Olentzero Jakinminez azken txanpan

Ataria 2016ko abenduaren 17a

Azken txanpan da aurtengo Olentzerotan Jakinminez ekitaldi jasa. Herenegun Altzon izan zen Unai Agirre sagardozaleen jakinmina asetzen. Atzo, berriz, Loatzo musika eskolako herriko musikari eta kantariez gozatu zuten, eta teknologia berrien alde on eta arriskuez aritu zitzaien Mikel Etxarri.

Ostegunean Elordi elkartean sagardozaleek hainbat sagardo mota berri eta herritar batzuk egiten dituzten sagardoak dastatzeko aukera izan zuten Elordi Elkartean, mokadu bat janez eta Unai Agirre adituaren azalpenak entzunez.

Atzo, berriz, Loatzo musika eskolan ari diren herriko musikari eta kantari gaztetxo eta gazteak izan ziren protagonistak elizan. Eliza bete-bete egin zen jendez, musika tresna ugariren doinuez, eta ahots gazte afinatuez. Oso ekitaldi polita eta etxekoek eskainia izan zenez, barruak astintzen zituena.

Bukatzeko, Mikel Etxarri izan zen kultur etxean. Internetaren onurak eta arriskuak izan zituen hizketagai. Adibide ugari jarri zuen ikus-entzunezko dokumentalen bitartez eta behar ziren azalpenak emanez ikusteko zein agerian uzten gaituzten sarera konektatutako ordenagailu eta telefonoek. Oso aurrerapen ona dira, baina burutsu erabiltzekoak.

Gaur, larunbata, emango zaie amaiera aurtengo ekitaldiei. Gaztexoenek "Olentzero eta bere laguna" ezagutzeko aukera izango dute eta euskal mitologiara hurbilduko dira arratsaldean. Elordi Elkartean egingo den talo eta gaztain janak itxiko du, urtero bezala, aurtengoa ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!