Eskola Agenda 21ekin bat egin dute Altzoko Udalak eta eskolak

Tolosaldeko Ataria 2017ko mai. 26a, 16:52

Altzoko Imaz Bertsolaria eskolak aurtengo ikasturtean landu du Eskola Agenda 21 lehenengo aldiz, eta gaur bertan eman diote ekimen horri ofizialtasuna Altzoko Udalarekin batera sinadura ekitaldian.

Sinadurarekin konpromisoa hartu dute udalak eta eskolak Eskola Agenda 21 proiektua lantzeko. Altzoko alkateak eta eskolako zuzendariak sinatu dute dokumentua. Ekitaldi horrekin batera, udal foroa egin dute, hau da, ikasturtean zehar landutakoa azaldu diote ikasleek udaleko ordezkariei. "Bai ikastetxean eta bai herrian uraren inguruan zer arazo egon daitezkeen aztertzen aritu dira ikasleak, eta ateratako ondorioetatik konpromiso batzuk eta proposamen batzuk landu dituzte", azaldu du Oihana Orkolaga Tolosako Ingurumen Zentroko kideak.

Urrategi Perea da Altzoko eskolako agenda 21eko koordinatzailea, eta egitasmoan parte hartzea "beste pausoa bat" ematea izan dela azaldu du. Eskolan proiektuka egiten dute lan eta aurten Ama Lurra izan da jorratu duten gaia. "Agenda 21eko lanketa ondo joan da, ikasleak jator eta gogotsu aritu dira, interesarekin", esan du Pereak, eta udalari egindako proposamenak aipatu ditu: "Eskolan dauden putzuak konpontzea; eskola ondoan dagoen iturri baten jarioa ez da egokia ikusten eta ea hori konpondu daitekeen; eskolako komunetan zisternak-eta begiratzea; Altzo Azpiko parkean iturria jartzea eta ea Altzo Azpiko errota martxan jarri daitekeen".

Eskola Agenda 21ean sartzea "oso garrantzitsua" dela azaldu du Josu Astrain Ingurumen zinegotziak: "Gu konprometituta geunden lehendik ere udalean ingurumena behar den bezala lantzera eta hainbat ekimen bultzatzera herri osoan. Hau bat gehiago da, pentsatzen dugulako ere hezkuntza komunitateari zabaldu egin behar zaiola agenda 21, denok parte hartzeko". Ikasleen aldetik jasotako proposamenak aztertuko dituztela eta "ahal den heinean aurrera eramango" dituztela azaldu du Astrainek.

Datorren urtean eskualdeko eskola agenda 21ean aldaketa klimatikoa izango da landuko duten gaia. "Ikusiko dugu gure bizimoduak zer eragin duen ingurumenean eta zehazki kliman ikusten ditugun aldaketa hauek nondik datozen eta zer egin dezakegun horri aurre egiteko", esan du Orkolagak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!