«Gipuzkoakoa ez nuen espero»

Asier Imaz 2017ko uzt. 18a, 19:25

Gipuzkoako txapelketa irabazi arren, Jon Madariagak (Altzo, 1995) ez daki txirrindularitzan jarraitu edo ez. Hausnarketa horri, urte bukaeran helduko dio Jira Bira taldeko txirrindulariak.

Afizionatu mailan lorpen politak dituzu aurten, Tolosan eta Gipuzkoan, adibidez.

Tolosako lasterketa urte hasieratik buruan nuen. Irabaztea zen nire helburua, eta dena ematera atera nintzen. Herritik pasatzen nintzen azken aldia izango zela pentsatzen nuen, eta horrek asko motibatu ninduen. Gipuzkoako txapeldun geratzea ezustekoa izan zen. Inoiz ez nuen Gipuzkoako txapelketarik irabazi, eta inondik inora ez nuen espero txapela lortzea.

Denboraldi zaila izan da zuretzat, lesio bat medio.

Denboraldi erdian izan nuen, eta beti eragiten dizute lesioek, nahi gabe ere; errendimendu aldetik eta baita psikologikoki ere. Geldi zauden denboran ez dakizu nola itzuliko zaren, zein mailatan… Horrek, azkenean, desgaste bat eragiten dizu.

Oriakoko hasiera haietatik, zer aldatu da kirol honetan?

Izugarrizko aldaketa ikusi dut txirrindularitzan. Lasterketa korritzeko moduan, entrenatzerakoan eta material aldetik. Txirrindulari bezala ere asko ikasi dut azken urte hauetan. Oriakon zortez talde on bat tokatu zitzaidan, eta horrek oinarri sendo bat eman zidan ondorengo urte guzti hauetarako.

Hurrengo urtean bizikleta zintzilikatzekotan zabiltzala.

%100ean ez dut baietz esango, baina nire buruan oraintxe ideia hori dago. Urte amaieran ikusiko dut ea nola dauden gauzak, baina momentuz bai; denboraldi hau azkena bezala ikusten dut.

Jon Irisarri eta Xabier San Sebastian taldekide izan dituzu. Agian egunen batean Irisarrirekin lehian ikusiko zaitugu.

Irisarrik lortu duen maila ez du edonork lortzen, baina bai, polita izango zen berriro ere bere tropel berean egotea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!