Emakumearen sexualitateari tokia ematea

Imanol Garcia Landa 2017ko mai. 19a, 10:27

'Alu Ulu' antzerki-foroa egingo da gaur arratsaldean Batzarremuño aretoan.

Altzoko Udala herrian bultzatzen ari den Berdinbidean egitasmoaren barruan, gaur arratsaldean Arremanitz kooperatibak Alu Ulu antzerki foroa eskainiko du. 19:30ean hasiko da eta Batzarremuñoko aretoak hartuko du. Haizea Egiguren Arremanitz Kooperatibako kideak azaldu duenez, bi zati izango ditu tailerrak: «Aurreneko zatian, ordu erdi inguru irauten duena, bakarrizketa bat egiten du Saioa izeneko neska batek. Unibertsitateko lan bat egiteko sexu eta bikote aholkularitza batera joaten da, eta bere bizipenak eta sentipenak kontatzen ditu bere sexualitatearen inguruan. Kontakizunean pare bat bisita izaten ditu. Ondoren, bigarren zatian, foro bat egiten dugu guztion artean bakarrizketa entzunez sortu diren sentipen horiei arreta eskainiz, eta hausnartzen dugu emakumearen sexualitateari buruz».

Arremanitz kooperatibatik sexu hezkuntza, aniztasuna, parekidetasuna eta tratu onak sustatzen eta lantzen dituzte. «Hezkuntza komunitatean ari garela beti hutsune batekin egiten dugu topo, eta izan da emakumearen sexualitatea ikusteko eta sentitzeko dagoen moduarekin nolabait talka egiten dugula», esan du Egigurenek. Horrek testuinguru bat duela gaineratu du: «Indarkeriaz betetako jendarte batean bizi garenez, botere harremanak pil-pilean ditugu eta arlo erotikoan ere hori islatzen da». Gazteekin egiten dute lana eta ikusten dute rolak «oso banatuta» dituztela. «Noski, gazteak dira jendarte honen ispilua», esan du Egigurenek. «Ez da berdin izaten zakil bati buruz edo alu bati buruz hitz egiten dugunean». Horri guztiari buelta bat emateko ikusi zuten toki bat eman behar zitzaiola emakumearen sexualitateari, aluari, klitoriari, plazerari, eszitazioari, masturbazioari,... «Eta hori aniztasunetik kokatuta, goxotasunetik, plazeretik, eta ez horrenbeste beldurretik eraikita dugun karga emozionaletik», esan du Egigurenek. Ideia horretatik abiatuta sortu dute Alu Ulu antzerki-foroa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!