hizkuntzaren garrantzi pedagogikoa frogatu ahal izatea zen bere kezka nagusienetako bat.

Eta ze garrantzia du Migel Altzoren lanak pedagogiaren alorrean?

Migel Altzok pedagogiaz argitaratu zituen lanetako ideiak lau multzo nagusitan sailka genitzake. Batetik, euskal arrazaren eta euskal nazioaren psikologiaren arteko lotura aldarrikatzen du; bere ustez, ezinbesteko lana da euskal haurrengan kontzientzia hori esnatzea, betiere, euskal nortasunak biziraun ahal izateko. Bestetik, euskal heziketa integral baten aldeko deia egiten du: ezinbestekoa baita hori haurrengan euskal sen horren kontzientzia berpizteko. Horixe bihurtu zen, neurri handi batean, Altzoren helburu nagusia, izan ere, euskal kulturak ordura arte bazterrean utzita zuen arloa zen irakaskuntzarena; bere ustez, herri baten funtsezko zutarria. Hirugarrenik, Europako hainbat eredu aztertu eta Euskal Herrira ekartzen ahalegindu zen. Laugarren eta azken ildoa euskara irakasteko bitartekoekin lotuko genuke: baliabiderik egokienak zehazten eta baliabide horiei erabilera praktikoa ematen saiatu zen.

Euskal eskola martxan jartzeko asmoa izan zuen, ezta?

Batetik, hezkuntza elebidunaren aldeko teorizazioan aitzindaria izan zen Migel Altzo Euskal Herrian, bide erakuslea. 1936ko altxamendu militarraren aurreko testuinguruan elebitasunaren aldeko ahotsak handitzen ari zirenean, hainbat euskaltzale horren inguruko ekarpen teorikoak egiten hasi zen. Baina Altzoren ekarpenak badu berezitasunik: Hego Euskal Herrian esperimentatzen ari ziren euskal eskolen saiakera haiei Europan indarrean zeuden elebitasunaren inguruko teoriak eta metodoak ekarri izana. Hizkuntza minorizatu baten ikasketa legitimatzeko arrazoiak jendarteratu zituen aldizkarietan. Euskal munduko eragileak euskararen irakaspenaren balioez jabetu zitezen argudioak ematearekin batera, hori aurrera eramateko zein bide jorratu beharko ziratekeen adierazi zuen, Europako ereduetan oinarrituta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!