Euskarari oxigeno gehiago emateko

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 10a, 08:00
Uemak Legorretan euskararen arnasguneei buruz emandako tailerraren une bat. UEMA

Herritarren parte hartzea eskatu dute datorren astean arnasguneei buruz Uemak antolatu duen tailerrerako.

Arnasguneei buruzko tailerra emango du Uemak datorren asteazkenean, hilaren 15ean, Altzon. Udaletxeko ekintza aretoan izango da, 19:00etan hasita, eta herritar guztiei irekita dago. Eneritz Albizu Uemako teknikariak azaldu duenez, bi helburu ditu tailerrak: «Batetik, herritarrak kontzientziatzea eta aktibatzea, eta horretarako arnasguneen izaera eta garrantziaz, eta hiztunek duten arduraz eta horrelako gaiez pentsarazten saiatuko gara, herritarrekin batera. Bestetik, herriaren diagnostikoa egiten dugu, ikusteko zer ahulgune eta indargune dauden herrian eta horiek zein ekintzekin erantzun daitezkeen, edo nola eragin dezakegun egoera horretan».

Tailerraren dinamika «oso arina» dela azaldu du Albizuk: «Batez ere hitz eginez, eta iritzia emanez egiten dugu lana. Guk beti kontuan hartzen dugu herritarrak direla bere herriari buruz gehien dakitenak, eta ekarpen onenak egin ditzaketenak. Uematik egiten duguna gehiago da gidari lanetan aritzea. Hasieran aurkezpen bat egiten dugu, gaia planteatu eta gero taldeetan hutsuneak identifikatu, eta ariketa ezberdinen bidez hutsune horiei nola erantzun ikusi».

Edonork hartu dezakeela parte dio Uemako teknikariak: «Euskararekin kezka bat duen edonork edo ekarpen bat egin nahi duen edonork. Kontuan izan behar da helburua dela herriko diagnostiko hori egitea, eta gero eta jende gehiago bildu, orduan eta osoagoa izango da. Guk animatzen diegu herritar guztiei etortzera».

Arnasguneen garrantzia

Euskararen arnasguneak euskaraz bizi diren herriak direla dio Albizuk, «belaunaldiz belaunaldi transmititu delako hizkuntza herri horietan. Gune hauetan esaten dugu euskara dela nagusi, eta ez duela beste hizkuntza batzuen mehatxua sentitzen. Hori ekarriko bagenu naturara, esango genuke Amazonia dela mundu honetako naturari oxigenoa ematen diona, eta arnasguneak direla euskarari oxigenoa ematen diotena». Uemak arnasguneekin egiten du lana, «sinesten dugulako beharrezkoa dela gune hauek bizirik mantentzea baldin eta euskara beste txoko batzuetara helduko bada, edo euskararen normalizazioa etorkizunean lortuko badugu. Tolosaldea bera esan dezakegu orokorrean badela arnasgune bat».

Tailerrean euskararen inguruko Altzoko datuak ere azalduko dituzte. Eusko Jaurlaritzak argitaratu dituen datu berrienak 2011koak dira. Horien arabera, 2011n euskararen ezagutza %86,6koa zen Altzon, eta garapenari begiratuz gero, 1991tik gutxi gorabehera bederatzi puntuko jaitsiera izan du. Euskara ama hizkuntza moduan etxetik jaso dutenak %79,4koa ziren 2011n, eta azken 20 urteetan 15 puntuko jaitsiera izan du. Etxeko hizkuntza %72koa zen 2011n eta 21 puntuko jaitsiera izan du.

Egun euskara ikasteko aukera eskaintzen da Altzon, udalak eta Uemak bultzatuta. «Uematik uste dugu euskalduntzea oinarrizko eskubidea dela», esan du Albizuk. «Uste dugu herritar denek izan behar dutela aukera, baita udalerri txikietan ere». Uemak kanpaina berezia egiten du ikasturte hasieran, horrelako herrietan taldeak sortzeko. Tolosaldean, Altzon ez ezik, Alegian, Ikaztegietan, Lizartzan eta Berastegin ere sortu dira euskara ikasteko taldeak. «Arnasguneek euskararen gotorleku izaten jarraitu dezaten beharrezkoa da zerbitzu hori», dio Albizuk eta gaineratu du Uematik «doakotasunaren aldeko apustua» egiten dutela. «Gainera uste dugu horrelako udalerri txikietan positiboa dela herriaren garapenerako, azkenean beste zerbitzu bat delako herrian bertan jartzen duzuna, eta horrek ere bizia eta giroa sortzen du herri txikietan».

Euskararen erabilera bultzatzeko, udalak zein beste erakunde publikoek, eta herritarrek ere «ardurak edo esku hartzeak egiteko aukera» dutela dio Albizuk. «Orain arte egin den bezala, herritarren aldetik beharrezkoa da gure hizkuntzari heltzea eta eguneroko tresna bezala ikustea. Eta belaunaldiz belaunaldiko transmisioari eustea». Udalei dagokionez, «euskararen normalizazioan bidea egiterakoan neurri aurrerakoiak hartzea» dagokiola diote Uematik. «Euskara zeharkako gai bat bezala hartzea: arlo guztietan landu behar den gai bat bezala, ez dadin euskara izan bulego batean itxita dagoen gai bat, baizik denean eragingo duena».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!