Joseba Usabiaga aktore tolosarrak TOLOSALDEKO ATARIA-rekin hitz egin du Habanatik, bertako zinema jaialdian baitago Handia pelikula aurkezten. "Urduritasun puntu batekin bageunden pelikularen taldekoak, pentsatuz izendapen batzuk jaso genitzakeela, baina uste dut inork ez zuela hamahiru izendapen izatea espero", esan du Usabiagak. "Oso pozik hartu dugu albistea". Aktore nagusirako proposatuta zegoen Usabiaga, baina ez da sartu izendapenetan: "Oso aktore handiak daude zerrendan, eta ezinezkoa zen. Baina oso kontentu nago, filmak jaso dituen izendapenen parte ere sentitzen naizelako". Orain gutxi Milanen izan da Usabiaga, bertako zinema jaialdian film onenaren saria jasotzeko eta handik joan da Habanara.
Hamahiru kategoriatan izendatu dute Aitor Arregi eta Jon Garañoren Handia pelikula. Hamahiru hautagaitza eskuratu ditu: pelikula onenarena, zuzendari onenarena (Arregi eta Garaño), jatorrizko gidoi onenarena (Arregi, Andoni de Carlos, Garaño eta Jose Mari Goenaga), jatorrizko musika onenarena (Pascal Gaigne), aktore berri onenarena (Eneko Sagardoi), produkzio zuzendaritza onena (Ander Sistiaga), argazki zuzendaritza onena (Javier Agirre Erauso), muntaketa onena (Laurent Dufreche eta Raul Lopez), zuzendaritza artistiko onenarena (Mikel Serrano), jantzi diseinu onena (Saioa Lara), makillaje onena (Ainhoa Eskisabel, Olga Cruz eta Gorka Agirre), soinu onenarena (Iñaki Diez eta Xanti Salvador) eta efektu berezi onena (Jon Serrano eta David Heras).
Hautagaitza gehien jaso dituen pelikula da, Abracadabra –12 hautagaitza–, El Autor –bederatzi hautagaitza– eta Verano 1993 –zortzi hautagaitza–pelikulen aurretik.
Juanba Berasategik zuzendutako Nur eta Herensugearen Tenplua filmak animaziozko film onenaren saria eskura dezake. Berasategik Kalabaza tripontzia pelikula egin zuen eta aurtengo Galtzakomik lehiaketan keinu egin diote film horri, Berasategi lehiaketa horretako epaimahaikidea izan delako behin baino gehiagotan.