'Handia' filma

Bi anaiaren arteko istorio handia

Ataria 2017ko ira. 24a, 17:54

Handia filmaren ibilbidea hasi da Donostiako 65. Zinemaldian. Ikusmina sortu du bai zinemazaleen artean eta baita prentsaren artean ere. Azken hauek txaloekin hartu dituzte filmaren egile eta aktoreak agerraldian.

Bi indarren arteko talkak gidatzen du Altzoko Handiari buruzko filma. Migel Joakin Eleizegi Altzoko Handia eta bere anaia Martinen arteko harremana da pelikularen haria. Bi anaietatik zein joango den gerrara, bietatik zein ezkonduko den Mariarekin, zeinek gobernatuko duen baserria, zeinek nahi duen eta zeinek ez Altzotik atera eta bidaiatu, tradizioa mantendu, mundu berria ekarri... Aitor Arregik, filmaren zuzendarietako batek, hasierako gidoia bertsio bezala erabili dutela azaldu du: “Editatzerakoan aldatuz joan da istorioa”. Hasiera batean Altzoko Handiaren biopic bat izan behar zuen filma “bera eta bere anaiaren arteko istorioa” bihurtu dela esan du Jon Garaño filmeko beste zuzendariak.

Hain justu, Joseba Usabiaga aktore tolosarrak antzeztu duen anaiaren, Martinen, ikuspegia da nagusi filmean. Zuzendariek Usabiagaren lana goraipatu dute, bereziki bere begirada: “Hasieratik gustatu zitzaigun, asko adierazten du”. Martin bere pertsonaiaren inguruan, Usabiagak dio “bi anaien artean arriskatu egin nahi duena da, baina gero gorabeherak izaten ditu, aldaketak gertatzen dira”. Eneko Sagardoy aktoreak egiten du Migel Joakinen rola: “Pertsonai berezia izan da egiteko. Ez da munstro bat, pertsona bat da, eta pertsonaia horrela eraiki eta horrela erakutsi nahi izan dugu. Pozik nago egindako lanarekin”.

Filmean agertzen denaren oinarria “erreala” dela esan du Arregik, eta egunkari batean Altzoko Handiari buruz esandakoa agertzen dela, esaterako. Baina historia istorio bihurtzeko zuloak izaten dira, eta horiek bete dituzte. Aurrekontu handiko filma egin ahal izan dute, aurretik Moriarti ekoizpen etxekoek Loreak filma egin baitzuten, eta horrek aukera eman die Handia gauzatzeko. Pelikula oso ondo filmatuta dago, eta Altzoko Handia pertsonaia bere handitasunean ederki irudikatuta dago.

Zinemaldian gaur goizeko saiora joan diren altzotarrak gustura geratu dira ikusitakoarekin. “Ikusgarria, ederra eta tristea” erabili dituzte filma deskribatzeko. Gustura agertu dira ere filmean erabilitako euskararekin, Usabiagaren lana goraipatu dute, eta pelikula ikustera joateko animatu dute. Gaur gauean izango da filmaren saio berezia, pelikularen lan taldea bertan dagoelarik, eta bertan ere altzotar eta eskualdeko hainbat herritar joango dira.

Zinemaldiko Sail Ofizialean ari da lehiatzen Handia filma eta datorren astean Londresko zinema jaialdian izango da. Bere garaian Altzoko Handiak egindako bidaiak errepikatuko ditu orain bere filmak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!