Hilabete pasa da urriaren 20ean Handia filma estreinatu zenetik, eta orain arte pelikularen egileek jaso dituzten datuen arabera, azken urteotan euskaraz filmatutako pelikula ikusiena da. 84.000 ikusle inguru izan ditu Handia-k, eta oraindik zenbait datu iristen ari zaizkie. Aitor Arregi zuzendarietako batek azaldu duenez, «Aupa Etxebeste! filma 2005ean estreinatu zen eta 72.000 ikusle inguru izan zituen. Beraz, langa hori pasatzea esanguratsua da, eta uste dut ona dela euskal zinemarentzat. Eta espero dugu aurrera begira ere Handia-ren ikusle kopurua gainditzea beste film batek».
Migel Joakin Eleizegi Altzoko Handiaren bizitzan oinarrituta dagoen filmak oraindik zinema aretoetan beste zenbait astetan jarraituko du, batez ere hiriburuetan. Europako zinema aretoetara banatzeko akordio batzuk ixten ari direla azaldu du Arregik.
Publikoak pelikulari buruz duen iritziaren inguruan «oso sentsazio ona» dutela esan du Arregik: «Guregana etorri direnak pelikulari buruz hitz egitera iritzi positiboarekin izan dira, bestalde normala izan ohi dena. Baina bai sentitzen dugu pelikula jendearena iritsi dela, eta gustura gaude horregatik».
Zinema jaialdietatik ere bere ibilbidea egiten ari da filma. Aurreko astean Indiako Kalkutako Nazioarteko Zinema Jaialdian ikusi ahal izan zen Giant izenburuarekin. Beste hiru jaialditan ere izango dela pelikula azaldu dute egileek. Oraindik, beraz, Handia-k izango du bere ibilbidea zinema areto ezberdinetan.