Parekidetasunari bultzada

Imanol Garcia Landa 2017ko mai. 11a, 12:00
Elkargunearen bilera Batzarremuñon. IXIAR CARABELOS

Berdinbidean programa gauzatzen ari dira ikasturte honetan Altzon: hitzaldiak, emanaldiak, tailerrak, emakumeen elkargunea... jarri dituzte abian

Parekidetasuna lantzeko beste pauso bat eman dute Altzon aurtengo ikasturtean. Lurdes Murua zinegotziak azaldu duenez, «gizarte langileak aldundiak duen Berdinbidean programaren berri eman zigun, bertan sartzea interesgarria zela esanez. Askotan erabiltzen dira matxistak diren joerak, eta horri aurre egin eta gaia jorratzeko aukera ikusten genuen udaletik programan sartuz».

Aurretik ere herrian egiten ziren ekimenak, «baina martxoaren 8ko egunera edo beste gai puntual batzuetara mugatzen ginen», esan du Muruak. Horrela, udaletik ikusi zuten interesgarria zela beste lanketa bat egitea, eta gazteekin, haurrekin eta helduekin aritzea. Bide horretan, udaleko teknikariek eta zinegotziek ere jaso dute prestakuntza aldunditik.

Berdinbidean programa diseinatzeko herriko emakume gazte eta helduagoekin elkartu ziren udaletik. «Hor gazteekin tailer batzuk egin genitzakeela ikusi genuen, eta helduagoek ere tailer batzuetan parte hartu zezaketela», esan du Muruak. «Bestetik, herrian egiten diren ekitaldietan, hitzaldiak eta emanaldiak, adibidez, genero ikuspegia jorratuz egin daitezke. Eta haurrak ere kontuan hartuz».

Hori horrela, lau tailer antolatu dira batez ere emakume gazteei begira, horietatik hiru dagoeneko egin direnak. Datorren astean, maiatzaren 19an, Alu Ulu antzerki foroa egingo da, hasieran antzezlan bat eginez eta gero tailerra. Emakumearen sexualitateari buruz izango da, emakumezkoei zein gizonezkoei zuzendua. Data zehaztu gabe badago ere, aurki ipuin kontaketa bat egingo da genero ikuspegitik, afrikar jatorriko emakume bat eta euskaraz ariko den beste batekin. Haurrei zuzendua izango bada ere, gurasoak ere bertan egotea gomendatu dute.

Udazkenetik aurrera ere egingo da beste topagune bat parekidetasunari buruz, eta azaroaren 25aren inguruan ere antolatuko dituzte ekitaldiak. Bestalde, datorren ikasturtean ere gizonezko gazteentzat maskulinitate tailer bat antolatzea pentsatzen dute.

Programaren barruan ere, martxoaren 8aren inguruan egindako bertso-antzerki emanaldia aipatu du Muruak, eta emakumeen afaria aurten aurreneko aldiz gazteek parte hartu dutela nabarmendu du.

EMAKUME GAZTEEN TALDEA

Tailerrak egiteko udaletik jasotako proposamena gogoz hartu zutela dio Nerea Laso gazteak: «Gainera, bultzada bat ere izan zen tailer horiez aparte gu ere biltzen hasteko». Taldea sortu dute eta tarteka biltzen dira 14 eta 24 urte bitarteko emakumeak. «Elkar gehiago ezagutzeko aukera bat izan da eta beste gai batzuk jorratzeko, eta bide batez, gure artean emakume bezala zertan lagundu ahal garen ikusteko».

Oihane Artola gazteak azaldu duenez, «esparru ezberdinetan egon arren, errealitate berdina partekatzen dugu eta gauza askotan oso ondo ulertzen gara elkar». Enpatia ere lantzen dutela diote. «Emakume bezala jasotzen ditugun eraso eta zapalkuntzen aurrean elkar babestu eta horri nola aurre egin daitekeen partekatzeko balio digu», gaineratu du Artolak.

Josebe Iturriozekin eta Kattalin Minerrekin hiru tailer egin dituzte. Lehenengoa indarkeria sexistari buruzkoa, bigarrena feminismoaren historiari buruzkoa, eta azkena, orain gutxi, meme feminista eta sare sozialei buruzkoa. «Teoria eta praktika lantzen dira, eta oso baliagarriak dira gure burua janzteko», esan du Lasok. «Gero taldean gure kabuz elkartzen garenean tailer hauetatik jasotakoa oso baliagarria egiten zaigu hausnarketa berriak bultzatzeko».

Azken tailerrean, sare sozialen mundua eta egunerokotasunaren arteko paralelismoak ikusi zituzten. «Jendarte honetan emakumeok jasaten ditugun zapalkuntzak sare sozialetan ere ematen dira», esan du Lasok. Artolak gaineratu duenez, «sare sozialen inguruan jendartetik beldurra sortarazten digute, esanez kontuz ibili behar dugula zer igotzen dugun, ez bagenu bururik izango bezala. Bestalde, umorea gure alde erabiltzen ikasi behar dugula ere landu genuen». Muruak azaldu duenez, «sarea ere gizonezkoek kudeatzen dute, eta jakin behar dugu gure espazioa hartzen».

Ekainean egingo da hurrengo tailerra, eta gaia ez badago ere guztiz zehaztuta, sorginkeriaren inguruan egitea eskatu dute emakume gazteek, Euskal Herriko historia, akelarreak, sorginak, inkisizioa... lantzeko.

ELKARGUNEA

Emakume gazteen taldea elkartzen hasi zenean, proposamen bat egin zioten udalari. «Herri txikia izanda, iruditzen zitzaigun beste adinetako emakumeekin elkartzea interesgarria zela. Azken finean egoera ezberdinak bizitzen ditugulako, arlo ezberdinetan gabiltzalako, eta interesgarri zela ikusi genuen bizipen horiek elkarbanatzea», esan du Lasok. Horrela, elkargune bat jarri da martxan.

Muruak nabarmendu du elkargunea baliatu zutela «ikusteko nola ulertzen genuen, adibidez, matxismoa eta feminismoa pertsona gazte batek eta pertsona helduago batek; edo zer pentsatzen genuen mikromatxismoari buruz edo berdinzaleak garen ala ez». Artolak gaineratu duenez, «eztabaida dezente izan genuen, batez ere gaur egun feminismo hitzak duen zentzuaz».

Adin ezberdinetakoak elkartzean ikuspuntuak asko aldatzen direla nabarmendu du Lasok. «Horrelako gehiago egin behar direla pentsatuz atera ginen elkargunetik. Azkenean prozesu baten moduan izan daiteke. Hau da, nola ginen orain sei hilabete, eta gero ekintza ezberdinak egin ondoren nola gauden. Ikustea taldeak zer eboluzio egin duen».

 

HURRENGO EKITALDIAK

Maiatzak 19, ostirala

19:30. Alu Ulu antzerki foroa, Batzarremuñon.

Ekainak 10, larunbata

Emakume gazteei zuzendutako tailerra. Gaia oraindik zehaztu gabe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!