'Handia' filma

Ikusmina sortu du 'Handiak' ikusleen artean

Ataria 2017ko irailaren 19a

Donostiako Zinemaldian pelikula ikusteko aurretiko salmenta agortu egin da.

Handia pelikula Donostiako 65. Zinemaldian ikusi ahalko da lehenengo aldiz, eta gainera Sail Ofizialean lehiatuko da. Dagoeneko ikusi da ikusmina sortu duela zinemazaleen artean, igandean zabaldu zen aurretiko salmentako aukeran agortu baitziren sarrerak. Ikusmin handienetakoa sortu duen pelikula izan da, gainera.

Halere, oraindik aukera dago emanaldietako sarrerak lortzeko, saio bakoitzaren egunean bertan zenbait sarrera salgai jarriko baitira 08:30etik aurrera. Hauek izango dira Handiaren emanaldiak Zinemaldian: irailak 24, Kursaal 1 aretoan, 09:00etan eta 22:00etan; irailak 25, Antiguo Berri 2, 16:00etan; eta irailak 30, Victoria Eugenia antzokian, 16:00etan.

Barbara Goenaga alkizarrak Operacion Concha filmean parte hartzen du. Pelikula hori publiko orokorrak behin ikusteko aukera izango du, belodromoan, hilaren 25ean, 19:00etan. Aurretiko salmenta oraindik ez dago agortuta. Tolosaldeko partaidetza duten beste bi pelikulak, Dantza eta Ab alio, ez dira publiko orokorrarentzat ikusgai izango.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!