«Bakarka kantuak beste era batera lantzeko aukera izaten dut»

Imanol Garcia Landa 2017ko eka. 28a, 10:49

Larunbatean, uztailak 1, kontzertua eskainiko du Ruper Ordorikak Altzoko Batzarremuño kultur etxearen aretoan, 22:30ean. Sarrerak 5 euro balio ditu eta udaletxean eskuratu daiteke ostirala bitarte.

Lehenengo aldia da Altzon izango zarela emanaldi bat eskaintzen?
Bai, lehenengo aldia da. Gehienetan taldearekin aritzen naiz, eta herri txikietan ez dugu sarrera handirik izaten, baldintzengatik-eta. Deitu zidaten ea bakarka egingo ote nuen eta gogotik eman nuen baiezkoa. 

Bakarka ere eman izan ohi dituzu kontzertuak?
Duela urte batzuk hasi nintzen poliki-poliki bakarka kontzertuak ematen. Eta, besteak beste, horregatik izan zen: euskaldun asko bizi da kontzertu handi samar bat muntatzeko erraztasunik ez duten esparruetan. Bestalde, asko maite dut bakarka aritzea; uste dut asko ikasten dudala eta gozatu ere bai. Nik uste dut abagune polita dela bakarka aritzea. Ez dut soilik herri txikietan ematen, baina kasu honetan bai. Aurten asko ibili naiz taldearekin eta ibiliko naiz oraindik ere azken diskoa dela eta, Guria Ostatuan, baina hau salbuespen moduan izango da.

Nola ariko zara? Gitarra eta ahotsarekin?
Bai, horrela ariko naiz. Izan nuen hor inguruan horrelako emanaldi bakan bat, duela pare bat urte edo, Berrobin. Aski ondo pasatu nuen.

Zer abesti eskainiko dituzu?
Denetarik izango da. Formatu honek malgutasuna handia ematen du. Taldearekin urtetan ari gara elkarrekin eta badaukagu nondik hautatu; baina bakarka aldaketa batzuk egiten ditut hemen eta han, kantu batzuk azken unean sartzen ditut. Oro har sasoi guztietakoak sartzen ditut. Beste era batera lantzeko aukera izaten dut, eta jendeak gustura pasatzen du.

Eta izaten da jendearen eskaririk?
Izaten dira, baina normalean ardatz bat ematen dut, bestela asko zabaltzea ere ez da komeni. Eskariak normalean, antolatzaileren batek egina-edo izaten dira.

Zer ezberdintasun izaten da taldearekin aritu edo bakarka? Azken honetan biluziago, agian?
Dudarik gabe. Nik uste dut beste ñabardura batzuk goratzen direla eta beste batzuk apaltzen direla. Taldeak beste dimentsio batera eramaten ditu gauzak. Nire ustez ideala da, eta behintzat horretan dihardugu taldearekin, ez dela Ruper gehi musikari batzuk. Gure eginkizuna da, gure ahalegina izaten da beste gune bat topatzea, beste espazio bat, beste giro bat denon artean. Bakarka uste dut batzuetan kantuak gailentzen direla bere soiltasun horretan, hitzak eta beste musikaltasun bat ere bai. Hori uste dut entzule naizen partetik.

Nire partetik aldaketa handia da, beste kontzentrazio modu bat... Kontuan hartuta normalean kantuak nik ontzen ditudala bakarka, niretzako guztiz naturala ere bada, nahiz urtetan ez naizen ausartu bakarka nahi nukeen bezala aterako ez zitzaidalakoan edo. Badut asmoa datorren urtean emanaldi batzuk bakarka egiteko.

Gero, kantu batzuk bidean geratzen direnez arrazoi batzuengatik, bakarka aritzean aukera izaten dut itxura aldatzeko eta berriro plazara ateratzeko.

Nola ikusten duzu gaur egun musikaren mundua? Kontzertu gutxiago izaten dira?
Oso orokorrean ezin daiteke esan. Norberak bere bidea jarraitzen du, eta oso perspektiba ezberdinetatik. Neguan ongi ibiltzen naiz, baina aspaldi udan apur bat atzera jo nuen. Ikusirik plazetako giroa asko aldatu dela eta ez nintzen kontent; ez dut esaten harrokeriaz, iruditzen zait herri honetan jaietako kontzertuak funtsezkoak izan direla eta direla, baina garai batean beste arreta batez antolatzen ziren gehienetan, beste ganora batez antolatzen ziren. Nahiago dut beste gune zainduago batean aritzea, nire kantuek iruditzen zait batzuetan hori eskatzen dutela.

Nahiko aldakorra da gure mundua, eta urte txar hauek denontzako izan dira, hortik ere pasatu gara lehenago, eta nik uste dut herri musikak beti topatuko duela bere bidea. Baina duintasunez aritzea eginkizun hauetan ez da erraza urteekin eta hori jakina da. Jendeak beti izango du zaletasun hori eta euskaraz aritzen garenontzat, iruditzen zait literaturan eta beste alor batzuetan bezala, eskaintza eskaera baino oparoagoa dela, aspaldian. Badabil talentu handiko jendea, batzuetan ez duena nahiko lukeen oihartzuna biltzen; baina hori da gure eginkizuna, eta horrela izan da beti.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!