Arratsaldeko 18:00etan egingo du eztanda, suziriak, Altzoko plazan. Ondoren, kartel lehiaketako sari banaketa egingo da, eta Artea dantza taldeko haurrek, emanaldia eskainiko dute herritarren gozamenerako. Lehen egunak, kalean izango du segida. Mikel Artola eta Haritz Mujikak alaituta izango den bertso triki-poteoarekin jarraituko dute, eta iluntzean, presoen eskubideen aldeko kontzentrazioa egingo da. Herritarrek elkarrekin afalduko dute, euskal basatxerriekin eta Lur Lan-en bertako produktuekin sabela betetzeko asmoz. Gauerdian, berriz, dantza egiteko lehen aukera izango da, Autobus Magikoa taldearen eta DJ Bull-en eskutik.
Ez da lehena bezain indartsua izango, baina larunbata izanik, altzotarrek izango dute zer gozatua festen bigarren egunean. Ajeari aurre egiteko, egun guztian zehar herriko kaleetan ibiliko da Iraunkorrak txaranga. Eguerdian, paella prestatzen hasiko dira herritarrak, ondoren, 14:00ak aldera egingo duten bazkarirako. Arratsaldean berriz, plater hausketak eta kuadrillen arteko jolasek emango dute zeresana. Amaitzeko, iluntze aldera egingo den sagardo dastaketaren aurretik, egarria sortzeko, eta ondoren, berriro ere dantzaldirako indarrak hartuta, Zesuma taldearen doinuez gozatzeko aukera izango da.
San Inazio bezpera, igandearekin batera helduko da aurten. Indar beharra izango dute eguerdiko nagusien toka txapelketan parte hartu nahiko dutenek. Halere, izango dute sabela berdintzeko aukera. Batetik, Batzarremuñon egingo den erretiratuen hamaiketakoarekin, eta bestetik, horrekin nahikoa ez eta, ondoren egingo den txakolin dastaketarekin. Arratsaldean, frontoi berrian izango du segida festak, bertan jokatuko direlako afizionatuen arteko pilota partidak. Iluntzeko zahagi ardoaren aurretik, soka dantza emanaldia egingo dute, eta 00:00etan helduko da San Inazio eresiaren unea. Ondoren, festak bere horretan segiko du, Oxabi taldearekin.
Egun handia Altzon, beste behin ere, uztaileko azken eguna izango da. Goizetik hasi, eta goizaldeko ordu txikiak bitarte, ez da ez dantzarik ez musikarik, ezta bertsorik faltako. Goizeko eresiarekin ekingo diote San Inazio egunari, meza nagusia ospatu aurretik. Ondoren, haurren toka txapelketa jokatuko da, eta eguerdian, herriko gazteen arteko herri kirol lehia izango da ikusgai, aizkoran nahiz harri-jasotzen, modalitate horietan aritzen diren profesionalen laguntzarekin.
Arratsaldeko ekimen festari, buruhandiek emango diote hasiera, eta Tio Teronen Semeak dantza taldearen umore kutsuko emanaldiaz gozatzeko aukera izango da. Jarraian, Oreka TX bikoteak, kontzertua eskainiko du. Gauean helduko da, bertso jaialdiaren 35. urteurrena, Fan&Go taldearekin erromerian dantza egin aurretik.
Biharamunean, etxeko txikienen jolasekin eta hamaiketakoarekin emango diote ongietorria abuztuari. Beste batzuek, berriz, nahikoa lan izango dute ajea gainditzeko. Bestalde, arratsaldean, Elordi elkartean ospatuko den mus txapelketaren txanda izango da; izena emateko aukera, 15:30ean irekiko da, leku berean. Plazan, berriz, haurrek beraien festa partikularraz gozatzen jarraitu ahalko dute, puzgarriei esker. Frontoi zahar eraberrituak, beste urte batez (aurten, XXI. edizioa izango da), pilota txapelketako finalak ikusteko aukera eskainiko du, iluntzeko zahagi ardoaren aurretik jokatuko direnak. Gauean, berriz, aurreko egunetan bezala, dantzaz gozatuz, kriskitin hotsak entzun ahal izango dira, Artea eta Alurr dantza taldeen eskutik.
Usadioak usadio
Dantza saioez gain, altzotarrek ere izango dute bestelako ekitaldiez gozatzeko aukera. Baina, toka edota mus txapelketa, dastaketak, herri afaria eta kontzertuez gain, aipamen berezia merezi duten bi jarduera daude: bertso saioa eta frontoi zahar berrituko txapelketa.
Astelehenean, San Inazio egunez izango da bertsolarien txanda. Aurtengo gonbidatuak honako hauek dira: Amets Arzallus, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Alaia Martin, Anjel Mari Peñagarikano eta Unai Agirre. Guztiak ere, Manu Olanok esandakoaren aginduetara jardungo dira. Bertsolariak, tradizioari jarraituz, alerik onenak uzten saiatuko dira, eta umorerik ere ez da faltako saioan zehar.
Bestetik, asteartean, bertso saioa baino edizio gutxiago dituen pilota txapelketako finalak jokatuko dira. Hain zuzen, frontoi zahar berritukoak. Aurten, 21. aldiz jokatuko dira, eta ez da girorik faltako.
Ikusi hemen Altzoko festetako egitaraua.