«Saio hau egitea, nire partetik harriarekiko zor bat kitatzea bezala da»

Imanol Garcia Landa 2017ko ots. 15a, 10:34
Iñaki Perurena, Zizurkilen, Paskualtxoren omenaldian. SARA GOMEZ

Harri-jasotzaile moduan beste etapa bat zabalduko du Iñaki Perurenak, harriarekin duen lotura emanaldi batean erakutsiz. Altzon egingo du saioaren estreinaldia.

Iñaki Perurenak Harria. Maitasun istorioa emanaldia eskainiko du Altzoko Batzarremuño aretoan, otsailaren 17an, 19:30ean. Korrika Kulturalaren barruan kokatzen da ekimena.

Nola aurkeztuko zenuke saioa?

Nire bizitzan harria bidelagun izan dut. Berrogeita gehiago urtean harria jasotzen aritu naiz. Bizitzan etapak izaten dira, eta badirudi etapa hori bukatu zela, baina harriarekin jarraitzeko gogoa nuen, eta buruari buelta dezente emanda, lantxo bat prestatu dut, ustez berritzailea dena. Jaso-harria ondoan izango dut, harria jasoko dut, eta harri horrekin egindako bidea nolakoa izan den pixka bat kontatuko dut. Harri hori gizakiaren bidelagun nola izan da milaka urteetan, harri hori nola bihurtzen den metafora, besteetan bide, besteetan ikasgai, gogoeta... Bertso batzuk kantatuko ditut, harriari eskainitako poesia batzuk... Horrela osatuko dut nire saioa.

Azaldu duzuna, bertso eta poesiak tarteko, zuk zeuk sortutakoak dira?

Bai, eta gainera bertso hori zer egoeratan eta zergatik, eta horren balioa zertan ote dagoen ere azalduko dut. Beharbada, ni nengoen egoera hartan aurkitu nuen bertso baten tokia edo premia, eta saiatu nintzen hori osatzen. Telebistako saioetan izan naiz harriarekin, eta han ere bertsoak nola abestu ditudan edo Argentinan izan nintzenean, edo harriari berari eskainitako bertso batzuk orain dela urte batzuk egindakoak. Dena garaian garaiko azalpenekin.

Berritzailea dela esan duzu.

Antzezle batek beste baten gidoia hartu eta antzeztu egiten du. Gidoia hemen badago, eta neronek egin dut, edo nire bizitzako urteetako bideak egin du. Kirolariei, herri kirolean gabiltzanoi, elkarrizketak egin zaizkigu, baina uste dut berritzailea izango dela kirolari horrek berak bere kontuak esatea, bere barrutik ateratako kontuak publikoari esatea.

Harria eta indarra beti lotuta izan da, indartsuen kontu bat bezala ikusi da harri-jasotzea. Emanaldi honekin beste buelta bat ematea zaio irudi horri?

Nik harria bidelagun dut. Harri horrekin batera eta bestera ibili naiz. Norbaitek esan dezake broman nire harrikada dela. Euskal Herrian harriarekin egin dugu jaso-harriaren berezitasun hori.

Emanaldiaren estreinaldia izango da Altzon.

Aurreko urtean egin nituen proba batzuk. Niretzako plaza izan da nire tokia betidanik, baina ikusten dut saio honetarako plaza oholtzaduna izan behar duela, aretoa behar duela, hara doanak jakin behar duela zertara doan, eta patxada eta isiltasuna behar da. Horregatik uste dut areto batean egiteko saioa dela. Emanaldi osoa, nik nahi dudan bezala, Altzon egingo dut lehendabizi.

Zer eman dizu harriak zuri?

Dena. Harriak dena eman dit, eta askotan kezka edukitzen dut ez ote diodan zegokion eta merezi zuen arreta eskaini. Badakizu, beti lanaren kultura izan da, eta lana izan dela aurrena egin beharrekoa, eta gero gerokoak. Harriak hainbeste emanda, saio hau ematea nire partetik harriarekiko zor bat kitatzea bezala badela.

Harria bera maitatzeko gai da?

Harria gauza zabala da, eta harrien erabilera hainbat dira, baina harrian ez dago alde hori, baizik harri hori hartzen duen eskuan edo sentitzen duen bihotzean edo ikusten duen begian.

Uste duzu euskaldunok harriarekin lotura berezia dugula?

Noski, hemen berezitasun batzuk badira, baina harria munduko kultura guztiek landu duten zerbait da, eta edonora goazela harri landua hortxe dago eta hortxe ikusten dugu. Harrizko aizkorak orain milaka urte toki guztietan egin ziren, kobazuloetan babestu da jendea, trikuharriak ere hainbat tokitan egin dira... Harriak asko eman digu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!