'Handia' filma

'Handia' izena izango du Altzoko Handiari buruzko pelikulak

Imanol Garcia Landa 2017ko uztailaren 13a

Jon Garaño eta Aitor Arregi zuzendarien filma urriaren 20ean estreinatuko da Euskal Herriko zinema aretoetan. Oraindik ez dakite Donostiako Zinemaldian izango den filma.

Altzoko Handiari buruzko pelikula Aundiya izenarekin hasi ziren filmatzen. Halere, guztiz erabaki gabe zegoen zein izango zen izena. Aitor Arregik Tolosaldeko Atariari azaldu zioenez, filmari zein izen jartzen dioten azken txanpan erabakitzen dute, eta aurreko proiektuekin ere horrela gertatu zen. Loreak pelikularen proiektua, adibidez, Loreak errepidean izenarekin hasi zuten.

Jon Garaño zuzendariak bere Twitter kontuan azaldu du izenaren aldaketa: 

Handia filmaren estreinaldia ere zehaztu dute. Urriaren 20ean izango da, eta Euskal Herriko zein Espainiako zinema aretoetan ikusi ahalko da. Aitor Arregik azaldu duenez, oraindik ez dute Donostiako Zinemalditik eskaintzarik jaso filmaren inguruan, hau da, sailen batean sartzeko asmoa duten ala ez. Halere, aste honetan edo hurrengoan gehienez espero dute berriren bat izatea horren inguruan.

Bestalde, aurreko egunetan pelikularen arduradunak Pascal Gaigne konpositorearekin batera izan dira Bratislavan, Slovak Radio Building aretoan, filmaren soinu banda grabatzen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!