Altzoko san inazioak 2017

Herri kirol saioa eta jolasak San Inazio eguna hasteko

Ataria 2017ko uztailaren 31

Herri kirol erakustaldia eta gazteen arteko jolasak egin dituzte eguerdian, Altzon. Arratsaldean, Tio Teronen Semeak dantza taldearen emanaldia eta Oreka TX taldearen kontzertuak izango dira, besteak beste.

Giro ederra izan da eguerdian Altzon. Goizean, haurren arteko toka txapelketa egin dute, eta ondoren, gazteen arteko jokoak egin dituzte. Lehenago, ordea, kirolari profesionalen erakustaldiaz gozatzeko aukera ere izan dute Altzoko plazara bertaratutakoek. 

Joseba Otaegi eta Mikel Larrañaga aizkolariak eta Aimar Irigoien eta Mikel Lopategi ‘Urra’ harri-jasotzaileak aritu dira lehenengo. Urrak 100 kilogramoko harri zilindroarekin eta 135 kilogramoko harri baldarrarekin neurtu ditu indarrak. Irigoienek, berriz, 125 kilogramoko harriarekin aritu da lehenengo, eta ondoren, 115 kiloko harri karratuarekin.

Larrañaga eta Otaegi aizkolariek, berriz, kanaerdikoa moztu dute lehenengo. Larrañagak 51 kolpe behar izan ditu, eta Otaegik 50. Gero, enbor bana ezabatu dute bi aizkolariek eta Larrañagak izan da lehena.

Herri kirol saioaren ondoren, gazteen arteko jolasak egin dituzte. Kokotxak biltzen, sagarrak biltzen, irin artean gominolak aurkitzen, puxikak puskatzen, galleta paketea janez, dardoen bidez puxikak puskatzen...Otaegik eta Larrañagak ere ez dute gazteekin aritzeko aukera galdu, eta biek tira dute soka. Gainontzeko jokoetan parean ibili dira, baina soka tiran 2-0, Otaegi eta bere talde urdina irabazle.

Arratsaldean, buruhandiak izango dira, eta ondoren, Tio Teronen Semeak taldearen dantza emanaldia eta Oreka Tx taldearen kontzertua izango dira. Gauean, berriz, sona handia duen bertso jaialdia izango da; hain zuzen ere, 35. urtea beteko du aurten saioan, eta saioa ere urteurrenaren adinakoa antolatu dute: Amets Arzallus, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Angel Mari Peñagarikano, Alaia Martin eta Unai Agirre igoko dira oholtza gainera, eta Manu Olano izango da jai-jartzaileak. Fan&Go taldearen emanaldiarekin amaituko da eguna. 

Ikusi hemen egitaraua.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!